euskaraespañol

Gaurko irudia

Redes sociales campusa

Izotz Aroko aldaketa klimatikoak ekialderako migrazioa eragin zuen Europan

PLOS One-ko artikuluan EHUko katedradun Álvaro Arrizabalagak parte hartzen du, eta azken glaziazioak populazioetan izan zuen eragina erakusten du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/05/29

GIZAPRE Historiaurreko Ikerketa Taldea , Lezetxikiko indusketetan.
GIZAPRE Historiaurreko Ikerketa Taldea , Lezetxikiko indusketetan. | Argazkia: UPV/EHU

Koloniako Unibertsitateak zuzendutako ikerketa berri batek, Europa osoko 25 ikertzaileren parte-hartzearekin, deskubritu du nola eragin zien duela 12.000 urte baino gehiagoko klima-aldaketak historiaurreko gizakien populazio posibleei. Ikerketak aldaketa adierazgarriak aurkitu ditu biztanleriaren tamainan eta dentsitatean azkeneko Izotz Aroaren amaierako denboraldi garrantzitsuetan, zehazki Goi Paleolitoan, duela 14.000 eta 11.600 urte bitartean. Iberiar penintsulako datuak Algarveko Unibertsitateko (Portugal) eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari banak laburtu dituzte. Zehazki, Alvaro Arrizabalaga —Historiaurreko Ikerketa Taldeko kidea— da ikerketaren egileetako bat.

Ikerketak bi denboraldi garrantzitsutan jartzen du arreta: Goi Paleolitoaren bukaeran klima hobetu zen aldia, orain 14.000-12.500 (GI-1d-a delako aldia), eta klima denbora laburrean hoztu zen aldia, duela 12.500 eta 11.600 urte artean, azken glaziazioaren amaieran, Arestiko Dryasa izeneko aldia (GS-1). Arestiko Dryasak Pleistozenoko azken hotz-astindua irudikatzen du, eta Holozenoko klima-zikloari ematen dio bidea —ziklo horretan aurkitzen gara orain—.

Koloniaren Protokoloa

Ikertzaileek, Koloniaren Protokoloa izeneko metodologia geoestadistiko berritzailea erabilita, eta datu arkeologikoen oinarri zabal batekin, biztanleriaren tamaina- eta dentsitate-aldaketak zenbatetsi zituzten Europako hainbat herrialde-eremutan duela 14.000 eta 11.600 urte artean.

Klimaren hobekuntzako lehenengo denboraldian (GI-1d-a), gizakiek jarraitu zuten birpopulatzen eta Europa erdialdeko iparraldera eta ipar-ekialdera hedatzen, eta, horrela, eremu hori Europako dinamika demografikoaren erdigunea bihurtu zen Historiaurrean lehenengoz. Europako hego-mendebaldeko biztanleriak, batez ere Iberiar penintsulan eta Frantzian, gutxiagotzen hasi ziren aurreko denboraldietako datu demografikoekin alderatuta.

Bat-bateko hoztearen ondorioz, Arestiko Dryasean zehar, datuek erakusten dute balitekeela biztanleria erdira murriztu izana. Halere, Europako erdialdeko eta ekialdeko eremu batzuetan, esaterako, Italiako iparraldean, Polonian eta Alemaniako ipar-ekialdean, biztanleriaren dentsitatea handitu eta guzti egin zen.

Erreakzio demografikoa

Ikertzaileen ustetan, gertaera horrek erakusten du zein azkar erreakzionatu zuten historiaurreko gizakiek klima-aldaketaren aurrean. "Gure datuek iradokitzen dute gizakien komunitate askok ekialdera migratu zutela klima berrira egokitzeko, desagertu ordez", azaldu du Isabell Schmidtek, Koloniako Unibertsitateko Historiaurreko Arkeologiako Saileko kideak, eta argitalpenaren zuzendariak. Ikerketak nabarmentzen du, biztanleriaren kolapsoa jasan zuen aurreko denboraldian ez bezala (Gravettiarrean zehar, duela 25.000 bat urte), Goi Paleolitoko gizakiek hobeto erantzun zutela, itxuraz mesedegarriagoak ziren eremuetara migratzearen bidez.

Azterlana ikerketa-ildo zabalago baten barruan dago, CRC 806  "Europarako gure bidea" (2009–2021) esparruaren barruan martxan jarria, eta gaur egun jarraitzen du HESCOR proiektuaren barruan, Ipar Renania-Westfaliako Estatuko Kultura eta Zientzia Ministerioak finantzatuta. EHUk ikerketari eginiko ekarpena Euskal Unibertsitate Sistemako GIZAPRE taldeak (IT-1435-22) eta PID2021-126937NB-I00 proiektuak (PALEOCROSS) finantzatu dute, honakoek finantzatua: MCIN/AEI/10.13039/501100011033 eta "FEDER Europa egiteko modu bat".

  

 

Erreferentzia bibliografikoa