2. EPAIMAHAIKIDE IZATEKO BALDINTZAK
1. Epaimahaikide izateko eskaera irakasle bakoitzari dagokion taldearen arabera egingo da:
A. BHI publikoetako irakasleak. Ezinbestekoa izango da BHI publikoetako irakasle diren kideek eskaeran adierazitako irakasgaia maila berean (batxilergoko 2. mailan) eman izana 2025/2026 ikasturtean, eta/edo 2024/2025 eta/edo 2023/2024 ikasturteetan.
Hori egiaztatzeko, Unibertsitatera Sartzeko Zuzendaritza harremanetan jarriko da irakasle eskatzaileari dagokion BHIko zuzendaritzarekin eta/edo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. Ikastetxean emandako irakasgaia (eta maila) eta USAPen zuzendu nahi dena bat ez badatoz, eskaerak (printzipioz) atzera botako dira.
B. EHUko irakasleak. EHUko irakasleei irakasgai bat esleitzeko, kontuan izango da irakaslea zein saili dagoen atxikita eta/edo zer prestakuntza akademiko duen eta zer ibilbide duen kasuan kasuko irakasgaiaren irakaskuntzan. Zuzentzaileei inola ere ez zaie irakasgai bat esleituko, baldin eta batzorde honen arabera hartarako nahikoa kualifikazio ez badute.
2. Gai bakoitzari lotutako premien eta emandako irakasgaien arabera aukeratuko dira epaimahaietako kideak, kontuan hartuta bai maila (BHIetako irakasleen kasuan), bai akreditatutako gaitasuna (EHUko irakasleen kasuan) eta bai, aurretik epaimahaietan parte hartu dutenen kasuan, egiaztatuta daukaten esperientzia eta diligentzia.
3. Hizkuntzak. Probek iraun bitartean ikasleek arreta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan (euskaraz eta gaztelaniaz) jasoko dutela bermatzeko, eta ariketen ebaluazioa bi hizkuntzetan zuzen eta orekatua izango dela ziurtatzeko, USAPen 2026ko deialdian sortzen diren epaimahai guztiak elebidunak izango dira; ondorioz, oro har, kideek bi hizkuntza ofizialak menperatu beharko dituzte.
Salbuespen modura, elebitasunari dagokion baldintza indargabetu ahalko da, baldin eta:
Kideak hizkuntza bati dagokion azterketa zuzentzeko hautatuak badira (frantsesa, portugesa, italiera, alemana, ingelesa eta gaztelania).
Kasuan kasuko irakasgaian ikasleen bolumena handiegia bada eta, gutxienez, hizkuntza koofizial biak menperatzen dituen beste zuzentzaile bat badago epaimahai berean.
Bestalde, ikasleek (ingelesa irakasgaitik kanpo) ingelesez erantzun dituzten gaietako ariketak zuzentzeko, USAP proben antolatzaileek bermatu egingo dute (kasuan kasuko epaimahaiari atxikita) zuzentzaile nahikoa egongo dela ingeleseko C1 maila duena (eta, behar izanez gero, ezagutza hori egiaztatu dezakeena).