Gaurkotasuna

Enplegu Foroaren 4.edizioa

Lehenengo argitaratze data: 2013/12/09

Gasteizko Enplegu Foroa Lascaray Ikergunean egingo da, abenduaren 12an eta 13an

Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak antolaturik, Gasteizko Enplegu Foroaren 4. edizioa egingo da abenduaren 12an eta 13an, Lascaray Ikergunean. Bi erakundeek beren eskumenen barruan enplegua sortzeko garatzen ari diren ekimenetako bat da hori. Gasteizko Udaleko Enplegu zinegotzi Ainhoa Domaicak eta Arabako Campuseko erretoreorde Javier Garaizarrek aurkeztu dituzte gaur Foroari buruzko xehetasunak.

Enplegu Foroa egun osoz (9:30etik 21:00etara) egongo da zabalik ostegunean, eta goizez bakarrik (09:00 -15:00) ostiralean, hilak 13. Jarduerak zazpi ataletan sailkatu dira: enpresa sektorea, ekintzailetza eta autoenplegua, bekak eta praktikak, ikastetxeetarako lanbide orientabideak, enplegagarritasuna hobetzeko lantegiak, gazte ekimenak eta enplegu gunea.

Gasteizko Udaleko Enplegu zinegotzi Ainhoa Domaicak zehaztu duenez, lehenengo atalean 10 enpresak giza baliabideen alorrean eta langileak hautatzeko dituzten estrategiak azalduko dizkiete bertaratuei. Michelín, Mercadona, El Corte Inglés, Leroy Merlín, Loramendi, Altrán, Crs Channel, Artepan, Bacalao Giraldo eta Udapa enpresek "eskatzen dituzten lanbide profil berriak azalduko dituzte Gasteizko Enplegu Foroan, hautagaiek bete beharreko baldintzak, mantentzeko edo epe laburrera edo ertainera hedatzeko planak, eta plantilla handitzeko beharrak".

Ostegunean, hilak 12, aurkezpen hauek egingo dira: Loramendi (13:00), Artepan, Bacalao Giraldo eta Udapa (15:30), Altrán (17:00) eta Crs Channel (18:00). Lascaray eraikineko bideo-konferentzien aretoan egingo dira aurkezpen horiek. Ostiralean, hilak 13, beste hauen txanda izango da: Leroy Merlín (9:00), Mercadona (10:00), El Corte Inglés (11:00) eta Michelín (12:00). Horiek Letren Fakultateko ekitaldi aretoan izango dira.

"Edizio honetan tresna eta zerbitzu erabilgarriak eskaini nahi dira, bai eta goraka ari diren sektoreei eta enpresei buruzko informazioa ere, enplegua sustatzeko baliabide publiko eta pribatuak ezagutarazteaz gain. Enpresa eta pertsonen arteko topaketa erraztu nahi dugu, interesdunek zuzenean ezagutu dezaten zein lanbide profil ari diren enpresa horiek eskatzen, eta nola egiten duten lan barrutik", zehaztu du Ainhoa Domaicak.

Arabako Campuseko erretoreorde Javier Garaizarrek azaldu duenez, enplegagarritasuna hobetzeko lantegien atalean guztira bi orduko 10 lantegi praktiko izango dira, "gaur eguneko lan merkaturako gaitasun erabilgarriak, interesatuta daudenentzat". Besteak beste gai hauek landuko dira: enpresek eskatzen dituzten trebetasunak, nola sortu curriculum vitaea, sare sozialak enplegua bilatzeko tresna eraginkor gisa, edo bila ari zaren lana lortzeko salmenta teknikak. Lekuak mugatuak dira, eta izen-ematearen hurrenkeran beteko dira. Abenduaren 8ra arte egongo da epea zabalik.

Ekintzailetza eta autoenpleguari eskainitako atalean, hilaren 13an (ostirala), 10:00etan, hirian ekintzaileei laguntzeko dauden baliabideen berri emango dute hainbat erakundek: CEIA, Ajebask, Merkataritza Ganbera, Gasteizko Udala eta EHU. Ostiralean bertan, 11:30ean, EHUk Think Big saria emango du, eta LEINN gradua (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza) aurkeztuko.

Beka eta praktikei buruzko atalean, hilaren 12an (osteguna), 11:30ean, baliabide hauek aurkezteko mahai ingurua izango da: Becas Santander, Becas EPEZ-Leonardo, Becas Global Training eta EURES Trabajo en Europa.

Hilaren 13an, 12:00etan, "GPS Proiektua: berdintasunerako lanbide orientabidea" programaren 2013/14 ikasturterako kanpaina aurkeztuko da, eta 2012/13 kanpainaren laburpena egingo. Horren barruan, V. GPS saria emango da, ikastetxeek lanbide orientazioan egindako lana eta erakutsitako inplikazioa aitortzen duena.

Gazte ekimenen atalean, ostegunean, 12:00etan, mahai ingurua izango da: ikuspegi ezberdinak dituzten zenbait gaztek beren esperientziak azalduko dituzte.

Azkenik, enplegu gune bat ere izango da, baliabide informatikoz eta teknikariez hornitua, interesdunei enplegua bilatzeko baliabideei eta haiek eskuratzeko moduei buruzko informazioa eta aholkularitza emateko. Ordutegi hau izango du: ostegunean, 9:00etatik 21:00etara; ostiralean, 9:00etatik 15.00etara.

Enplegu Foroaren edizio honek hiru helburu nagusi ditu: tresna eta zerbitzu erabilgarriak eskaintzea lan merkatuaren oraingo egoerari aurre egiteko, lurraldean goraka ari diren sektoreei eta plantilla handituko dutela aurreikusten den enpresei buruzko informazioa ematea, eta enplegua sustatzeko baliabide publiko eta pribatuak ezagutaraztea baliabide horien beharra izan dezaketenei.

Antolatzaileek, Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako Campusak, % 50 finantzatuko dute, Europako Gizarte Funtsaren Euskadi 2007-2013ko programa eragilearen baitan.

Argibide gehiago www.empleo-gune.org helbidean.