Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa-taldeak Bilboko hiru auzoren hiri-diseinua aztertu du auzotarren ikuspegitik, jarduera fisikoa oztopatzen eta bultzatzen duten elementuak detektatzeko. Ikerketa partizipatiboak antzeman duenez, berdeguneen, erabilera anitzeko instalazioen eta oinezkoentzako espazioen erabilgarritasuna eta kalitatea elementu gakoak dira biztanleria aktiboa izan dadin.
Bilboko hiri-elementuek biztanleen jarduera fisikoa baldintzatzen dute
EHUko ikerketa batek azpimarratu du garrantzitsua dela biztanleek hiri-plangintzan parte hartzea komunitate aktiboak sustatzeko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/06/12

Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publiko globaleko arazo gisa katalogatzen du egungo gizartearen sedentarismoa. Jarduera fisikorik ezak planteatzen duen erronka nagusietako bat hiri-inguruneetan kokatzen da; izan ere, Europako hirietan, adibidez, biztanleriaren % 31k jokabide sedentarioa du.
Testuinguru horretan, Bilboko hiri-diseinuak bertako biztanleen jarduera fisikoan nola eragiten duen aztertu nahi du Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa-taldeak: “Azterketa partizipatibo bat egin dugu sozioekonomikoki askotarikoak diren hiru auzotako bizilagunekin elkarlanean, eta baieztatu dugu hiri-inguruak eragin nabarmena duela jendearen jarduera fisikoko portaeretan. Eragina dute jarduera fisikorako guneen erabilgarritasunak eta kalitateak, segurtasunaren pertzepzioak, oinezkoentzako azpiegiturek eta baliabide komunitarioen kudeaketak”, azaldu du Ainara San Juan ikertzaileak.
Euskal Herriko Unibertsitateko taldeak Fotovoz izeneko ikerketa metodoa aukeratu du: auzotarrek beraiek dokumentatu dute beren iritziz jarduera fisikoa errazten edo zailtzen duten elementuak, argazkien bidez. Deustu, Uribarri eta San Frantziskoko lagunek hartu dute parte, eta, auzoz auzo, 117 irudi aztertu dituzte. “Herritarren ikuspegia jaso nahi genuen. Horregatik, emaitzak ez dira ikerketa-taldearen dedukzioak. Sakonean eztabaidatu ondoren auzokideek berek ateratako ondorioetan oinarritzen dira. Hala, azken mezua esanguratsuagoa da”, zehaztu du San Juanek.
Alde batetik, jarduera fisikoa egiteko guneen erabilgarritasunari eta kalitateari dagokienez, ikerketaren emaitzek adierazten dute herritarrek gehien baloratzen dituzten inguruneak berdeguneak eta erabilera anitzeko instalazioak direla. Hau da, jarduera bakarra egitera oso bideratuta dauden lekuen ordez, egokiagotzat jotzen dira funtzio askotarako balio duten espazioak. Hala ere, EHUko ikertzaileak gaineratu duenez, “parte-hartzaileek azpimarratu dute horrelako espazioak edukitzea bezain garrantzitsua dela ongi erabiltzea eta kudeatzea. Jarduerak eskaintzearen eta instalazioak ondo mantentzearen garrantzia azpimarratu dute. Gainera, irisgarritasunaren garrantzia nabarmentzen dute, ezer gutxirako balio baitu jarduera fisikorako espazio egokiak izateak horietara iristea zaila bada; horixe gertatzen da, adibidez, desnibel handia duten auzoetan”.
Irisgarritasunarekin oso lotuta, ikerketak ondorioztatu du herritarren kezka nagusietako bat oinezkoen mugikortasuna dela. Aldapek eragindako arazoei dagokienez, oso positiboki baloratzen dituzte arrapala mekanikoak eta hiri-igogailuak, mugitzeko zailtasunak dituzten herritarren aukerak errazten eta berdintzen baitituzte. Hala ere, auzotarrek adierazi dute arreta jarri beharko litzaiekeela oinezkoen guneak ibiltzeko modukoak izatea oztopatzen duten beste alderdi batzuei; izan ere, gune horiek ibiltzeko modukoak izateak jendea aktiboa izatea ahalbidetzen du. Elementu hauek aipatu dira: espaloi estuak, gaizki asfaltatu edo argiztatuak, baita terrazak ere, eta ibiltzeko espazioa murrizten duten bestelako oztopoak.
Bestalde, ikerketak nabarmentzen du segurtasunaren pertzepzioa beste faktore garrantzitsu bat dela biztanleriak bizitza aktiboa izateko orduan. Kasuren batean bandalismoa eta gizalegearen aurkako ekintzak aipatzen diren arren, oro har, azterketako parte-hartzaileek adierazi dute trafikoa dela Bilbon segurtasun ezaren sentsazioaren eragile nagusia. “Auzo guztietan aipatzen dituzte ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitzak sortzen dituen arazoak. Adierazi dute trafikoak mugatu egiten duela jarduera fisikoa egiteko dagoen espazioa; izan ere, trafikoaren ondorioz, askotan, ibiltariek, bizikletek, parkeko haurrek, korrikalariek eta beste askok eremuak partekatu behar izaten dituzte, eta interakzio horiek istiluak eta segurtasun eza sortzen dituzte”, azaldu du San Juanek.
Herritarren parte-hartzearen garrantzia hiri-plangintzan
Azterketan parte hartu duten pertsonen iritziz, garrantzitsua da herritarren parte-hartzea kontuan hartzea mugikortasunarekin lotutako baliabide komunitarioei buruzko erabakiak hartzean. San Juanek adierazi duenez, “nahiz eta auzokideek sentitzen duten erakundeek gauzak egiten dituztela, gehiago kontuan har ditzatela nahi dute, uste baitute horrela komunitatearen benetako beharrei erantzungo litzaiekeela; auzo bakoitzaren lehentasunei erantzuten ez dieten gauzak egitea saihestuko litzateke, eta hobekuntzak egiteko informazio garrantzitsua lortu”.
Hain zuzen ere, ikertzaileak uste du egindako lanaren indarguneetako bat dela herritarrak erakundeekin konektatzea lortu dutela: “Erabilitako metodologiak, partizipatiboa izateaz gain, gizarte-ekintzatik ere badu. Ez da ezagutza zientifikoa sortzera mugatzen, eraldaketa soziala bilatzen du. Kasu honetan, prozesuan zehar identifikatutako beharrak gomendio politiko zehatz bihurtu ziren, eta zuzenean helarazi zitzaizkien erakundeetako arduradunei, herritarren zientziarekin lotutako zenbait jardunaldiren bidez. Indartsuena da unibertsitate gisa bitartekari-lanak egin ditugula herritarren mezua iritsi behar den tokira irits dadin”.
Informazio osagarria
Ainara San Juan EHUko Osasun Publikoko Doktorego Programa egiten ari da, eta artikulu hau bere tesiaren parte da: hiri-ingurunearen eta jarduera fisikoaren arteko harremana aztertzen du herritarren ikuspegitik. Leyre Gravina Erizaintza Saileko kide eta Erizaintza eta Osasunaren Sustapena ikerketa-taldeko liderrak zuzentzen du doktoretza-lana, Manuel Franco hiri-osasuneko adituarekin batera.
Bilboko hiri-ingurunearen eta jarduera fisikoaren arteko harremanari buruzko ikerketaren emaitzak web-orri batean daude eskuragarri, eta bertan prozesuaren argazkiak eta bideoak ere badaude.
Erreferentzia bibliografikoa
- Exploring urban design’s impact on physical activity: A participatory photovoice study across socioeconomically diverse neighborhoods
- Landscape and Urban Planning
- DOI: 10.1016/j.landurbplan.2025.105334