euskaraespañol

Eguneko irudia

Redes sociales campusa

EHUko Klaustroaren adierazpena unibertsitate publikoak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen finantzaketaren inguruan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/11/20

Gaur, azaroaren 20an, Klaustroa egin da. | Argazkia: EHU.

Hurrengo adierazpena Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak gaur, azaroak 20, egindako bileran onartu da, aldeko 83 botorekin, kontrako 15ekin, 21 abstentziorekin eta baliogabe 1ekin.

“EHUko azpifinantzaketa ez da egoera berria. Izan ere, jendarteari zerbitzua eskaintzeko (formazioan, ikerketan, transferentzian, ideien sorrerarako eta eztabaida kritikorako eremu gisa…) eta unibertsitate publikoak bere potentzialtasun osoa garatzeko baliabide falta endemikoa da. Krisi ekonomikoek unibertsitate publikoa ere kolpatu dute baina, beste arlo eta eragile batzuekin gertatzen ez den moduan, unibertsitate publikoak ez du jaso beharrezko arreta. Eta horrela izaten jarraitzen du. Azken urteetan aurrekontua zertxobait handitu arren (eta 2026rako ere igoera aurreikusi arren), Eusko Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen finantziazioa ez da inolaz ere nahikoa EHUko egiturazko beharrei aurre egiteko. EHUk aspaldidanik arrastaka daraman zorrari aurre egiteko baino ez du balio izango.

Unibertsitate publikoa kalitatezko formazioa eta maila altuko ikerketa garatzen ari da, hamarkadetan zehar EHUko langileek egindako lanaren emaitza dena. Alabaina, gabeziak, disfuntzioak, diskriminazioa eta prekarietate egoerak mantentzen dira, baita hobetzeko beste egoera asko ere. Izan ere, bere funtzioa betetzeko EHUk ezinbestekoa du esparru guztietan baldintza egokiak izatea, eta, arlo askotan, baldintzak aproposak izatetik oso urrun gaude. Egoera horren ondorio negatiboek langileengan ez ezik, irakaskuntzan ere badute eragina. Gero eta ohikoagoak dira irakaslerik gabe geratzen diren irakasgaiak edota ikerketa modu egokian gauzatzeko teknikaririk aurkitu ezinik egotea. Eta horri guztiari, unibertsitate pribatuek eskaintzen dituzten gradu eta masterren eragina gehitu behar zaio. Izan ere, ez dira hauek EHUkoen osagarri izateko etorri, baizik eta, kasu askotan, publikoaren eskaintza ordezkatzeko.

Plantilla ez da nahikoa zerbitzu eta sail batzuetan, eta EHUko irakasle eta ikertzaile (IRI) zein Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL) kolektiboetako kideek pairatu duten erosahalmenaren galera nabaria izan da azken bi hamarkadetan (kolektibo eta kategoria guztietan % 20-tik gora). Horri gehitu behar zaizkio IRIen soldatak osatzeko 2006an martxan jarritako ordainsari osagarriei Eusko Jaurlaritzak ezarritako oztopoak (deialdi batzuk ez atera, deialdien ebazpenak sistematikoki berandutu ordainketa urte bat atzeratzeko, diru-kopurua 2006tik eguneratu ez izana…) edota aldi baterako IRI kolektibo batzuei seiurtekoak eta bosturtekoak eskatzeko aukera ukatzea ere. Doktorego aurreko ikertzaileek eta TEKAZELeko maila baxuenetako langileek jasotzen dituzten soldatak oso baxua dira. Eta zer esan arduraldi partzialeko ordezko irakasleen soldata prekarioei buruz, non klase eta tutoretza orduez gain egindako aktibitateak (klaseen prestaketa, formazioa, koordinazio eta oinarrizko kudeaketa…) ez zaizkien ordaintzen. Bestalde, promozioaren zain mantentzen diren ia berrehun IRIen egoera ere ezin da aipatu gabe utzi. Promozionatzea eskubidea izan arren eta legeak txanda librean sortutako plazen kopuru bera promoziorako ateratzea ahalbidetu arren, Eusko Jaurlaritzak ezarritako mugek IRI asko urteak itxarotera behartzen dituzte, horrek suposatzen duen kalte akademiko eta ekonomikoarekin. IRIei lotutako egoera hauek eta, bereziki, hezkuntza ez unibertsitarioarekin alderatuta, IRIen oinarrizko soldata baxuagoek erreleboa kolokan jartzen dute jakintza arlo eta sail batzuetan.

TEKAZEL/IRI ratioarena EHUn konpontzeko daukagun beste alderdi garrantzitsu bat da, Estatu mailako ratio baxuena eta Europa mailako Estatuetakoa baino askoz baxuagoa baita. Gainkargatuta dauden zerbitzu batzuetan teknikari gehiago kontratatu behar dira unibertsitatearen eguneroko funtzionamendua hobetzeko eta TEKAZEL/IRI ratioa era nabarmenean handitzeko.

Ildo horretatik jarraituz, TEKAZEL kolektiboko lanpostuen birbalorazioa eta lanpostuen zerrenda berria egitea ere aspaldiko beharrak dira, baina hori gauzatzeko ere ezinbestekoa da behar adinako finantzazioa. Kolektibo honen baitan ere badaude lan-baldintza hobeen bila beste erakunde batzuetara joaten diren langileak, eta honen adibide nabarmenena zerbitzu-medikuan daukagu.

Beharrezko lanpostuak sortzea eta exijitutako kualifikaziorako soldata aproposak izatea ez dira finantzaketari lotutako alderdi bakarrak. Izan ere, tesia egiteko kontratu-kopurua igo behar da, ikasleentzako irisgarritasun teknologikoa ikasgeletan eta eraikinetan bermatu, desgaitasunak dituzten ikasleentzako baliabide apropos gehiago eskaini, eta mantentze-, berdintasun-, prebentzio eta arreta psikologikorako zerbitzuak indartu behar dira. EHUko eraikin batzuen egoera oso kezkagarria da, mantentze falta dela eta, baita azpiegitura berriak martxan jartzeko ezintasuna ere. Era berean, irakaskuntza eta ikerketa hobeto garatzeko sailak eta ikerketa taldeak baliabide gehiagorekin hornitu behar dira. Tramite askoren burokratizazioa gutxitzeko, barne antolaketa hobetzeaz gain, inbertsio ekonomikoa egitea ere beharrezkoa da. Horrez gain, gaur egun pribatizatuta dauden zerbitzu batzuen publifikazioak ere EHU sendoago batera eramango gintuzke.

Eusko Jaurlaritzak 2025eko aurrekontuetan EHUrako bideratutako diru-sorta EAEko 2024ko BPGren % 0,41 izan da (402,8 milioi euro 98.289,8 milioitik). Ehuneko hori oso urrun dago Europako beste Estatuetan hezkuntza unibertsitario publikora bideratutako zifretatik, baita USLOk unibertsitate publikoetarako 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-etik. Gutxieneko helburu horretatik oso urrun gaude eta, entzundako eta irakurritako adierazpenengatik, ez da antzematen Eusko Jaurlaritzaren aldetik ekarpen hori betetzeko asmorik. Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateetarako gain-finantzaketa lortzeko aukera aipatzen du USLOk, baina, momentuz, aukera hori ez omen dute jorratu. Unibertsitate publikorako beharrezko finantzaketa lortzeko bidea markatuta dago baina, gure ustez, faltan dagoena unibertsitate publikoaren aldeko apustu garbia da. Izan ere, etorkizunean EHU gero eta ahulago izateko arriskua erreala den bitartean, Eusko Jaurlaritzatik unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzen zaiela ikusten dugu, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz.

EHUko komunitatearen ordezkariak garen heinean, EHUko klaustrokideok EHUk jasotzen duen inbertsio publikoa handitzeko eskatzen dugu. Bereziki, Eusko Jaurlaritzak EHUra bideratzen duen finantzaketa nabarmen handitzeko eskatzen dugu, EHUk dituen beharrei erantzun ahal izateko eta unibertsitate publikoak jendarteari eskaini behar dion zerbitzu publikoa ahalik eta modu eraginkorrenean garatu ahal izateko. Unibertsitate publikoa aukera berdintasuna, kohesio soziala eta jendartearen arazo eta erronkei erantzuteko ezinbesteko tresna da. Unibertsitate publikoan inbertitzea jendarte justuago batean inbertitzea da.”

Bestalde, errektoretza-taldeak 2026rako premien txostena jakinarazi dio Klaustroari.