euskaraespañol

Redes sociales campusa

Ikasasun, diziplina anitzeko irakaskuntza biosanitarioa

EHUko ikasleek Arabako Esperientzia Geletako ikasleen aurrean azaldu zituzten gradu amaierako lanak

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2026/06/03

Argazkia: EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) gradu desberdinetako lau ikaslek minaren kudeaketarekin lotutako gradu amaierako lanak (osasungintzako hainbat arlotan oinarrituta) aurkeztu zizkieten Arabako Esperientzia Geletako ikasleei, IKAsasun-Mina hezkuntza berrikuntzako proiektuaren barruan.

María Díaz Farmaziako ikasleak nanoteknologiak min kronikoaren kudeaketan izan dezakeen ekarpenaz hitz egin zuen. Bestalde, María Nuño Medikuntzako ikasleak kannabinoideek Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) duten pazienteen bizi kalitatea hobetzeko izan dezaketen rola izan zuen hizpide. Ariadne Gutierrezek, Medikuntzako ikasleak, hesteetako mikrobiotak minaren pertzepzioan duen garrantzia nabarmendu zuen. Eta, azkenik, Cynthia Prieto Erizaintzako ikasleak min kronikoa duten pazienteen kudeaketa integralaren garrantzia landu zuen, ikuspegi desberdinetatik aztertuta

Aurkezpenen ondoren, iritzi truke interesgarria sortu zen bertaratutakoen artean. Horrek ekimenarekiko interesa piztu zuen eta agerian utzi zuen EHU barruan egiten diren lanak gizartearen aurrean ezagutarazteak zer garrantzi duen.

IKAsasun Arabako eta Bizkaiko campusetako irakasleek eta ikertzaileek osatzen duten taldea eta Erizaintza, Farmazia, Fisioterapia, Medikuntza, Giza Nutrizioa eta Dietetika eta Odontologia graduetan ematen dituzte eskolak. Taldearen helburua da ikasleei gaitasun espezifikoak eta zeharkakoak modu eraginkorrean garatzen laguntzea, ikaskuntza prozesuan modu aktiboan parte hartzea sustatuz.

Gainera, taldearen ezaugarri nagusietako bat da metodologia aktiboak ezarri izana eta unibertsitatearen eta gizarte mailako beharren arteko lotura lantzea. Gainera, osasungintzako arlo desberdinetako ikasleek elkarlanean jarduten duten proiektuak garatzen dituzte, “Osasuna eta zahartzea” eta antzeko gai komunen inguruan.