Adituen txostenak adituek epaiketa batean froga gisa aurkezteko idazten dituzten dokumentuak dira.Oso teknikoa den gai batean bi alderdi auzitan dabiltzanean, epaiek, fiskalek eta abokatuek erabiltzen duten froga nagusietako bat adituen txostenak izaten dira.Txosten horien helburua, alderdiek ez dutela zertan ezagutza espezializaturik izan behar kontuan hartuta, kasuaren alderdi teknikoenak alderdiek ulertzeko moduan azaltzea da.Ordain ekonomikoa jasotzen dute aditu edo peritu horiek txostenak idazteagatik eta alor batzuetan badira peritu profesionalak ere.
Unibertsitateko irakasleek estimazio handia dute aditu gisa, arrazoi bat baino gehiagogatik.Hasteko, ez da hori haien lan nagusia eta, beraz, haien sostengu ekonomikoa ez dago lan horren mende eta horrek sinesgarritasuna ematen die.Bigarrenik, ezagutza sakonak eskaintzen dituzte arlo teknikoari buruz eta gaitasun didaktiko handia izaten dute arazoa ulergarri egiteko.Eta hirugarrenik, gai konplexuei edo aurretiazko estandarrak ezarri gabe dituzten gaiei buruzko txostenak egiteko gai dira.
Adituen txosten asko patenteen edo industria-gaien ingurukoak izaten dira, baina abokatuek eta epaitegiek askotariko aditu-frogen bila jotzen dute unibertsitatera.Hona zer kontatu digun Euskoiker Fundazioko Aitziber Condek: “Duela gutxi, zoologiaren eta biologia zelularraren arloko informazio-eskaera bat jaso genuen, etxe partikular bateko altzariei lotutako artropodoak identifikatzearen inguruko txosten bat egiteko.”Ia edozein jakintza-arlori buruz egin liteke aditu-txostena, baina egia da batzuk besteak baino ohikoagoak direla.
Euskoiker Fundazioaren bidez, EHUko irakasleek gisa horretako txostenak idatz ditzakete, ezagutza transmititzeko egiten dituzten bestelako jarduerak bezalaxe.Bezeroak enpresak edo partikularrak izaten dira; gai jakin bati buruzko txostena egiteko eskatzen dute, ondoren, epaiketa batean froga gisa erabiltzeko.Jarduera honi buruz egin ohi diren galdera batzuei erantzungo diegu orain.
Alor batzuetan, esaterako gorputzeko kalteak baloratzeari lotutakoan, peritu-lana erabat profesionalizatuta eta estandarizatuta dago.Zenbait taula erabiltzen dira, beraz, oso zentzuzkoa da txostena unibertsitateko aditu bati eskatzea.Unibertsitatera iristen diren peritu-lanak oso kasu konplexu edo espezifikoei lotutakoak izaten dira, aurretiazko estandarrik ez dutenak.
Norberto López de Lacalle, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko katedradunak kontatu digu industriaren arloan, “aditu-txosten gehienak lau taldetan bana daitezkeela: patenteak betetzeari, ez betetzeari edo horien baliozkotasunari buruzko txostenak, hornitutako makineria jakin baten eskakizunak ez betetzeari buruzkoak, lege-araudiak betetzearen ingurukoak eta laugarren taldean, auzitegiko ingeniaritza edo ezbeharrak argitzeari lotutako txostenak".
Talde horietatik ohikoenak patenteei eta industria-jabetzari lotutakoak izaten dira.Patentea Estatu batek produktu edo teknologia berri baten asmatzaileari asmakuntza hedatzearen truke ematen dion eskubide esklusiboen multzoa da.Patenteetan, normalean, epe mugatu bat ezartzen da eta epe horretan asmakuntzaren ustiapen komertziala titularrak izaten du esklusiban.Arazoak sor daitezke patente baten titularrari iruditzen bazaio bere eskubideak urratu direla edo, alderantziz, indarrean den patente bat erabili nahi duen enpresa bat saia daiteke patente hori ez dela baliozkoa edo haren ekoizpen-prozesuan ez duela patentea erabili frogatzeko.
Patente batek, legez babesgarria izateko, berria izan behar du une horretako egoerari begiratuta eta asmamen-jarduera izan behar du; hau da, ez du erabat agerikoa izan behar dagokion arloko erdi mailako teknikari batentzat.Normalean, adituek patenteei buruz idazten dituzten txostenek bi puntu horietako bati aurka egin edo bi horietako bat defendatzen dute.
Patenteen inguruko gatazkak oso ohikoak dira alor farmazeutikoan ere.“Ohikoak izaten dira enpresa farmazeutiko berritzaileen eta produktu generikoen ekoizleen arteko gatazkak", adierazi du Francisco Javier Palacios, Farmazia Fakultateko Kimika Organikoko katedradunak.“Lehenengo taldean daudenek ahalegin handia egiten dute sendagai berriak ikertzeko eta egindako inbertsioa patenteen bidez babesten saiatzen dira.Ohikoa izaten da enpresa horiek txostenak eskatzea, norbait haien patenteren bat urratzen ari dela frogatzeko, edo antzeko prozesu bat erabili nahi duen norbaiten aurrean haien patentea baliozkoa dela defendatzeko.Bestalde, sendagai generikoen ekoizleek ere eskatzen dituzte txostenak, patente bat gaizki idatzia dagoela, ez dela baliozkoa, edo babes-eremua ez dela kasu jakin batean aplikatzen erakutsi eta hala, patentea baliogabetzea lortzeko."
Industriaren esparruko beste txosten asko makineriaren eskakizunak betetzeari buruzkoak izaten dira.Makina jakin batek ea eskaeran deskribatutako eskakizunak betetzen ote dituen zehazteko eska dakieke adituei.Enpresa saltzailea eta enpresa eroslea izaten dira alderdi inplikatuak eta makina batek esperotakoa betetzen ez duenean horren erantzukizun ekonomikoa nori dagokion erabaki behar izaten da.
Bestalde, izaten dira ezagutza delikatua edo erabilera bikoitza (industriala eta militarra) izan dezaketen makinak erkidegoko araudiaren arabera bahimendua ezarrita duten herrialdeetara (Iran, Errusia eta Ipar Korea) ez esportatzea arautzen duen legezko araudiaren inguruko txostenak ere.
Azkenik, beste txosten batzuk industria arloko ezbeharrak argitzearekin lotuta egoten dira.Adibidez, garabi bat erortzen denean edo bestelako istripu bat gertatu eta erantzukizuna norena den argitu behar denean, epaiketak egiten dira kalteak nork ordaindu behar dituen ebazteko.Gailuaren diseinuak izan dezake errua, edota gaizki eginiko mantentze-lanek edo manipulazio oker batek, besteak beste.Normalean, epaiketako alderdi bakoitzak peritu bat kontratatzen du, haren jarrera defendatzeko.“Auzitegi-ingeniaritzako txostenak esaten zaie hauei; izan ere, eskura dauden frogetatik abiatuta zer gertatu zen berreraikitzen saiatzen da”, adierazi du Norbertok.
Ezbeharrak argitzea itsas arloan ere ohikoa izaten da.Abordatze bat gertatzen denean (itsasontzien arteko talka), nasarekin talka bat, edo zamaren zati bat erortzen denean, adibidez, ohikoa izaten da epaiketa egitea erantzukizuna norena den argitzeko.“Unibertsitateko aditu bat eskatzen duten kasuak ez dira sinpleak izaten”, esan digu Fernando Cayuela Merkataritza Nabigazioko kapitain eta Portugaleteko Nautika Eskolako irakasleak.“Enpresa eta aditu profesional asko dago alor honetan, beraz, kasu bat unibertsitatera iristen bada, normalean, kasu konplexua izaten da.”Alor horretan CIAIM erakundea ere aritzen da. Itsasoko Istripuak eta Gorabeherak Ikertzeko Batzordea da CIAIM, Sustapen Ministerioaren mendeko kide anitzeko organoa eta itsas istripu larriak edo ikasgai bat ateratzeko aukera ematen dutenak ofizioz ikertzen ditu.Hala ere, batzuetan, alderdietako bat ez da ados egoten batzordearen ondorioekin eta, hala, aditu bat kontratatzen du.
Industriaren, farmaziaren eta itsasketaren arloan aditu-txosten mota ohikoenak horiek diren arren, badira beste peritu-lan batzuk ere, prozesu komertzialei, marka babesteari, marketinari eta abarri lotuagoak daudenak; are gehiago, badira zoologiari lotutako kasuak ere, lehen azaldu dugun moduan.
Norbertok emandako azalpenen arabera, oinarrizko hiru baldintza daude: “teknika-arloa sakon ezagutzea, inpartzialtasuna eta sintesirako gaitasuna”.Gaiaren inguruko ezagutza sakona izatea da oinarrizko baldintza; izan ere, aditu horri egoera bat ikuspegi teknikotik azter dezala eskatzen zaio.
Gainera, inpartzialtasuna funtsezkoa da, legearen arabera, adituak egia esan behar baitu, baita horrek txostena ordaindu duen alderdiaren aurka egitea esan nahi badu ere.“Praktikan,” kontatu digu Norbertok, “txostena ordaindu duen alderdiaren interesen aurkako txosten bat egitera bazoaz, normalean, horren berri ematen zaio alderdiari eta besterik gabe, uko egiten zaio lan hori egiteari.”
Azkenik, garrantzitsua da sintesirako gaitasuna izatea, gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta, ahalik eta laburren eta argiena izan behar baitu txostenak. Norbertok zera adierazi digu bera aritzen den arloari (industria) lotuta: “bost aditu-txostenetatik batean bakarrik deklaratu behar izaten du adituak, txostena egin ondoren, epaiketan, eta deklarazioa egiten badu, azaltzeko eskatzen dioten gaia labur eta oso argi azaldu behar du, epaileek eta abokatuek ulertzeko moduan.”
Francisco Palaciosek hau erantsi dio bera aritzen den arloari (farmazia) lotuta: "perituak epaiketan deklaratu behar izatea ohikoa izaten da; beraz, garrantzi handia du sintesirako gaitasuna izateak eta ahoz adierazi beharrekoa abokatuei eta epaileei oso modu didaktikoan azaltzeko gaitasuna izatea.Era berean, profesionaltasun- eta seriotasun-itxura ere eman behar du perituak.”
Fernando Cayuelak azaldu digu itsasketa arloan, “nahitaez bete beharreko baldintzarik ez dagoen arren, Merkataritza Nabigazioko kapitain izateak sinesgarritasuna ematen duela, itsasontzian ordu asko pasatutakoa zarela bermatzen baitu, eta horrek asko esaten du itsasontzien ezbeharren inguruan txostenak egiteko duzun irizpideari buruz.“Beraz, ezagutza-arlo bakoitzak eskakizun espezifikoak izan ditzake, baina "garrantzitsuena”, Fernandoren arabera, “perituak dagokion alorrarekiko interesa izatea eta etengabeko prestakuntza jasotzea da.Hori eta dituen ezagutzak aplikatzeko sen ona izatea.”
Hasteko, adituak txosten argia eta abokatuek eta epaileek erraz ulertzeko modukoa idaztea espero izaten da.
Bigarrenik, batzuetan epaiketan deklaratu behar izaten du perituak.Egin duen txostena defendatzea eta abokatu eta epaileei azaltzea espero izaten da.“Epaiketa izan arren, ez da urduritu behar”, adierazi du Norbertok, “peritua ez baitago inputatuen artean. Txostenean idatzitakoa argi azaldu eta egiten dizkioten galderei erantzun behar die, besterik gabe.”
Aurkako alderdiaren abokatua, ondoren, txostenari edo adituari berari sinesgarritasuna kentzen saiatuko da. Adituak lasai egon eta bere iritzia, txostenean garatutakoa, defendatu behar du.
Normalean, adituaren txostena egiteari dagokion kontratuan, txostenagatik ordainketa bat eta epaiketara joateagatik beste bat egitea adosten da (hor sartzen dira lekualdatzea, dietak eta dagokiona); bigarren hori, badaezpada ere, adituak, azkenean, epaiketan deklaratu behar badu.
Hasteko, ezagutzak eskualdatzeko proiektuak dira eta hala hartzen dira lehiaketa-deialdietan.
Bigarrenik, ordaindu egiten dira, txosten motaren eta konplexutasunaren arabera.Alor batzuetan, aditu-txostenak besteetan baino hobeto ordaintzen dira, baina oro har, unibertsitatera jotzen denean, kasua erraza ez delako izaten da eta, beraz, ordainsariak ere ezin du txikia izan.
Hirugarrenik, elkarrizketa egin diegun irakasleek lan hauek egiteak haien garapen pertsonalean eragin positiboa ekarri diela adierazi dute.“Nire ikerketari buruzko patente bat idatzi behar duenean”, adierazi du Norbertok, “patente horiek epaiketetan nola defendatzen diren jakiteko benetako esperientzia bat dut.Orain patenteak idazteko erabiltzen dudan moduak ez du zerikusirik alor honetan lanean hasi baino lehen erabiltzen nuen moduarekin.”
Aditu-txostenak egiteak “lagundu egiten dit industria farmazeutikoan gertatzen denari jarraipena egiten eta horri esker, ikuspegi profesionala irakaskuntzatik eta ikerketatik harago zabaldu dut”, kontatu digu Franciscok, “eta patenteen munduari eta praktikan duten funtzionamenduari buruzko ezagutza ugari ere eman dit.”
Fernandok, berriz, hau azaldu digu "itsas munduarekin harremana izaten jarraitzeko aukera ematen dit eta bultzatu egiten nau ikasten jarraitzera eta azken joerei adi egotera. Gainera, oso entretenigarria da.”
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen