
Sarrera
Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano delakoa 1195 inguruan Errioxako monasterioan osatu zen zen kartulario monastikoa da. Idazkera karolinoan idatzita, 759 eta 1194 urteen arteko 750 agiri inguru ditu, eta horrez gain XIII. mendean kodizearen azken folioak baliatuz kopiatu ziren beste hogei bat.
Becerro Galicano-a VIII.-XII. mendeetako Espainia kristaua ezagutzeko ditugun iturri nagusietako bat da. Donemiliaga Kukularen kokapenak eta monasterioaren eraginaren esparru handiak ezinbesteko iturri bihurtzen dute Iruñeko Erreinuaren eta Gaztelako Konderriaren lehen historiarako, bai eta lau mendetan zehar Errioxako, Nafarroako, Gaztelako, Arabako zein Bizkaiko jendeen ezagutzarako ere.
Azken aldian erantsitako agiri gutxi batzuk alde batera utzita, kartularioaren hizkuntza latin bilakatua da, eskriben praktiktaren aldetik Mendebaldeko gainerako lurraldeetan ohikoa dena baino askoz gutxiago arautua. Hori dela eta, lehen gaztelaniaren eragina oso bizia da, eta horri gehitu behar zaio euskal toponomastikaren ugaritasuna. Aberastasun linguistiko honek ordea arazoak sortzen ditu edizio digitala prestatzerakoan. Horregatik, hitzen, toponimoen eta antroponimoen aurkibide arruntak ezeze, lematizatutako aurkibide bat ere sortu dugu. Haren bitartez, edozein hitz aurki daiteke kartularioan aurkezten dituen aldaera morfologikoak edo ortografikoak edozein direla.
Aurkibide eta bilaketak egiteko tresna osagarriez gain, edizio digital honen erabiltzailearen eskura daude folioen bereizmen handiko irudi faksimilak zein folioen transkripzioa. Azken hau ordena kodikologikoan antola daiteke nahi izanez gero eta horrela kartularioaren eraketa eta logika antzeman daitezke. Ordena kronologikoa nahiago bada, erabiltzaileak bi aukera ditu: edo kodizean bertan agertzen diren datak erabili, edo data fidagarririk gabeko testuetarako guk finkatu ditugun data kritikoak baliatu. Datazio arazoak aurkezten dituzten testuak berrehun inguru dira.
Edozein kontsulta egiteko, erabili mesedez helbide hau: harreman emaila. Errakuntzaren baten berri emateko, edozer iradokitzeko, toponimia zein prosopografiaren inguruko zehaztasunak egiteko idazten badiguzu, har ezazu aldez aurretik gure esker ona.
Becerro Galicano-aren edizio digitala prestatzeko Euskal Herriko Unibertsitateko ikertalde bat eta Centro Internacional de Investigación de la Lengua Españolako ikertzaileak lankidetzan aritu gara, erakunde biak elkartzen dituen hitzarmen markoaren babespean. Egitasmo honi Londreseko King's College-ko Digital Humanities Department-ak ere eman dio bere laguntza, Paul Spence-ren parte hartzeari esker, bai eta Euskaltzaindiak ere, kartularioan agertzen diren euskal elementuen tratamenturako aholkularitzaren bitartez. Sustapen ekonomikoa erakunde hauek bermatu dute: Euskal Herriko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila (IT536-10), Errioxako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Turismo Saila eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa I+d+i Plan Nazionalaren bitartez (HAR2010-16368).
Lagun hauen ezinbesteko laguntza atsegin handiz eskertu nahi dugu: Jaione Aguirre, Urbano Espinosa, José Antonio Fernández Flórez, Juan José García González, Iván García Izquierdo, Rufino Gómez Villar, Roberto González de Viñaspre, José Ángel Lema, Jesús Lorenzo, Julen Manterola, Juan José Martín, Elena Martínez de Madina, José Antonio Munita Loinaz, Ernesto Pastor, Paquita Sáenz de Urturi, Patxi Salaberri, María Josefa Sanz Fuentes, Sonia Serna, Guillermo Tomás Faci, Rafa Varón eta Roger Wright.
Edizioa aipatzeko modua: