Bilbon, Madrilen eta Cáceresen aplikatutako metodologiak erakutsi du egoera sozioekonomikoak eta hiri-ehunaren ezaugarriek eragin handia dutela zaurgarritasunean. Tresnak zaurgarritasun-mapak sortzen ditu, beroaldiei aurre egiteko egokitzapen-neurriak lehentasunez non aplikatu erabakitzen laguntzeko.
-
Partekatu autoa, aurreztu dirua eta iritsi zuzenean campusera
-
Hogeita hamar bat nazioarteko unibertsitatek esperientziak eta praktika onak partekatu dituzte Donostian
-
Hara norekin topatu ginen Ondarrun!
-
Osasun mentala: gainditu gabeko gaia
-
Artea eta ikerketa uztartuko ditu Zientzia Asteak doako ekitaldi inklusiboekin
Bero-boladekiko zaurgarritasuna oso desberdina da hirietako eremuen arabera
EHUko SAREN taldeak metodologia bat garatu du, eraikinek eta gune publiko irekiek beroaldietan duten zaurgarritasuna neurtzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/10/07
Klima-aldaketaren ondorioz gero eta ohikoagoak eta gogorragoak dira muturreko fenomeno meteorologikoak. Bero-boladak dira horietako bat: ondorio zuzenak dituzte osasunean, konfort termikoan eta hirien bizigarritasunean. Horrenbestez, oso garrantzitsua da klima-arriskuaren ebaluazioak egitea, hiriak egokitzeko politikak bideratu eta eremurik zaurgarrienetan lehentasunez esku hartzeko.
Hirietako eraikinetan eta aire libreko tokietan beroaldiek duten inpaktua minimizatzeko erabil daitezkeen egokitzapen-soluzioen eraginkortasuna ebaluatzen ari da Euskal Herriko Unibertsitateko SAREN (Sustainable And Resilient built ENvironment) ikerketa-taldea, EHUko irakasle Leire Garmendia buru dutela. Ikerketa Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak diruz lagundutako OLADAPT proiektuaren barruan egiten ari dira, Madrileko Unibertsitate Politeknikoarekin, Extremadurako Unibertsitatearekin eta EHUko Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO Katedrarekin lankidetzan, eta IPCC Klima-aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak emandako jarraibideen arabera.
“Aztertzen ari gara hiri mailan beroaldiek duten arriskuaren dimentsio eta eskala anitzeko ebaluazioa nola egin. Bero-boladek eragiten duten arriskua ez da bakarrik tenperaturarekin neurtzen, dimentsio ugari ditu”, azaldu du Irantzu Álvarez taldeko ikertzaileak. Politika egokiagoak martxan jartzeko, kontuan hartu behar da, batetik, hiria nola eraikita dagoen (bai eraikinak bai espazio publikoak); bestetik, tenperatura altuek hiriko zer tokitan eragiten duten gehien; azkenik, zenbat pertsonak jasaten duten egoera hori eta zenbateraino zaurgarri diren edo babesgabe dauden han bizi diren pertsonak. “Lan honetan, neurtu dugu hiriko eraikin eta gune ireki bakoitzak zer zaurgarritasun duen, Bilbon, Madrilen eta Cáceresen (hirurak klima-eremu desberdinetakoak)”, erantsi du Laura Quesada ikertzaileak.
EHUko SAREN taldeko ikertzaileek garatutako metodologiarekin hiriko zaurgarritasun-mapak lortzen dira, argi eta garbi erakusten dutenak non eragin beharko litzatekeen lehentasunez beroaldiei aurre egin ahal izateko: “Egokitzapen-neurriak askoz ere modu eraginkorragoan aplika daitezke horrelako azterketak eginez”, diote. Gainera, metodologia hiru hiri horietan aplikatzeak erakutsi du “metodologia erabat erreplikagarria dela; edonon erabil daitekeela. Sendotasuna ematen dio horrek metodologiari. Udalerri eta hirietarako tresna benetan erabilgarria da”.
Zaurgarriagoak dira maila sozioekonomiko txikieneko eraikinak
Hiru hirietan agerian geratu da “aldagai sozioekonomikoek garrantzi handia dutela zaurgarritasuna neurtzean. Askoz ere zaurgarriagoak dira errenta baxuko pertsonak, adinekoak eta abar —diote EHUko ikertzaileek—. Zaurgarritasuna ez da berdina hiri osoan. Beraz, ez da nahikoa esatea hiri bat beste bat baino zaurgarriagoa dela, hotspot edo puntu bero desberdinak daudelako hiri barruan. Auzo batean ere egoera desberdinak egon daitezke, beraz, horrelako ikerketa zehatzak beharrezkoak dira”.
Iturri askotatik ateratako datu-kantitate handia erabili dute ikerketan. Aldagai sozioekonomikoak, eraikinen ezaugarriak eta ingurumen-aldagaiak izan dituzte kontuan. Adibidez, “gerta daiteke eraikin bat beroarekiko sentikor izatea, baina bertan bizi direnek etxea berotik babesteko ekonomikoki gaitasuna izatea“, azaldu dute ikertzaileek. Álvarezek eta Quesadak azaldu dutenez, azterketa-unitatea eraikina izateak ahalbidetzen du egokitzapen-neurriak hobeto bideratu ahal izatea: “Metodologia honek erakusten du zer eraikin edo zer eraikin-motak berritu edo egokitu behar diren lehenengo”. Gainera, inguruneak eraikinean duen eragina ere neurtu da, eta horrek aukera eman du eraikinaren eta espazio publiko irekien zaurgarritasuna erlazionatu ahal izatea: “Gerta daiteke eraikinak oso zaurgarriak izatea, baina inguruan berdegune eta itzal ugari edukitzea. Hori guztia kontuan izanik, egokitzapen-neurriak era desberdinetara aplika daitezke”.
Informazio osagarria
Laura Quesada ondare historikoa birgaitzeko eta esku hartzeko espezialitatea duen arkitektoa da eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan aritzen da. Irantzu Álvarez topografiako ingeniari teknikoa eta Geografian lizentziaduna da, eta Bilboko Ingeniaritza Eskolan egiten du lan. Bilboko Ingeniaritza Eskolako Eraikuntzaren Ingeniaritza Masterre ko irakasle dira.
Erreferentzia bibliografikoa
- Assessing urban heatwave vulnerability through a multiscale and multicriteria GIS-based approach: Evidence from three Spanish cities
- Cities
- DOI: 10.1016/j.cities.2026.107514
