“Arrakastatsua!”. Horixe nabarmendu du EHUP! Jaiaren bigarren edizioa antolatzen aritu den Gipuzkoako Campuseko lantaldeak. Aurreikuspenak gaindituta eta eguraldia lagun, primerako giroa sortu zen euskal unibertsitate publikoaren aldeko jaian. Gipuzkoako Campusak Arabakoari eman dio lekukoa dagoeneko.
-
Gradu eta graduondo amaiera ekitaldi bateratua ospatuko du EHUk San Mamesen ekainaren 12an
-
Francisco Letamendia "Ortzi" hil da, EHUko irakaslea 2017ra arte
-
EHUk atsekabea erakutsi du Garaikoetxearen heriotzagatik: "Euskal unibertsitate publikoa zorretan dago berarekin"
-
Sexua aldagai saihetsezina ikerketa biomedikoan
-
Non dago armairu hau?
Gasteizek hartuko du EHUP! Jaiaren lekukoa 2027an
Gipuzkoako Campusean 5.000 lagun inguru elkartu ziren joan zen ostiraleko jaian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2026/04/30
Apirilaren 16an Arabako Campusean ospatuko da EHUP! Jaiaren hirugarren edizioa. Iaz Leioan hasitako bideari jarraitu dio Gipuzkoako Campusak eta egitasmoaren arrakasta berretsi du antolaketan aritu den lantaldeak. Bere esker ona adierazi die bai jaia posible egin zuten boluntario guztiei, bai jaian izan ziren kide eta herritar guzti-guztiei.
5.000 lagun inguru elkartu ziren Gipuzkoako Campuseko Unamuno plazan. Bertan jarritako hiru txosnen eta eskenatokiaren bueltan sekulako giroa sortu zen egun guztian zehar. “Eguraldia alde izan dugu eta giroa aparta izan da goizeko lehen ordutik hasita”, adierazi du Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Juana Goizuetak. “Kolektibo denetako kideak batu dira jaira eta ikasleen inplikazioa bereziki esanguratsua izan da; sekulako giroa jarri dute”, gehitu du.
Une gogoangarri asko egon ziren egunean zehar, eta horietako bat izan zen txupinazoa jaurti zuenekoa, zein bingo musikala bera. “Dantzarako eta jolaserako aukera bikaina izan zen egun osoan zehar eta zorionez ez zen aparteko intzidentziarik izan”, azaldu du errektoreordeak. Horregatik guztiagatik, bere esker ona adierazi die EHUren komunitateko kide guztiei, “egon zirenei, zein joan ezinda ere, EHUP! Jaiari babesa adierazi dien guztiei”.
2027an Araban
EHUP! Jaia hasieratik EHUren jai ibiltari gisa sortu zenez, datorren ikasturtean Araban ospatuko da. Eta EHUP! Jaiaren lekualdatzea irudikatzeko hitzordua egin dute Gipuzkoako errektoreordeak eta Arabakoak, Juana Goizuetak eta Ixone Fernandez de Labastidak. Jaiko zapia lekuko, 2027ko apirilaren 16an Arabako Campusean jaia egiteko lehen urratsa egina dago.