euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Zer sentitzen dute euskal nerabeek suge bat ikusten dutenean?

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/15

Argazkia: Ander Izagirre. Aranzadi Zientzia Elkartea

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek Euskal Herriko nerabeek sugeekiko duten pertzepzioari buruzko ikerketa bat publikatu berri dute nazioarteko zientzia aldizkari batean. 'Journal of Biological Education' aldizkarian argitaratutako ikerketak agerian utzi du, beste behin, bertako espezieei buruz dagoen ezagutza urria. Eta era berean, biodibertsitatearen galerari aurre egiteko, gizartean fama txarra duten animalia taldeei, sugeei kasu, hezkuntzatik heltzeko beharra.

2024ean Aranzadiko Iñaki Romero-Iraola, Iñaki Sanz-Azkue, eta EHUko Joserra Díez eta Oihana Barrutia ikertzaileek Euskal Herriko nerabeek sugeei buruz duten ezagutza, dituzten emozioak, jarrerak eta jokaerak aztertzeko hezkuntza ikerketa bat jarri zuten martxan. Euskal Autonomia Erkidegoko sugeen ia erdia babestuta dagoela jakinik, ikerketa lurralde horretako 6 ikastetxetan egin zen, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako, 15-16 urteko 640 ikaslerekin.

Ikasleekin egindako frogak nazioarteko hainbat ikerketetan oinarritutakoak izan dira eta ateratako emaitzak oso argigarriak. Sugeekiko duten pertzepzioari buruz, emozioei heldu zitzaien lehenik eta behin, eta horretarako, ikasleek “suge” hitza entzutean burura etortzen zitzaien lehen hitza idatzi behar izan zuten. Bertan ikusi den moduan, esanahi neutroko “animalia” (%17,7) eta “narrastia” (%6,6) bezalako hitzekin batera, “pozoi” hitzarekin lotu du %15ak eta “kobra” hitzarekin %6ak. Azken bi hitzek agerian uzten dute, nerabe askok lotura zuzena egiten duela sugearen eta pozoiaren artean, ikasleak bizi diren inguruan zazpi suge espezieetatik bakarra den arren pozoitsua. Bestalde, badira sugea kanpoko espezie batekin lotzen dutenak ere, bertako espezieen erreferentzia galtzen ari den seinale.

Ezagutzari dagokiolarik, ikasleei burura zetozkien suge espezieak izendatzeko eskatu zitzaienean, aipamenen %8a baino ez dagokie bertako espezieei. Izendapenen %87ak, alabaina, kanpoko espezieei dagokie. Horren erakusgarri, 419 ikaslek (%65) “Kobra” izendatu du eta 279k “Anakonda” (%44). Horiez gain, nabarmentzen dira “Pitoia” (%40) eta “Kriskitin-sugea” (%30). Lehenbiziko bertako sugea aurkitzeko aipamenen seigarren lekura joan beharko genuke: 115 ikaslek, alegia, %20k baino gutxiagok izendatu dute sugegorria. Bertakoen artean, pozoitsua den bakarra, alegia. Proba bera suge argazkiekin egitean, emaitzak oso antzekoak atera dira, kanpoko sugeak identifikatu baitira gehien.

Sugeei buruzko informazio iturriei dagokielarik, ordea, %76ak interneta eta hedabideak (%53) aipatu dituzte. Familiatik sugeei buruzko ezagutza jaso dutenak, ordea, %21 baino ez dira, eta eskola informazio iturri dela %17k baino ez du esaten.

Ikerketak, bestalde, agerian utzi du ezagutzaren, bizitokiaren eta ikasleak naturan egiten duten maiztasunaren arteko erlazioa. Izan ere, herri txikiagoetan bizi diren ikasleek bertako suge espezie gehiago ezagutzen dituztela frogatu da beste behin eta naturara gehiago joaten direnek ere ezagutza handiagoa dute.

Belaunaldi gutxian, beraz, inguruko naturako elementuei buruzko informazioa naturan bertan izandako esperientzien bidez eta ahozko transmisioaren bidez jasotzetik internetetik eta telebistatik jasotzera pasa da, senideak bigarren maila batean gelditu diren bitartean.

Pantailaren beste aldetik datorren sugeen informazio gehiena espezie exotikoei buruzkoa izan ohi da eta askotan, suge pozoitsuetan eta handietan fokua jarriz, haien arrisku izaera nabarmenduz. Hala, ez da harritzekoa, ikasleek emandako izen gehienak ezaugarri horiekin bat egiten dutenak izatea.

Ikasleen %20ak baino ez du adierazi ez diola beldurrik sugeari

Ez ezagutzatik beldurrerako bidea motza izaten da eta, ikasleen %20ak baino ez du adierazi ez diola beldurrik sugeari. Gainerako %80ak beldurra duela aitortu du eta horietatik %15ek oso beldurtuta edo zeharo beldurtuta sentitzen dela azpimarratu du.

Jarrerek eta emozioek, era berean, eragina izan ohi dute pertsonaren jokaeran. Ikasleen %36ak sugea ikusiz gero korrika alde egingo lukeela aipatu du eta %28,6ak utzi egingo lukeela. %5,8ak animalia hil eta bertan utziko lukeela adierazi du.

Datuak generoaren galbahetik pasata, arreta deitzen duen gaia da, haien burua neskatzat eta mutiltzat dutenen arteko konparaketan sugeekiko emozioei eta jarrerei buruz dagoen ezberdintasun nabarmena. Estatistikek argi eta garbi erakusten dute mutilek suge ezagutza handiagoa dutela, sugeen funtzio ekologikoa aintzat hartzen dutela eta jarrera positiboagoak dituztela horiekiko. Nesken kasuan, alabaina, beldurra eta nazka nabarmentzen dira eta ezagutza urria.

Emozio ezberdintasun honek bide interesgarria irekitzen du etorkizuneko ikerketetarako. Izan ere, askotan kulturari loturiko arrazoiekin lotu da sugeekiko jarrera eta biologiaren pisua txikia dela adierazi izan da. Ikerketan ateratako emaitzek, ordea, estatistikoki oso esangarriak diren ondorioak atera dituzte eta generoen arteko ezberdintasun nabarmenak azaleratu dira.

Hezkuntzako derrigorrezko ibilbidearen amaieran diren nerabeekin ateratako emaitzak ikusita, EHUko eta Aranzadiko ikertzaileek egindako lanak agerian utzi du bertako espezieetan eta biodibertsitatearen gaian hezkuntza arloan sakontzeko beharra, eta era berean, gizarte mailan fama txarra duten animaliei arreta jartzeko premia. Egindako lanak, bat egiten du nazioartean ikusten ari den joerarekin, non kanpoko espezieen ezagutza bertako espezieen ezagutzari gailentzen ari zaion. Ikerketan parte hartu duten zientzialariek, haien lanean, “Exotic Species Sorpasso” edo “Espezie Exotikoen Aurreratzea” izendapena erabiltzea proposatu dute gertakari hori izendatzeko.