euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Boisetik EHUra: uda batez ikasten, ikertzen eta Euskadi deskubritzen

Boise State Universityko bederatzi ikasle dabiltza parte hartzen Itsasoz gaindiko Campuseko lehen edizioan. Ikertu, ikasi eta kultura bat ezagutzeko parada uztartzen dira EHUko esperientzia honetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/09

Ezkerretik eskuinera: Holly L. Olivera, Jacob Lepe eta Jamya Kilgore, EHUren Campus Transozeanikoaren lehen edizioan parte hartzen duten Boise State Universityko hiru ikasleak
Ezkerretik eskuinera: Holly L. Olivera, Jacob Lepe eta Jamya Kilgore, EHUren Campus Transozeanikoaren lehen edizioan parte hartzen duten Boise State Universityko hiru ikasleak | Argazkia: Egoi Markaida

Aste batzuk baino ez dira Bilbora heldu zirela, maletak ikusmiraz beterik. Dagoeneko, laborategiak ezagutzen dituzte, EHUko ikertzaileekin dihardute lanean egunero, eta unibertsitatearen parte sentitzen hasi dira. Itsasoz gaindiko Campusaren lehen promozioko kideek atzean utzi dituzte hasierako urduritasunak eta benetan ardura duenari heldu diote: ikasteari, ikertzeari eta nazioarteko esperientzia bat bizitzeari.

Boise State Universityko bederatzi ikasleak EHUko zenbait ikastegitan egiten ari dira egonaldia, hainbat diziplinatako ikertaldeekin lanean. Programan zehar, unibertsitateko eguneroko bizitzan murgilduko dira, parte hartuko dute proiektu zientifikoetan eta gertutik ezagutuko dute Euskadiren errealitate akademiko, linguistiko eta kulturala.

Boiseko Unibertsitatearen eta Euskadiren arteko lotura ez da kontu berria. Idahoko estatuan gure lurraldetik kanpoko euskal komunitaterik handienetako bat dago, hamarkadetan zehar —bereziki artzaintzari loturik— izandako migrazioen ondorio. Harreman historiko horrek lotura kultural bat sortu du, orain eremu akademikora ere igaro dena, Itsasoz gaindiko Campusa bezalako truke programen bitartez, bi unibertsitateen arteko lankidetza sendotzeari begira.

Hiru ikaslek —Jamya Kilgorek, Holly L. Olverak eta Jacob Lepek (Jake)— eta EHUko beren tutoreek —Irune Ibarrak, Mikel Diezek eta Aitor Larrañagak— erakutsi digute zelan gauzatzen den helburu hori.

«Jamya Kilgore: turista baten moduan etorri beharrean, neurri bateraino eguneroko bizitzan txertatu ahal izan naiz».

Itxura batean beren ibilbideek ez daukate antzik. Jamyak Lehen Hezkuntzako Graduko lehen maila amaitu berri du; Holly Ingeniaritza Mekanikoko doktoregoa egiten dabil; Jacob diziplinarteko ikasketak egiten ari da, Ingurumen Zientzietara bideratuak bereziki. Hala ere, hirurak bat datoz honetan: Atlantikoa zeharkatuta, aukera zabaldu zaie ikerketa teknika berriak baino askoz gehiago ikasteko.

Jamya eta Irune: idaztea, elkargune

Jamyaren aspaldiko ametsa zen Estatu Batuetatik kanpora ikasten joatea. Aukera sortu zitzaionean Gipuzkoako Hezkuntza Fakultatean praktikaldi bat egiteko, ez zuen zalantzarik izan eta eskaria egin zuen. “Praktika hauek sekulako aukera dira. Hemen eskuratuko ditudan trebetasunak onuragarriak izango dira niretzat, baina baita nire etorkizuneko ikasleentzat ere” —dio.

Irune Ibarra irakaslearekin batera, idazketaren eta kaligrafiaren irakaskuntzari buruzko proiektu batean parte hartzen ari da, bereziki erreparatuz ikasteko zailtasunak dauzkaten ikasleei eta prozesu horretan familiek bete dezaketen zereginari. Idahoko eskoletan idazketa nola irakasten den aztertzeaz gain, familientzako materialak prestatzen dabil, eta trebatzen ari da idazketa automatikoki ebaluatzeko tresna teknologikoak erabiltzen.

Irunek azaldu duenez, bi gauzari buruzko jakingurak bultzatu zuen programan parte hartzera: batetik, jakin nahi zuen Estatu Batuetako etorkizuneko irakasleak zelan prestatzen diren han eta, bestetik, elkarrizketa bat sortu gura zuen bi hezkuntza sistema desberdinen artean. “Unibertsitatean irakurtzen ditugun artikulu zientifikoetako asko Estatu Batuetakoak dira, baina gure ikuspegia ere lagungarri gerta dakieke hangoei. Trukeak bi norabideetan funtzionatzen du”.

Gainera, ikertzaileak beste antzekotasun bat ikuste du Idaho eta Euskadiren artean: aniztasun linguistikoa. “Idahoko eskoletan 95 hizkuntza darabiltzaten familiak elkartzen dira, eta hemengo errealitatea ere askotarikoa da. Familiak hezkuntzan inplikatuko baditugu, haiengana hurbiltzeko moduak bilatu behar ditugu beren hizkuntzetatik eta beren testuinguruetatik.

 Holly eta Mikel: Mugarik gabeko zientzia

Jamya hausnarrean dabil nola irakatsi idazten modu inklusiboago batez; bestalde, Holly L. Olverak guztiz bestelako ikerketa bat darama aurrera Bilboko Ingeniaritza Eskolan, giza mugimendua neurketa sistema desberdinen bidez karakterizatzeari buruzkoa. Indar sentsoreen plataformekin egiten du lan, eta hainbat unibertsitatetako ikertzaile eta ikasleek osatutako ikertalde bateko kidea da. “Ikerketan sakontzeaz gain, kultura berri bat ezagutu nahi nuen. Munduan bateko aukera zen”.

 «Mikel Díez: guztiok elkarrengandik ikasteko giroa sortzea da garrantzitsuena »

Haren mentoreak, Mikel Diezek, azpimarratzen du bisitariok zein modu naturalean txertatu diren taldean. “Interesa genuen Boiseko ikasleek zelan egiten duten lan jakiteko eta ikertaldeen arteko loturak sortzen jarraitzeko”. Ikasleak segituan bertakotu omen dira: “Nahikoa izan zen helburuak azaltzea eta lan plan bat egitea”.

Haren irudiko, gauza aberasgarrienetako bat da ikustea nola heltzen dioten ikasleok lan praktikoari. “Laborategian oso eroso dabiltzala ikusten da. Erreparo gutxiago daukate ekipoak muntatu eta esperimentatzen hasteko. Jarrera horrek gu ere behartzen gaitu betiko erosotasunetik irteteko eta gure irakasteko moldea birpentsatzeko.

Jake eta Aitor: ibaiak leheneratuz, Euskadi ezagutuz

Elkarrekin ikastearen ideia hori Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean ere azaltzen da. Bertan, Jacoc Lepek —Jake— Aitor Larrañagak gidatzen duen Ibai Ekologiako Laborategian txertatu da.

Ez da haren lehen esperientzia Espainian, baina bai lehenengoa ikerketa ingurune batean. Alacanten truke bat egin eta gero, itzultzeko aukeren irrikaz zegoen. Egonaldi hura amaitu nuenean, ezin nintzen nire lehengo bizimodura itzuli. Irakasle batek programa honen berri eman zidan eta aurkeztea erabaki nuen. Orain, RECHARGE proiektuan dago, zeinaren helburua ibaiak leheneratzea den. Jakek makroornogabeak sailkatzen eta ur ekosistemak analizatzen dihardu bertan.

Aitorrek, haren tutoreak, garbi zeukan hasieratik ekimen honetan parte hartu gura zuela. Gustukoa dut jatorri desberdinetako ikasleak izatea, aniztasuna aberasgarria baita beti, bai taldera heltzen denarentzat eta bai taldearentzat berarentzat.  Jakek hasiera-hasieratik erakutsi duen inplikazioa azpimarratu du: ilusioz parte hartzen du proposatzen dizkiogun ekimen guztietan, eta bestelako ikuspegi bat ekartzen du. Hori aberasgarria da beti.

Eguneroko bizitzaren esperientzia unibertsitatean

Arlo desberdinetakoak badira ere, hiru mentoreak bat datoz esatean egonaldia proiektu zehatz bakoitzetik haragokoa dela. Ikertalde baten eguneroko bizitzan txertatzea eta lan egiteko beste modu batzuk ikastea dakar.

Hezkuntza arloan, Jamyak familientzako materialak prestatzen dihardu, eta idazketari eta kaligrafiari buruzko atal bat idazten, eta, horretaz gain, ebaluaziorako tresna teknologikoen erabileran trebatzen ari da.

«Irune Ibarra: nazioartekotzea ez da bakarrik ikasleak kanpora bidaltzea edo kanpokoak berton hartzea, elkarrekin jakintza eraikitzea ere bada »

Ingeniaritzan, Hollyk lanean dihardu mugimendua harrapatzeko sistemekin eta indar sentsoreen plataformekin, Boisen aurrera daraman ikerketatik harago joanez.

Zientzietan, Jakek laborategiko lana eta landa lanarekin uztartzen ditu, eta gainera aukera izan du parte hartzeko Bilbon egin berri den Limnologiako Elkarte Iberiarraren nazioarteko kongresuan.

Mikel Diezek uste du egunero ikertzaileekin, irakasleekin eta ikasleekin gertuko harremanetan ibiltzea programaren balio handienetako bat dela. “Ez da bakarrik lanerako modu berriak ezagutzen dituztela. Pertsona desberdinekin aritzen dira eta aukera dute gure unibertsitateak nola funtzionatzen duen ikusteko eta gure kulturara hurbiltzeko. Hori guztia esperientziaren parte da.

Jamya guztiz bat dator. Ikasten ari naiz nola kulturak eragina daukan bai hezkuntzan eta bai eguneroko bizitzan. Esperientzia horiek ezin dira guztiz ulertu Estatu Batuetako ikasgela batetik.

Hollyk ikerketaren alderdi gizatiar hori ere nabarmendu du. Honek parada eman dit nire lanaren eremua zabaltzeko, eta nireaz bestelako esperientziak dauzkaten pertsonekin lan egiteko.

Bestalde, Jakeri aspaldiko bokazio argi bat sendotzen ari zaio egonaldiari esker. Beti nahi izan dut ingurumenean lan egin, baina esperientzia honek erakutsi dit zelako eragin ikaragarria izan dezakeen ingurumena leheneratzeko lanak, eta konturatu naiz honetan jarraitzeko prest nagoela.

Egonaldia baino askoz gehiago

Bestalde, ikasleek ziurtatzen dute esperientzia honen alde aberasgarrienetako bat ordutegi akademikotik kanpokoa dela, hots, beste kultura bat barrutik deskubritzea.

Jamyak aitortzen du ia ez zekiela ezer Euskadiz hona iritsi zenean. “Etorri aurretik ia ez nekien ezer Euskal Herriaz edo bertoko kulturaz”, onartu du. Ez zuen ezer zehatzik espero, eta deskubrimendu bakoitza ustekabe bat izan da. “Hemen bizitzeak zeharo aldatu dit ikuspegia. Turista bezala ibili beharrean, neurri batean eguneroko bizitzan murgildu ahal izan naiz, herri eta hiri batzuk ezagutu ahal izan ditut, bertoko janaria dastatu eta nire inguruko pertsonengandik ikasi”.

 «Holly L. Olvera: erosotasunetik  ateratzen zarenean eta beste kultura bat besarkatzen duzunean ikasten duzu benetan »

Holly gehien harritu duten gauzetako bat izan da euskal gizarteak bere hizkuntzari ematen dion garrantzia. Horrek eleaniztasunaren balioa gogoan hartzera bultzatu du. “Ulertu dut hizkuntza bat ikastea komunikaziotik askoz harago doala. Beste ikuspegi batzuk, beste tradizio batzuk eta beste bizimodu batzuk ulertzea ere bada”.

Berak ere aitortzen du Euskadiz oso gutxi zekiela hona heldu zenean. Hala ere, aste batzuk igarota, komunitate sentimendua aipatzen du egonaldian egin dituen deskubrimendu nagusien artean. “Segurua, ongi etorria eta integratua sentitu naiz hasieratik, eta horrek harritu egin nau”.

Mentoreak pozez ikusten du integrazio hori. “Kafetegian ikusten dituzu gainerako taldekideekin, mintegietara joaten eta galderak egiten eta ideiak proposatzen. Oso denbora gutxian bisitariak izatetik beste ikasle bat gehiago izatera pasatu dira.

Integrazio horrek Jacob Lepe ere harritu du. Euskadik ezer berezirik badu, hori bizitza ulertzeko modua da, bere irudiko. “Uste dut euskaldunek behar bezala bizi dutela bizitza”. Baina, batez ere, unibertsitatearen barruan eta unibertsitatetik kanpo aurkitu duen giroa goraipatzen du. “Esan liteke jendea pozik dagoela bere komunitateari zerbait emateaz. Eta, gainera, uste dut Estatu Batuetan kafetegi bat bagenu bazter bakoitzean, gure arazoetako asko konpondu egingo liratekeela”, esan du barreka.

Abegi egiteak ere irakasten du

Lehen asteak ez ziren arazo gabeak izan, ordea. Nazioarteko esperientzia orok egokitze emozional bat ere eskatzen du, eta ikasle bakoitzak bere erara bizi izan du hori.

Jamyak aitortzen du lehen egunak bereziki gogorrak izan zirela. “Sekula ez naiz nire familiarengandik hain urrun egon. Lehen astean haien min handia izan nuen”. Gogoratzen du guztia aldatu zela fakultatean jasotako abegiari esker. “Irunek unibertsitatea eta inguruak erakutsi zizkidan, beste pertsona batzuk aurkeztu zizkidan, eta esperientzia hau partekatzeko beste ikaskide batzuk ezagutzen lagundu zidan”.

Mentoreak Boiseko ikasle taldearen garrantzia azpimarratu du. “Beren arteko loturak sortu dituzte, eta nazioarteko beste ikaskide batzuekikoak ere bai. Sostengu sare horrek asko xamurtu die egokitze prozesua.

Ikertaldeak egindako abegiari esker, integrazioa oso naturala izan zen Hollyrentzat. “Mikelek oso lankidetza giro ona sortu du. Bakoitzak dakiena ekartzen du taldera, eta, aldi berean, jarrera irekia du besteengandik ikasten jarraitzeko”.

Horixe da arrakastaren giltzarrietako bat Mikel Díezen ustetan. “Kontua ez da proiektu jakin bat irakastea bakarrik. Guztiok elkarrengandik ikasteko giroa sortzea da ardura duena”.

Jake ere berehala sentitu zen eroso. Egun batzuk besterik ez zituen behar izan garraio publikoa erabiltzen ohitzeko; bereziki deigarria egin zaio hori. “Iruditzen zait ia-ia edozein lekutara joan naitekeela”. Horrela, egunerokoari lotu zitzaion, eta laster etorri ziren laborategiko lana, landa lanerako irteerak eta nazioarteko kongresu bat. “Limnologiako Iberiar Elkartearen kongresuan parte hartzea sinestezina izan zen niretzat”, dio miretsita. “Egundo ez nuen pentsatu hainbeste jende egongo zenik gure planeta zaintzeko lanean”.

 «Jake Lepe: Esperientzia honekin ikusten ari naiz ingurumena leheneratzeak sekulako eragina izan dezakeela »

Haren mentore Aitor Larrañagak uste du honelako jarduerek ikaragarri aberasten dutela egonaldia. “Ez du gure laborategia bakarrik ezagutu. Beste herrialde batzuetako ikertzaileekin ere ibili da harremanetan eta gaur egun garatzen ari diren lan ildoen berri izan du”.

Eduki zientifikoetatik haratago, denak bat datoz esatean eguneroko bizikidetza, azken buruan, ikaskuntzaren funtsezko osagai bihurtu dela.

Jamyak dio San Juanak bere oroitzapen kuttunenetako bat izango direla. “Itzelezko esperientzia izan ziren jai horiek: tradizioa, musika eta dantzak barrutik ezagutu ahal izan nituen. Gauza batzuk  bizi egin behar dira ezagutzeko”.

Hollyk eguneroko solasak nabarmendu ditu, elkarrekin egindako otorduak eta orain dela hilabete gutxira arte ezagutzen ez zuen kultura bat deskubritzea. Jakek esaldi soil batez laburbildu du sentsazio hori: “Beste bat gehiago sentitzen naiz hemen”.

Joan… eta etorriko bidaia

Boisera itzultzen direnean, hiru ikasleek ezagutza zientifiko berriak eramango dituzte aldean, baina horretaz gain, hezkuntza, ikerketa eta giza harremanak ulertzeko beste modu bat ere bai.

Jamyak bere etorkizuneko maistra lanera eraman nahi du esperientzia hau. “Kultura guztiak ordezkatuak eta errespetatuak diren ikasgela bat sortu nahi dut. Gainera, nire balizko ikasleei mundua ezagutzeko grina piztu nahi diet”.

Hollyk dio egonaldi honek bere ikerketa ez ezik, pertsonei begiratzeko era ere zabaldu diola. “Ikaskuntza garrantzitsuena dator erosotasunetik ateratzen zarenean, beste kultura bat besarkatzen duzunean eta jatorri desberdinetako pertsonekin elkarlanean aritzen zarenean”.

Jakek ere ez dauka dudarik etorkizunari begira jartzen denean. “Esperientzia honek ikuspegi berri bat eman dit ingurumena leheneratzeak izan dezakeen eragin itzelaz. Iruditzen zait prest nagoela nire karrera horretara bideratzeko”.

Mentoreek ere uste dute programak betirako aztarna utziko diela. Irune Ibarraren ustez,  Itsasoaz gaindiko Campusak frogatzen du nazioartekotzea ez dela bakarrik ikasleak kanpora bidaltzea edo kanpokoak berton hartzea, baizik eta elkarrekin jakintza eraikitzea ere badela”. “Honelako programak sendotzea aurrerapen handia da. Bestelako errealitateak ezagutzeko aukera ematen digu, eta elkarrengandik ikastekoa”.

Mikel Díezek beste ideia bat gehitu du. “Honelako programak izugarrizko aurkezpen txartel ona dira gure unibertsitatearentzat. Bisitariak esperientzia onarekin itzultzen badira, gure enbaxadorerik onenak bihurtzen dira”.

Aitor Larrañaga apur bat harantzago doa. “Ikasle batzuen bizitzetan hau mugarri bat da. Esaterako, Jake hasi da pentsatzen eskualde honetan aukera profesionalak bilatzeaz. Horrek erakusten du zein pozik dagoen esperientziarekin”.

Testigantza hauek ozta erakusten dute hasi berria den programa honen garrantzia. Ikerketa proiektuak amaituko dira, laborategiak beren errutinara itzuliko dira, eta ikasleak bueltan joango dira Idahora. Hala ere, Itsasoz gaindiko Campusaren zinezko ondoretza asteotan sortutako loturak izango dira: lankidetza zientifikoak, adiskidetasunak eta hezkuntza eta ikerketa ulertzeko modu berriak, mundu gero eta interkonektatuago honetan.

Oraindik ere lan aste batzuk geratzen zaizkie beren herrira bihurtu aurretik. Aldean eramango dute emaitza akademikoen uzta bat, bai, baina baita ere kultura baten, unibertsitate baten eta esperientzia baten oroitzapenak, nekez ahaztuko dituztenak.