Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokia

01/06/2019

Azkeneko 20 urteetan, Euskadin bizi diren atzerritarrak 26.000 izatetik 206.000 izatera igaro dira; hau da, populazioaren % 1,3tik % 9,4ra. Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokia, 2003an sortu zen, migrazio-fluxu horiek dakarten errealitate berria ulertzeko xedez, baina baita immigrazioaren fenomenoa gizarteari hobeto ulertarazteko helburuarekin ere.

Hastapen-garai hartan, galdera nahiko sinpleak ageri ziren behatokiaren helburuetan. Zenbat atzerritar bizi dira Euskadin? Zer herrialdetakoak dira jatorriz? Erantzun horiek gaur egun segundo gutxiren buruan erantzun litezke, Ikuspegiren webgunera jota. Hori hala, behatokiaren ikerketa-lanek auzi konplexuagoak jorratzen dituzte gaur egun, eta pertsonen ikuspegiekin eta jarrerekin daude lotuta. Ikerketa berrienek erantzun nahi dituzten galderen artean, bestelakoak ageri dira. Onartzen al dute bertako herritarrek atzerritarren presentzia? Zer dute nahiago, asimilazioa (migratzailea egokitu dadila bizileku berriko kulturara), ala kultura-aniztasuna (onartzen dute hainbat kultura desberdinekin batera bizitzea, betiere gutxieneko komun batzuk errespetatuz)?

Gorka Moreno, Ikuspegiren zuzendaria

«Gaur egun, lan interesgarria ari gara egiten etorkinen bigarren belaunaldiekin», azaldu digu Gorka Morenok, Ikuspegiren zuzendariak eta EHUko Soziologia eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak. «Nolanahi ere, Euskadiren kasuan nahiko fenomeno berria da hondoko auziei erantzuteko, hala nola bigarren belaunaldiko pertsonek enplegu hobeak ote dituzten, hezkuntzari esker, lehen belaunaldiek eskuratutakoak baino».

Behatokiak oinarrizko ikerketak egiten ditu, hala nola urtero-urtero argitaratzen den barometroa, Euskadiko herritarrek immigrazioaren aurrean duten jarrerei buruz (hona hemen 2018ko edizioa). Bestalde, aplikazio maila handiagoko ikerlanak ere egiten dira, udalerri eta eskualde jakin batzuen egoera aztertzeko, ondoren bizikidetza-planak egiteko, adibidez. Era berean, prestakuntza espezializatua ere eskaintzen da; esaterako, funtsik gabeko zurrumurruei aurre egitera bideratutako ikastaroak. Gorka Morenok azaldutakoaren arabera, batzuetan «aholkularitza-etxe eta ikerketa-talde akademikoaren arteko hibrido gisa» definitzen dute behatokia.

Ikuspegik, era berean, badu beste transferentzia-alderdi bat ere, gizarteari begira egiten duten ikerketa zabaltzeari dagokionez. Horretarako, dibulgazio-hitzaldietan esku hartzen dute, txostenak edota estatistikak argitaratzen dituzte webgunean, eta komunikabideen deiei erantzuten diete, denbora-tarte arrazoizkoen barruan. «Gure helburua informazio-eskaera guztiei gehienez ere 24 orduren buruan erantzutea da», azaldu du Morenok. «Izan ere, ulertzen dugu gure lanaren alderdi garrantzitsua dela», gaineratu du. Politika hori dela eta, erreferente bilakatu dira migrazio-kontuetan inguruko komunikabide askorentzat, eta haietara jotzen dute zuzenean, estatistikak edo adierazpenak behar dituztenean. 

Euskal gizartearen joerak

Presentación Ikuspegi

Behatokiak 12 urte daramatza Euskadiko herritarrei inkestak egiten, etorkinei buruz zer-nolako jarrerak dituzten aztertzeko. Txosten bat kaleratzen dute urtero, eta, haietan jasotako datuen arabera, begien bistakoak dira hainbat joera. Morenok azaltzen duenez, «inkesta honetan ikusten dugu ziklo ekonomikoek nahikotxo baldintzatzen dutela immigrazioari buruz dugun portaera: 2007tik 2011ra nahiko jarrera irekiak ageri dira etorkinekiko; krisiaren bigarren inpaktuaren urteetan (2013 eta 2014), emaitzek okerrera egin zuten, eta 2015etik aurrera hobeak dira atzera. Barometroak euskal gizartearen tolerantzia-indizea argitaratzen du, hainbat alderdiri buruzko emaitzak jasoz, eta handiena 2018koa izan da. Hemendik gutxira jasoko dugu 2019ko datua, eta orduan ikusiko dugu joera hori sendotu ote den».

Oro har, esan dezakegu Euskadiko gizarteak jarrera irekiagoak ageri dituela etorkinekin, nahiz eta gehien sendotutako posizioak asimilazioaren aldekoak diren, eta ez hainbeste kultura-aniztasunaren aldekoak. Hau da, uste dute etorkinek egokitu egin behar dutela xede-herrialdeko ohituretara, haiena ekarri ordez. Halaber, badira estereotipoak ere, gizartean nahiko errotuak baina ez beti egiazkoak, kolektibo horiek gizarte-laguntza gehienak hartzen dituztela diotenak.

Euskadin bizi diren etorkinen erdiak baino gehiago Latinoamerikako hainbat herritatik etorriak dira (batez ere Kolonbia, Bolivia, Nikaragua eta Ekuador). Bigarren tokian, Marokokoak, eta hirugarrenik, Errumaniakoak. Etorkinen zati handi bat emakumezkoak dira, eta zahartutako gure gizarteko adineko pertsonak zaintzeko lanetan jarduten dute. Etorkinen fluxua krisialdiaren unerik latzenetan egonkortu zen, baina ez zen bat-bateko beherakadarik izan. Fenomeno hau, munduko beste hainbat tokitan bezalaxe, geratzeko asmoz iritsi da gurera.

Transferentzia moduak unibertsitatean

Ikuspegik hamaika kolaboratzaile ditu guztira. Horien artean, Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako akordio bati esker, lau behatokiko langile finkoak dira, hainbat dedikazio mailarekin. Gainerakoak unibertsitateko irakasleak dira, hainbat proiektutan zuzendaritza- edo kolaboratzaile-lanetan dihardutenak.

Ikuspegik, berez, ez du entitate juridikorik, baizik eta unibertsitatearen zati da: irakasle-talde bat eta proiektuetara lotutako langileak, transferentzia-lanetan esku hartzen dutenak eta dagoeneko lan-dinamika bat ezarrita daukatenak. «Beti izaten ditugu lau, bost edo sei ikerketa martxan, geuk sustatuak edo erakunde espezifikoek eskatzen dizkigutenak», adierazi digu Morenok. «Orain, konparazio batera, Euskadiko erlijioen mapa soziologikoa egin behar dugu», gaineratu du.

Talde horren bidez, gizartearen hainbat beharrizani erantzuten zaio –bereziki, erakundeenak–, baina lan-esparru parekaezina ere sortzen da. «Maila profesionalean eta pertsonalean —azaldu du Morenok— iruditzen zait agertoki pribilegiatua dela: lanerako tresnak, bitarteko teknikoak eta aurrekontu-zuzkidura ditugu ikertu ahal izateko, eta, gainera, aukera handiak ditugu hainbat gizarte-eragilerekin harreman estua izateko.»

Beste transferentzia-adibide batzuetan ikusi dugun moduan, proiektuen bidez eskuratutako jakintzak ikasgeletan ere izaten du oihartzunik. «Ni Migrazioen Soziologiako irakaslea naiz, eta eskoletara eraman dezaket Ikuspegin egiten dugun lanaren zati bat. Eta eskertu egiten dute ikasleek», azaldu du.

Baina transferentzia-lanaren ordainak batzuetan pertsonalagoak izaten dira. Alde horretatik, honako hau gaineratu du: «Solasaldiak izango dira, agian, dibulgazio-jarduera atseginenak, nire ustez. Izugarri estimatzen dut, adibidez, adineko pertsona bat gerturatzea solasaldi baten ostean, eta esatea, nire agerraldiaren ondorioz, berriro planteatu dituela lehendik zituen ideiak. Ikusten duzu nolabaiteko inpaktua lortu dugula».

Harremanetarako