Bakearen eta bizikidetzaren alde EHUk duen konpromiso irmoa aldarrikatzen hasi du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak 2026-27ko ikasturteko irekiera ekitaldiko hitzartzea. Arabako Campusean egin da, Letren Fakultatean. Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eman dio hasiera ikasturte berriari.
-
EHUren Adimen Artifiziala, Ingeniaritza Kimikoa eta Hezkuntza, munduko 200 onenen artean, gaikako Shanghaiko Rankingaren arabera
-
Karabela portugesa, alga toxikoak eta Kantauri itsasoko beste biztanle berri batzuk
-
«Paisaiari eusteko komeni da baserriak birgaitzea eta berrerabiltzea»
-
Unibertsitate eredu propioa aldarrikatu du errektoreak EHUren ikasturtearen irekieran
-
EHUk kalera aterako du zientzia oraingoan ere, Ikertzaileen Europako Gauean
Unibertsitate eredu propioa aldarrikatu du errektoreak EHUren ikasturtearen irekieran
Eusko Legebiltzarreko lehendakaria mahai-buru zela eman zaio irekiera ofiziala 2026-27 ikasturteari Arabak Campusean egindako ekitaldian
- Kronika
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/14
2026-27 ikasturte berriari ekin diote 8.859 graduko ikasle berrik, unibertsitate plan berriak eta unibertsitateen lege berriaren proiektuak markatuko duten ikasturtea. Horren aurrean, lege berriak “unibertsitate eredu propioa eratzeko” balio behar duela aldarrikatu du Joxerramon Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektoreak eta “horretan lanean jarraituko” dugula adierazi du, “EHUk duen lidergoa proiektatzeko eta unibertsitate publiko gisa izan behar duen berezitasuna aitortzeko”.
Halaber, unibertsitateak dituen gainerako erronken artean azpimarra jarri nahi izan du nazioarteko rankingek suposatzen duten lehian. “Gure unibertsitateak ikerketa-oinarri sendoa eta lehiakorra du Espainiako estatuaren testuinguruan, baina alde handia du ARWU rankingean ondoen kokatuta dauden unibertsitateekiko; batez ere nazioarteko inpaktu zientifikoan eta ikerketa-bikaintasunaren aintzatespenean”, esan du errektoreak. Horregatik aukera baliatu du eskerrak emateko “ARWUn neurtzen ez diren beste adierazle askotan (eleaniztasuna, irakaskuntza, kultura zientifikoaren dibulgazioa, transferentzia, konpromiso soziala, pertsonen zaintza, etab.) hobera egiteko lanean ari diren komunitateko kideei”.
Adimen Artifizialak eta berau garatzen ari diren korporazioek duten eraginaz ere ohartarazi du Bengoetxeak. “Ez dugu AA deabrutu nahi”, esan du Bengoetxean, “harekiko erabateko mendekotasuna baizik. Hezkuntzan, oro har, eta unibertsitateko irakaskuntzan duen eragina izugarria baita, eta bere aukerak aztertzen jakin behar dugu, eremu guztietan, baina epistemologikoki ez esklabizatzeko, ezagutza guztia berari eman gabe”, zehaztu du.
Hirugarrenik, demografia aldaketak suposatzen duen erronkari erreparatu dio eta Mexikoko UNAM unibertsitatearekin topaketa akademiko bat iragarri du azarorako, Bilbon.
Emandako hitza beteta
Bengoetxeak gogoratu duenez, “3 ardatzen bueltan ekin genion iaz ikasturteari, eta emandako hitzarekin betez, aurkeztu genuen unibertsitatearen premien diagnosia, aurrekontuei begira; osatu eta onartu genuen 2026-2028 Estrategia Plana; eta eztabaidatu, bozkatu eta onartu zituen klaustroak EHUren Estatutu Berriak”. Horregatik, bai emaitzarekin eta bai EHUren komunitateak erakutsitako konpromisoarekin “oso harro” dagoela adierazi du.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak bere hitzartzean, “Unibertsitateak herrialde baten garapen ekonomiko, zientifiko eta kulturala bermatzeko, herritarren kohesioa eta ongizatea indartzeko, eta elkartasunean eta justizia sozialean aurrera egiteko duen funtsezko zeregina” azpimarratu du. Eta, munduko 400 unibertsitate onenen artean egoteagatik EHU zoriondu ondoren, “euskal erakundeek gure unibertsitate-sistemarekin dugun konpromisoa” azpimarratu du, “bikaintasunera bideratzen jarrai dezan eta talentua eta ezagutza aurreratua sor ditzan, Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialari eta erronka teknologiko-digitalari erantzuteko palanka gisa”.
Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, bestalde, datozen urteetarako unibertsitate-esparruko gai nagusiak jorratu ditu: irakasleen ibilbide akademikoa; unibertsitate-komunitatearen ongizate psikologikoa, eta ikerketa, nazioarteko izaerari erreferentzia berezia eginez. Ildo horretan, sailburuak azpimarratu du “unibertsitate onak, benetan onak” nazioarteko testuinguruan “direla onak” eta “goi-mailako unibertsitate onenekin alderatuz” neurtzen direla, baina zerbitzatzen duen komunitatea eta haren beharrak eta nahiak gogoan izan behar dituela.” Bi ikuspegi horiek ez dute zertan elkarren aurka egon, eta batek ez du bestea lausotu behar” gaineratu du.
2025-2026ko memoria akademikoa
EHUren idazkari nagusi Leire Garmendiak EHUren estatutu berriak eta 2026-28 Estrategia Plana onartu izana eta horra heltzeko komunitateak izandako parte hartzea azpimarratuz hasi du aurreko ikasturtearen memoria. Eta formazioan, ikerketan eta transferentzian izandako datu onak azpimarratu ditu. Izan ere, aurreko ikasturtean 566 doktorego-tesi defendatu dira eta % 46 nazioarteko aipamena izan du; euskaraz defendatutako 82 tesietatik erdiek lortu dute nazioarteko aipamena. Halaber, 55,6 milioi euroko itzulera lortu dira ikerketari laguntzeko deialdi lehiakorretan (iazko baino % 4 gehiago),11,7 milioi nazioarteko ikerketa deialdietan eta 10,5 milioi “Ezagutza sortzeko” deialdian.
Halaber, 1.500 proiektu baino gehiago egin dira kanpoko eragileekin elkarlanean eta 14 milioi eurotara iritsi dira diru-sarrerak eta Europako Ikerketa Batzordearen (ERC, ingeleseko siglen arabera) 5 beka entzutetsuren onuradun izan da EHU.
Formazioan egindako berritasunen artean, unibertsitate mikrokredentzialak aipatu ditu. Europak finantzatutako programari esker, 121 mikrokredentzial eskaini dira (aurreikusitakoa baino hiru aldiz gehiago) eta 80 erakunde, enpresa eta administrazio publikoko 2.700etik gora profesional matrikulatu dira.
EHUk duen enplegagarritasun mailari dagokionez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoak emandako datuak ekarri ditu gogora. Hala, tituludunen % 92 lanean ari dela (iaz baino % 2 gehiago) eta lehen enplegua hiru hilabete baino gutxiagotan lortzen dutela EHUko egresatuek.
Ordezkaritza zabala
Nekane Balluerka EHUko errektore ohiarekin batera izan dira herri agintarien artean Unibertsitate Politikako sailburu orde Xabier Aizpurua eta Sara Urionabarrenetxea, Unibertsitate Antolamendu eta Plangintzaren Zuzendaria; Mugikortasun jasangarriaren eta bide azpiegitura foru diputatu Jon Nogales Prieto; Irma Basterra, Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria; Xabier Barandiaran, Ikoitz Arretxe, Patricia Campelo eta Muriel Larrea Legebiltzarreko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordeko kideak; eta Sonia Díaz de Corcuera Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzia.
Arlo akademikotik, berriz, Juan Jose Etxeberria, Bixente Atxa eta Eva Egiguren Deusto, Mondragon Unibertsitate eta EUNEIZeko errektoreak; NUPeko idazkari nagusi Roldan Jimeno; UEUko zuzendari Aitor Bengoetxea, UNED-Gasteizko zuzendari Ruben Gonzalez eta Nafarroako Unibertsitateko TECNUNeko ingeniaritza eskolako Javier Planes zuzendaria.
Dokumentuak
Irudi galeria
-
EHUko errektoreak Eusko Legebiltzarreko lehendakaria agurtzen du. Argazkia: Fernando Gómez -
EHUko abesbatza. Argazkia: Fernando Gómez -
Ikasturte berriaren irekiera ofiziala. Argazkia: Fernando Gómez -
Ezkerretik eskubira: Ixone Fernandez de Labastida Arabako Campuseko errektoreordea; Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko lehendakaria; Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua; eta, EHUren idazkari nagusi Leire Garmendia. Argazkia: Fernando Gómez -
Ikasturte berriaren irekiera ofiziala. Argazkia: Fernando Gómez -
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua. Argazkia: Fernando Gómez
