Europan bakarrik, 190.000 pertsona inguruk nozitzen dute urtean bihotz-biriketako gelditzea, eta horietako gertakari gehienak ospitalez kanpo gertatzen dira.Bizirik irauteko aukera gutxi daude, eta daudenak bizkortze-maniobrak berehala hastearen baitan daude, hau da, segituan hastea bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) eta desfibriladorea berehala eskuratzea.Zorionez, guztiok jabetu garenez, gaur egun gero eta gune publiko gehiagotan ari dira jartzen kanpoko desfibriladore automatikoak (KDA) herritarren eskura.EHU bera, esaterako, espazio kardiobabestua da 2012tik.
KDA gailuak algoritmo automatikoetan oinarritzen dira. Algoritmo horiek bihotzaren erritmoa erregistratzen dute, eta erabakitzen dute komenigarria ote den pazienteari deskarga elektrikoa ematea, arritmia zuzentzen saiatzeko.Gainera, irudien bidez edo ahotsezko mezuekin, gailu hauek gai dira bizkortze-maniobra egiten ari den pertsonari laguntza emateko, konpresio torazikoak nola egin behar dituen esanez.Gaur egun, gero eta automatizatuagoak dira desfibriladore hauek, eta gero eta informazio gehiago eskaintzen diete erabiltzaileei.
Sofía Ruiz de Gaunak azaldu zigunez, bere ikerketa-taldeak (EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeak) urte asko daramatza Osatu S. Coop. enpresarekin lankidetzan, bizkortze-maniobra erraztuko duten sistema gero eta “adimendunagoak” garatzen.Lankidetzaren ondorioz lortu diren desfibriladoreak Bexen cardio marka komertzialarekin merkaturatzen dira gaur egun; marka horrek 5 desfibriladore-modelo eskaintzen ditu, ezaugarri desberdinekin.Sofíak hauxe esan zigun: “1999an, Osatuk jada esperientzia handia zuen medikuntzan erabiltzeko seinale fisiologikoen monitoreak eta eskuko desfibriladoreak diseinatu eta egiten, baina seinalea aztertzen lagunduko zien norbaiten bila zebiltzan; izan ere, KDA gailuen funtzioak dira seinaleak aztertzea, terapia egokia zein den erabakitzea eta erabiltzaileari gomendioak ematea: alboratu dadila ekipamendua deskarga elektrikoa ematera doanean, has dadila pazienteari konpresio torazikoak egiten, etab.”
Une horretan, lankidetza estua sortu zen enpresaren eta unibertsitatearen artean, eta gaur egun ere aurrera jarraitzen du elkarlan horrek, proiektu eta produktu berriak garatuz.“Hasierako lankidetza hori eta gero, urtean bitan biltzen gara gutxienez, une horretan ikerketa-proiektu bateratua izan ala ez”, esan zigun Sofíak.“Oso interesgarria da beraiek zer egiten ari diren jakitea, zer arazo eta kezka dituzten…, baina, aldi berean, enpresak berak ere galdetzen digu unibertsitatean ikertzen ari garenari buruz.Harremana oso mesedegarria da bi aldeentzat.”Urteetan barrena, enpresaren eta unibertsitatearen arteko harreman horrek hainbat emaitza eman ditu: produktu berriak, merkatuan dauden produktuen hobekuntzak, patenteak, ikertzaileen kontratazioa eta abar.
Duela gutxiko proiektu bat Enpresetan I+G bultzatzeko Hazitek 2016ko deialdiaren bidez egin da. Deialdi horren helburua ikerketa-proiektu lehiakorrak edo estrategikoak sustatzea da, Eusko Jaurlaritzaren eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF Funtsak) arteko aurrekontuarekin.Bertan parte har dezakete Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresek edo eragileek (adibidez, Euskoiker Fundazioak edo EHUk berak), eta helburua izan daiteke oinarri teknologikodun enpresa berriak sortzea edo produktu berriak garatzea.
Kasu honetan, KDA gailuari feedback automatikoa funtzioa jarri nahi zitzaion, hain zuzen ere BBB prozesuan eginiko konpresio torazikoen kalitatearen inguruan.Osaturekin elkarlanean, EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldeak BBB prozesuaren feedbacka egiteko gailua (“push-pad”) diseinatu eta baliozkotu du: pazientaren bularrean jartzen den kuxin antzekoa da, konpresio torazikoak egiteko.“Push-pad” horrek azelerometro bat du, antzemateko ea konpresioak egiten ari den pertsona ondo ari den, hau da, sakontasun eta maiztasun egokiarekin ari den (50-60 mm bitartean eta minutuko 100-120 konpresio bitartean).Hala ere, soilik azelerometroa erabiliz konpresioen sakontasuna zehatz-mehatz kalkulatzean arazo teknikoak sortzen dira; horregatik, gehienetan beste sentsore-mota batzuk ere jarri behar izaten dira.“Eskatu ziguten algoritmo bat gara genezala, soilik azelerometroaren datuak erabiliz neurtu ahal izateko konpresio torazikoen sakontasuna eta maiztasuna”, azaldu zigun Digna Gonzálezek, Euskoiker Fundazioaren bidez proiektua garatzeko kontrataturiko ikertzaileak.“Hainbat bide probatu ondoren, konturatu ginen azelerometroaren seinalea prozesa genezakeela konpresioen sakontasuna neurtzeko, 2 mm baino gutxiagoko errorearekin”.
Azelerazio-seinalea prozesatzean izan den aurrerapen horri esker, aurretik zeudenak baino produktu xumeagoa diseinatu ahal izan da, hain deigarria ez dena eta erabiltzen errazagoa.Konpresioen sakontasunaren informazioari esker, bizkortze-maniobra egiten ari den pertsonari atzeraelikadura eskaintzen zaio, konpresioak eraginkorrak izan behar baitira bizirauteko aukerak areagotzeko.Produktu berria laster egongo da merkatuan, Bexen cardio marka komertzialarekin.
EHUko Seinale eta Komunikazioen Taldea:Ezkerretik eskuinera, José Julio Gutiérrez (irakasle agregatua), Luis Alberto Leturiondo (irakasle titularra), Izaskun Azcarate (ikertzaile doktorea), Mikel Leturiondo (doktorego aurreko ikertzailea), Koldo Redondo (ikertzaile doktorea), Jesus M. Ruiz (katedraduna, taldearen sortzaile eta arduraduna), Sofía Ruiz de Gauna (irakasle agregatua), Digna M. González (ikertzaile doktorea) eta Purificación Saiz (irakasle agregatua).
“Oso pozik nago guk ikertzen ditugun gauza batzuek gizartean zuzeneko onura eragin dezaketela ikusita”, azaldu zigun Sofíak, “eta, gainera, harreman honi esker enpresa baten egunerokoa eta haren arazoak ikus ditzakegu.”Bestalde, honelako proiektuek duten garrantzia ere azpimarratu zuen Sofíak, ate irekien egunean:“benetan zoragarria da, Telekomunikazioetako Ingeniaritzaren inguruan galdetzera datozen batxilerreko ikasleei esan ahal izatea ekipamendu hau, beren aurrean dutena eta merkatuan dagoena, ez duela garatu Ipar Amerikako multinazional batek: EHU partaide den I+G arloko proiektuek garatu dutela.”
Bere aldetik, Dignak azaldu zuenez, “doktorego-tesia egiten hasten zarenean, ez dakizu oso argi zein izango den azken emaitza.Guk bagenekien bizkortzearen arloan lan egin behar genuela, eta zenbait erronkari heldu nahi geniela; baina algoritmo hau bururatu zitzaigun arte, eta probak egin, ondo zebilela ikusi eta patentea eskatzea erabaki genuen arte, ez zegoen argi bide onetik genbiltzanik.Ordura arte, oinarrizko ikerketa asko egin nuen, bibliografia asko irakurri, besteek arazo bera nola konpontzen zuten aztertu nuen eta beste metodo berritzaile batzuk proposatzen saiatu nintzen.Hori oso zaila da, eta askotan frustrazioa eragiten du.Horregatik, poz handia sentitu nuen bidearen amaieran prototipoa ikusi nuenean.Hor ikusten duzu zure ikerketaren benetako emaitza.”
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen