euskaraespañol

photocampus: eguneko irudia

Redes sociales campusa

Bizkaiko Esperientzia Geletako mikrokredentzialek harrera bikaina izan dute

Eskainitako 7 mikrokredentzialetan izen eman daiteke oraindik

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2026/07/23

Bizialdi osoko prestakuntza-premia aldakorrei erantzuteko, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ikastaro laburrak eskaintzen ditu, kreditu-karga txikiarekin, espezializatuak eta gaurkotasunekoak. Unibertsitateko mikrokredentzialak deiturikoak dira, eta goi-mailako hezkuntzaren paradigma berri bat irudikatzen dute, etengabeko ikaskuntzako prestakuntza-eredu berritzaile bat. Testuinguru horretan, EHUko Bizkaiko Esperientzia Gelek 12 mikrokredentzial eskaintzen dituzte, ikasgeletan ematen den Giza Zientzietako Unibertsitate Tituluaren eskaintzaren osagarri; lau urteko titulu bat, 55 urtetik gorakoei zuzendua, eta aldez aurreko ikasketarik behar ez duena alegia. Bertan hainbat jakintza-arlotako irakasgaiak ematen dira, hala nola artea, historia, hizkuntza, osasuna, filosofia...

Bizkaiko Esperientzia Geletako mikrokredentzialen eskaintza hiru arlotan biltzen da: pentsamendu kritikoa (filosofia, zuzenbidea, soziologia, psikologia eta sexologia); artea (zinema, musika, antzerkia eta dantza); eta hirugarren eremu bat natur zientzien eta zientzia esperimentalen inguruan. Eskaintzen diren 12 mikrokredentzialetatik, 5ek dagoeneko agortu dituzte plaza guztiak. Orain arte bostehun pertsona baino gehiago matrikulatu dira. Hala ere, badago aukera izena emateko oraindik; izan ere, 7 ikastaroetan plazak daude: ‘Mujeres cineastas. desde el pionerismo al feminismo’; ‘Vida en verde: Explorando el mundo vegetal’; ‘Análisis de teatro y danza: dramaturgias de la imagen’; ‘Etica normativa y metaética’; ‘Introducción a la música del siglo XX y contemporánea’; ‘Conflictos contemoráneos en torno a la diversidad desde la sexología’; y, ‘El lenguaje universal del cine’. Zazpi ikastaro hauetan izena emateko epea zabalik dago plazak agortu arte.

Idoia Igartua Laraudogoitia EHUko Bizkaiko Esperientzia Geletako zuzendariak prestakuntza horren balioa azpimarratu du: “Mikrokredentzialen bitartez, euskal unibertsitate publiko are irekiagoa eskaini nahi diogu gizarteari. Eskaintza zabal eta malguak inguratzen gaituen errealitatea ikuspuntu berrietatik begiratzera gonbidatzen gaitu. Tresna eta ikuspegi berriak eskaini nahi ditu, mundua aztertzeko, hausnartzeko eta ulertzeko dugun gaitasuna zabaltzeko, eta, aldi berean, gure esperientzia pertsonala, kulturala eta soziala aberasteko”.

Zentzu horretan, bai mikrokredentzialak, bai Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua, biak Esperientzia Gelek emanak, EHUren apustu garbia da etengabeko ikaskuntzaren alde, hezkuntza mugarik gabeko prozesua izan dadin, ez denborazkoa, ez espaziala.