Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

BiSKY Team: Bilboko Ingeniaritza Eskolatik zeruak konkistatzen

13/03/2024

BiSKY Team - Equipo de cohetería universitario

Bisky Team Bilboko Ingeniaritza Eskolako Project Based Learning proiektuetako bat da. Propultsio hibridoko suziri bat Karman lerroraino (100 km), atmosferaren eta espazioaren arteko mugaraino, bidaltzeko behar diren teknologiak garatzeko helburuarekin sortu zen. Talde hori 68 ikasleko diziplina anitzeko talde bat da (fisika, kimika, publizitatea, ikus-entzunezkoak eta ingeniaritza guztiak biltzen ditu), eta enpresa moduko egitura batekin antolatzen da, gaitasunak hobetzen lagunduko dieten eta azken helburutik pixka bat hurbilago utziko dituzten proiektuak garatzeko. 

Aitor BarrenaAitor Barrena, BiSKY Team Team Leaderra.

Bilboko Ingeniaritza Eskolak Project Based Learning-era (PBL) bideratutako hainbat ekimen biltzen ditu. Formula Student Bizkaia da horien aitzindaria, ikasleak lasterketetarako auto bat garatzera eta Europako hainbat plazatan lehiatzera eramaten dituen proiektua. Horrelako jarduerek proiektuen bidezko ikaskuntza, ikasleen autonomia maila handia eta bokaziozko lana uztartzen dituzte. BiSKY Teamek eta Formula Student Bizkaiak filosofia bera dute, baina lehena beste esparru batean zentratzen da: esparru aeroespazialean.

Oraingoz, gehienez ere, 7,8 kilometroko altuera lortu dute, Cosmic Research-ekin elkarlanean (Katalunian kokatutako antzeko taldea) eta El Arenosillotik jaurtitako suziri batekin.

"Altuera handiena lortzea ez da beti interesgarriena", adierazi zigun Aitor Barrena Blancok, BiSKY Teameko Team Leader-ak. "Jaurtiketa asko egiten ditugu teknologia desberdinei buruz ikasteko edo guk geuk diseinatu ditugun sistemak probatzeko eta, batzuetan, gehiago ikasten duzu zerbait aurreikusi bezala ateratzen ez denean".

Hermes

Eta halaxe gertatu zen 2023ko abenduaren 28an, Zaragozako San Gregorio basetik Hermes suziria jaurti zutenean. Helburu gorena 4,5 km izan arren, suziriak azkar amaitu zuen hegaldia. "Abiadura supersonikoak lortzen zituen gure lehen suziria zen, eta ikusi dugu jausgailuaren ataka-sistema ez dela behar bezain sendoa abiadura horietan berme osoz lan egiteko. Dagoeneko, alternatibak bilatzen ari gara”.

Lanzamiento HermesFamilia argazkia Hermes suziria jaurti aurretik

BiSKY Team taldeka antolatzen da, enpresak sailetan antola daitezkeen antzera. Aerodinamika- eta Berreskuratze-taldea (13 pertsona) arduratzen da hegaldian dagoen suziriaren egonkortasuna bermatzeaz eta altuerara iritsi ondoren berau abiadura terminalean ez erortzeaz, horretarako jausgailu-sistema bat erabilita. Abionika-taldeak (12 pertsona) posizioa, abiadura eta gainerako hegaldi-parametroak monitorizatzen dituzten sistema elektronikoak diseinatu eta fabrikatzen ditu. Egiturak (11 pertsona) suziriaren egitura, saiakuntza-bankuak, jaurtiketa-errailak eta abar fabrikatzen ditu. Hegaldi-kontrolean eta Simulazioan aritzen direnek (13 pertsona) metodo informatikoak erabiltzen dituzte jaurtiketak simulatzeko, haizearen eta gainerako baldintzen arabera lurreratzeko tokiak aurreikusiz. Gainera, suziri-motor hibridoen saiakuntza-bankuetako elementu guztiak sentsorizatzeaz eta kontrolatzeaz arduratzen dira. Propultsiokoek (10 pertsona) ekipoaren suziri-motor hibridoak diseinatu, fabrikatu eta probak egiteaz gain, motorra pizten duten fluidoak eta gasak elikatzeko, lekualdatzeko, tratatzeko eta biltegiratzeko elementu guztiak dimentsionatzen ditu. Azkenik, Negozio- eta Kudeaketa-talde bat dago (9 pertsona), ekimenaren, ekitaldien, babesleekiko harremanen eta gainerako funtzionamendu-kontuen kudeaketaz arduratzen dena.

ControlBiSKYk bere kontrol-sistemak garatzen ditu jaurtiketa-eremuetara garraiatzeko

Eta, babesleei dagokienez, BiSKY Team proiektuak zerrenda luzea du, proiektu hau eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako gainerako PBL proiektuak babesten dituzten Bizkaiko Foru Aldunditik eta UPV/EHUtik bertatik hasita. Hala ere, beste enpresa askok ere laguntzen dute proiektuan, bai ekonomikoki, bai materialekin edo prestakuntzen bidezko ezagutzarekin. Enpresa laguntzaileen zerrenda horretan daude Bilboko Udala, SENER AEROESPACIAL, IDOM, GEDORE, CFAA, ITP AERO, TECNALIA, COMPOXI, Mas y Calvet buffetea, Mathworks, Ansys, Altair, Astos Solutions, Dassault Systemes, Ineko Instrumentación, Madit, NEFAB, AVS, CTA, Cadtech, Izar Cutting Tools, 3DZ, Aula EspaZio Gela, Bizkaiko Parke Teknologikoa, ABCISE eta ESTHEYN. Elkarrekin, babesle horiek guztiek tresna materialak eta ez-materialak ematen dituzte taldearen helburuak gauzatzeko.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako PBL proiektuek dimentsio askotako industria-sarea duten transferentzia-proiektu gisa funtzionatzen dute. Alde batetik, proiektu horietako parte-hartzaileak, aitortutako helburuak lortze aldera, enpresekin harremanetan jartzen dira, beren helburuak lortzeko baliagarriak izan dakizkiekeen materialak edo ezagutzak bilatzeko. Horrek, era berean, enpresak eta gai jakin batek motibatutako ikasleak harremanetan jartzen ditu, eta talentua eskuratzeko dimentsio interesgarria hartzen du. 

Gainera, BiSKY Teamek, zehazki, gizartera transferitzeko proiektu pilotu bat egin zuen 2023ko azaroan, ikastetxe batean DBHko 4. mailako ikasleekin suziri bat eraikitzeko etapei buruzko jarduerak eginez. Gaur egun, unibertsitatetik bertatik batxilergoko eta lanbide heziketa ikasleei zuzendutako ikastaroak eskaintzeko aukera aztertzen ari dira. Gazteen artean STEM bokazioak sorrarazten dituen beste transferentzia mota bat da, gainbeheran dagoela dirudien une honetan.

Banco de pruebas de motorMotorra proba-banku baten gainean probatuz

Beraz, eragina du enpresa-sarean eta gizartean. Baina, horrez gain, eragin positiboa du unibertsitateko ikasleen esperientzian. Aitorrek honela azaldu zigun: "Unibertsitatean zaude, ezagutza teoriko bat ikasten duzu, eta lan-merkatura irteten zarenean jauzi bat dago. Ez duzu inoiz lan egin benetako proiektu praktiko batean beste pertsona batzuekin. BiSKY Teamen egiten duguna lan-merkatuaren egoera horretara hurbiltzea da, ikasten ari ginenean zein erabilgarritasun praktiko zuten ez genekien ezagutza teoriko horiek guztiak aplikatzeko aukera ematen diguten proiektuen bidez. Gainera, hain talde handi koordinatuan egonda, beste espezialitate batzuetatik ere ikasten duzu”. 

Formula Student Bizkaiaz eta BiSKY Teamez gain, Bilboko Ingeniaritza Eskolak badu ibilbide jakin bat duen beste proiektu bat, Motostudent izenekoa, non graduko ikasleek zirkuituko lehiaketarako motozikleta bat diseinatu, fabrikatu eta doitzen duten, auto baten ordez. Eta, ikasturte honetan bertan, Innoboat izeneko ekimena martxan jartzen ari da, Portugaleteko zentroan modeloa errepikatu nahi duena, lehiaketarako ontzi bat proiektutzat hartuta. Innoboat aurten hasiko da, bere lehen partaideak bilduz, ontzi bat diseinatu eta 2025ean lehiatu ahal izateko asmoarekin. Proiektu bakoitzak bere ezaugarriak eta unea ditu, baina horiek guztiak ikasleen sortzeko nahiaz elikatzen dira.

Harremanetarako