euskaraespañol

Redes sociales campusa

EHU 358. postuan dago NTUren Munduko Unibertsitateen Sailkapenean

Taiwango Unibertsitate Nazionalak egindako sailkapenak unibertsitateen argitalpen akademikoak hartu ditu kontuan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/28

Argazkia: EHU

Taiwango Unibertsitate Nazionalak (NTU) ‘Munduko Unibertsitateentzako Artikulu Zientifikoen Errendimenduaren Sailkapena argitaratu du’. Sailkapen berri horretan, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) 358. postuan dago ebaluatutako 1.243 unibertsitateen artean, eta Estatu mailan zazpigarrena da.

Argitaratutako datuen arabera, EHUk Estatuan duen posizioari eutsi dio eta nazioartean gora egin du:

Sailkapena 2026 2025
Mundu mailako sailkapena358374
Estatuan77

 

NTU Rankings sailkapenak mundu osoko unibertsitateen errendimendu zientifikoa alderatzen du, argitalpen akademikoetan oinarrituta bakarrik, hiru ikuspegitatik: ikerkuntza produktibitatea, ikerketaren eragina eta ikerketaren bikaintasuna. Aurten, NTU Rankingek, gainera, errendimenduaren sailkapen orokorra eskaintzen du, arlo espezifikoaren araberako 6 sailkapenekin eta ikasgai espezifikoren araberako 27 sailkapenekin batera.

EHUren nazioarteko postua arloen eta ikasgaien arabera:

Arloak 2026 2025
Natur Zientziak229221
Ikasgaiak 2026 2025
Ingeniaritza Kimikoa197181
Fisika 218 244
Kimika224193
Materialen Zientziak 272 276

 

Jon Umerez Ikerketako errektoreordeak emaitza horiek "EHUn garatzen den ikerketaren sendotasunaren eta gure ikertzaileek bikaintasun zientifikoarekin duten konpromisoaren" erakusgarri gisa baloratu ditu. Era berean, izaera bibliometrikoa duen rankinga dela gogorarazi du, argitalpen zientifikoen bolumenean eta inpaktuan oinarritua, eta, beraz, "gure unibertsitateko ekoizpen akademikoak nazioartean duen kokapenaren argazki partziala baina zorrotza eskaintzen du".

Umerezek azpimarratu duenez, EHUk munduko sailkapenean izan duen hobekuntzak eta Estatuan Kimika, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza Kimikoan izan duen lidergoak "gure ikerketak nazioarteko komunitate zientifikoan jasotzen duen aitortza islatzen dute".

Estatuko sailkapenei erreparatuz gero, EHU lehen postuan dago Materialen Zientzian, Ingeniaritza Kimikoan eta Kimikan; bestalde, Fisikan, aurretik lortutako seigarren postuari eutsi dio.

Jarraian ikusten den taulan Euskal Herriko Unibertsitatearen errendimendu akademikoari buruzko informazio gehiago ageri da hainbat arlo eta ikasgaien arabera banatuta:

Arloak, Estatuan 2026 2025
Natur Zientziak76
Ikasgaiak 2026 2025
Ingeniaritza Kimikoa 1 1
Fisika 6 6
Kimika 1 1
Materialen Zientziak 1 2

 

Umerezek gaineratu duenez, Estatuko zazpigarren postua sendotzea eta mundu mailan postuak igotzen jarraitzea "gure ikerketa taldeen etengabeko ahaleginaren emaitza da". Hala ere, gogorarazi du horrelako sailkapenek, adierazle bibliometrikoetan soilik oinarritzen direnez, "ez dutela ikerketa-jardueraren dimentsio osoa hartzen", kanpoan uzten baitituzte ezagutzaren transferentzia, eragin soziala edo unibertsitatearen prestakuntza-eskaintzaren kalitatea bezalako alderdiak. Hala ere, adierazi duenez, emaitza horiek "kalitatezko ikerketaren aldeko apustua egitera bultzatzen gaituzte, unibertsitatearen garapenaren motor gisa".

Artikulu zientifikoen sailkapena

Taiwango Unibertsitate Nazionalak (NTU) 2007az geroztik argitaratzen du Munduko Unibertsitateentzako Artikulu Zientifikoen Errendimenduaren Sailkapena, NTU Rankinga izenez ere ezaguna. Sailkapen sistema Mu-Hsuan Huang doktoreak (Bibliotekonomiako eta Informazio Zientzietako irakaslea NTUn) zuzendutako ikerkuntza taldeak garatu zuen. Hasieran, NTUk eta Taiwango Goi Mailako Hezkuntzaren Ebaluazio eta Egiaztapen Kontseiluak (HEEACT) batera antolatu zuten sailkapena, baina 2012az geroztik NTUk bakarrik kudeatzen du NTUren sailkapena.

Emaitza orokorrez gain, NTUren sailkapenek unibertsitateen adierazle globalak sei ezagutza arlotan eta hautatutako hogeita zazpi eremu tematikotan banatuta eskaintzen dituzte. Sei ezagutza arlo horien artean daude, besteak beste, Nekazaritza Zientziak, Ingurumena/Ekologia, Landareen eta Animalien Zientziak eta Ingeniaritza Kimikoa. Hogeita zazpi eremu tematikoen artean, berriz, Energia Zientzia eta Ingeniaritza, Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza eta Ingeniaritza Biomedikoa daude, besteak beste.

Hasieran, NTUren sailkapenak munduko 500 unibertsitate hartzen zituen sailkapen orokorrean, eta 300 unibertsitate ezagutza arloen eta eremu tematikoen sailkapenetan. Gaur egun, ordea, 1.200 unibertsitate baino gehiago daude World University Rankings sailkapenean. Informazio zehatzagoa bere webgunean kontsulta daiteke.


Honen harira