euskaraespañol

pil-pilean

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

Iratxe Antonio-Agirre

Absortzio egoeran sartutako buruaren anatomia: ‘flow’a, hiperfokua eta neurodibertsitatea

Hezkuntza eta Psikologia Ebolutiboa sailari atxikitako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/09

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Zer dute komunean ordu luzez kode lerroak begiak kliskatu ere egin gabe idazten dituen programatzaile batek, asmakizunak argitu nahian jatea ere ahaztu egiten zaio haur gaindotatu batek, lehiaketa bete-betean dagoen eliteko atleta batek eta margotzen ari den bitartean, bere gorputza desagertu egiten dela sentitzen duen artista batek? Denak sartu dira oso ohikoa ez den, baina oso boteretsua den egoera mental batean: denbora, ingurunea eta nia desagertu egiten diren ikuspegi absolutua da.

‘Flow’ egoera deitzen zaio fenomeno horri; “fluxua” ere deitzen zaio. Psikologoak Mihály Csíkszentmihályi kontzientziaren esperientzia ezin hobe gisa deskribatu zuen duela mende erdi. Burua eta gorputza egiten ari garenarekin lerrokatzen diren unea da, itxuraz ahaleginik egin gabe, desafioaren eta trebeziaren arteko dantza perfektuan.

‘flow’a ez da kontzentrazio soila. Absortzio hori hain da sakona, non denboraren zentzua distortsionatu egiten dela eta ekintza bere kabuz mugitzen dela dirudiela. Csíkszentmihályik eta bere kideek egindako azterlanetan, fenomeno hori bera ikusi zuten atleten, musikarien eta zientzialarien kasuetan.

Gaitasunak gauzatzetik ikaskuntzara arte

Dena den, denek ez dute berdin ikustenl. Atletek eta musikariek dagoeneko menderatzen dituzten trebetasunak gauzatzean sentitzen dute egoera mental hori, eta ikertzaileek, berriz, ikaskuntza eta aurkikuntza prozesuan bertan bizi izaten dute. Azken kasu horretan, ‘flow’a estuki lotuta dago ikasketa autogidatuarekin: gidaririk gabe esploratzeko eta ikasteko gaitasuna, jakin-minak eta barne motibazioak bultzatuta

Eliteko 450 musikari eta atleta baino gehiagorekin egindako beste ikerketa batek erakutsi zuen bi taldeek maiz izaten zutela ‘flow’ delakoa, batez ere talde mailako testuinguruetan, eta desafioaren eta trebeziaren arteko oreka zela ongizatea eta bizi poza iragartzeko modurik onena. Kontua ez da gehiago lan egitea, baizik eta zailtasunak gainezka egin gabe erronka egiten digun puntu zehatza aurkitzea.

Fluxua vs hiperfokua

Baina badago lehen begiratuan antza handia duen beste egoera mental bat ere: hiperfokua. Muturreko arreta, denboraren distortsioa eta inguruaren deskonexioa ere badakartza, baina jatorria eta kontrola desberdinak dira. Fluxua egoera boluntario eta erregulatua da; aldiz, hiperfokua automatikoagoa eta konpultsiboagoa da. Garuna modu sakonean kateatzen da bere interesa pizten duen zerbaitekin (batzuetan erabilgarria, beste batzuetan ez hainbeste) eta ia ezinezkoa da askatzea. Mundua ahazten da... baina baita jatea, lo egitea edo mezu bati erantzutea ere.

Funtsezko aldea kontrola da. Fluxua landu egiten da; hiperfokuak harrapatu egiten zaitu.

Imajina dezagun ikasle batek arratsalde osoa eman duela bereziki estimulatzailea den eskola proiektu batean lanean: ordu batzuetan gehiago egin du aurrera, ikasten emandako hainbat egunetan baino. Aldiz, ikasle hori bera ordu luzez harrapatuta gera liteke beste proiektu baten xehetasun txikiago bat perfekzionatzen, epe eta lehentasun premiazkoagoak albo batera utzita. Lehenengo egoeran, hiperfokuak bere errendimendua indartzen duen bitartean, bigarrenean kontzentrazioaren intentsitateak funtsezko zereginak baztertu egiten ditu, eta estresa sortu.

Kontzentratzearen plazera (zenbaitetan, akiduraraino)

Elkarren arteko aldeak handiak diren arren, espektro autistako, TDAH duten, gaitasun handiak dituzten edo sentsibiitate handiko pertsonek interesatzen zaien horretan modu sakonean barneratzeko aldez aurretiko jarrera handia izaten dute. Kasu horietan guztietan, kontzentrazio sakona azal daiteke eta, denbora eta ingurunea itxuragabetu egin daitezke.

Arreta hori agertzeko modua, ordea, aldatu egiten da. Espektro autistaren edo TDAHaren kasuan (noizbehinka eta modu ez jarraituan) ohikoagoa izaten da hiperfokua, absortzio egoera eta, askotan, eteteko zaila izaten da, interes espezifikoei lotua.

Gaitasun handiak edo sentsibilitate handia duten pertsonak(profil kognitiboaren eta emozionalaren arabera) errazago eta sakonago iristen dira fluxu egoerara. Egoera horren ezaugarriak dira desafioaren eta trebetasunaren, gozamenaren eta kontrol-sentsazioaren arteko oreka. Baina intentsitate hori erregulatzen ikasteko beharra ere izaten dute. Hau da, noiz gelditu, nola deskantsatu, eta haien ongizate mentala zer baldintzak errazten duen (edo saboteatzen duen) jakitea.

Ohikoa ez den intentsitate mentala

Horixe da, hain zuzen ere, profil horiek komunean duten beste alderdi bat: mundua ezohiko intentsitatez prozesatzen duen burua. Sakontasun kognitibo eta sentsorial hori sormen eta argitasun iturri izan daiteke, baina baita estimuluak edo emozioak metatzen direnean saturaziorako eremu emankorra ere.

Espektro autistako pertsonen edo oso sentsibleak diren pertsonen kasuan, gainkarga horrek zentzumen kolapsoa eragin dezake. Barne itzalaldi modukoa izaten da, eta gorputza eta adimena deskonektatzera behartzen ditu. TDAHan, ondorioa ahultze atenzional edo emozional gisa agertzen da gehiago; gaitasun altuetan, berriz, neke mentalaren forma hartzen du, etengabeko gainestimulazioaren ondorioz.

Ildo horretan, orain gutxi argitaratutako ikerlanek “fluxu-aldakortasun” kontzeptua sartu dute: kontzentrazio oso handiko egunen eta blokeo edo sakabanatze egunen arteko oszilazioa. Fluxuaren aldakortasun handia duten pertsonek sormen gutxiago eta buruko neke gehiago erakusten dute, hain zuzen ere, ez dutelako lortzen haien errendimenduan egonkortasun emozional eta kognitiboa mantentzea. Fluxuaren egoera mentala hauskorra da, faktore askoren menpe dago, hala nola, testuingurua, motibazioa, energia, emozioak… eta erraz gertatzen dira gorabeherak. Horregatik, egonkor mantentzen ikastea egoera hori lortzen ikastea bezain garrantzitsua izan daiteke.

Ingurunea garrantzitsua da

Jeinu bakartiaren mitoak edo laguntzarik gabe distiratzen duen talentuaren mitoak erakusten duenaren aurka, fluxua edonorentzat egoera iraunkor bihurtzen duena, eta ez bakarrik ezusteko zoriontsu, inguruaren eta norberaren bizi erritmoaren diseinu kontzientea da.

Erabakigarriak dira kanpoko faktoreak: espazio isilak, etenaldirik gabeko denborak, ondo zehaztutako helburua eta helburua eta argitasuna bateratzen dituen giroa. Elementu horiek, arreta galtzea murrizteaz gain, burua modu sakon eta arinean kontzentratzeko beharrezko baldintzak sortzen dituzte.

Kontua ez da zarata mundutik kentzea, baizik eta garrantzirik gabeko bihurtuko duen testuingurua eratzea. Benetako etenaldiak, zentzumenen deskonexioa eta atseden mentalak bateratzen dituzten errutinak diseinatzeak ez du esan nahi gutxiago lan egin behar denik. Hori beharrean, hobeto lan egin behar dela esan nahi du: adimenari espazioa eman behar zaio, fokatzeko eta sortzeko berezko gaitasuna berreskura dezan.

Intentsitatea orekarekin uztartzea

Ingurunea agertokia bada, burua horretarako tresna da. Fluxua biak sinkronizatzean sortzen da. Baina sentsibilitateagatik, talentuagatik edo neurodibergentziagatik adimen bereziki bizia dutenentzat, harmonia horrek autorregulazioko eta autokontzientziako barne lana eskatzen du.

Fluxuari eusten dioten barne faktoreen artean daude motibazio intrintsekoa, asmoaren zentzua eta desafioaren eta trebetasunaren arteko oreka egokia. Era berean, ordea, kontzentrazio sakona gaineszitazio edo hiperfoku noiz bihurtzen hasten den antzemateko gaitasuna eskatzen dute, baina kontuan izan behar da egoera horiek elikatu baino gehiago, agortu dezaketela.

Norberaren intentsitatea modulatzen ikasteak ez du esan nahi hura itzaltzea, zehaztasunez zuzentzea baizik. Benetako maisutasuna energiari oreka galdu gabe eustea da. Hau da, saiakera horretan erreta geratu gabe, osotasunean fluxua aske uztea. Ingurunearen egituraren eta barne munduaren kudeaketaren artean, sakontasunez lan egiteko eta bizitzeko artea dago.