Enplegagarritasun Plana

UPV/EHUren helburuen artean dago “kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea”. Unibertsitateak apustu egin du tituluen gaitasunak alor profesional errealetan garatzearen alde, eta indartu egin ditu horretarako Prestakuntza Duala, kanpoko praktika akademikoak (curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak) eta erakundeei nahiz enpresei lotutako Gradu Amaierako Lanen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego Tesien garapena, UPV/EHUk 2018-2021 urteetarako egin duen plan estrategikoko ekintzek aurreikusi moduan. Gainera, beste hainbat ekintza ere egin dira: hala nola enplegu foroak antolatzea elkarlanean administrazio publikoarekin, enpresa eta gizarte erakundeekin (elkarteak, fundazioak, GKEak, etab.), tituludunen laneratzea errazteko.

Testuinguru horretan, UPV/EHUko ikasle eta tituludunentzako I. Enplegagarritasun Plana (2020-2023) egin da, lankidetza prozesu baten emaitza izanik, gogoetan eta proposamen partekatuetan oinarritua, eragile ugariren ekarpenekin: Praktiken eta Enplegagarritasunaren Zuzendaritzako langileak —esperientzia handia dutenak unibertsitateko ikasleen eta tituludunen lan orientazioan eta kanpoko praktiken kudeaketan—, hiru campusetako errektoreordetzetako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzakoak, ikastegietako gradu eta graduondoko tituluen praktika programen arduradunak, eta eskoletan eta fakultateetan ikasleen enplegagarritasuna sustatzeko egiten diren jardueren arduradunak.