Mateo González Vázquez doktorea Ikerbasqueko Research Associate Professor da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ERC Starting Grant NORMA proiektuaren ikertzaile nagusia. Proiektu horren helburua da garraio anforen estandarizazioak antzinako Mediterraneoko integrazio ekonomikoan eta merkataritza dinamiketan izandako eragina aztertzea. Duela gutxi, Letren Fakultateko Ikasketa Klasikoen Sailean hasi da lanean.
-
EHUko bi ikertzaile gazte saritu ditu Espainiako Patenteen Bulegoak
-
Euskara eta Literatura II irakasgaiak ez du portaera berezirik erakusten USaPeko emaitzak osotasunean aztertzen direnean
-
EHUk errekurritu egingo du USaPen harira epaileek hartutako erabakia
-
Unibertsitate irakasle izateko deialdi berri bat
-
Oceanus Plasticus proiektua saritu dute diseinu grafikoko lehiaketa garrantzitsuenetan
Mateo González: «Garraio edukiontzi estandarizatuen garapenak Erromatar Inperioaren hedapen ekonomikoan lagundu zuen»
Mateo González Vázquez Ikerbasqueko ikertzailea EHUn sartu da NORMA proiektua garatzeko
- Elkarrizketa
Lehenengo argitaratze data: 2026/06/11
Mateo González Vázquez doktorea orain gutxi hasi da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikasketa Klasikoen Sailean lanean Arabako Campuseko Letren Fakultateko Ikerbasque Research Associate Professor gisa. Ikertzailea Ikerbasque ERC Fast Track 2026 programari esker iritsi da postu horretara; izan ere, programa horrek aukera hori eskaintzen die Europako Ikerketa Kontseiluaren (European Research Council-ERC) laguntza lortu duten edozein nazionalitatetako ikertzaileei.
Ikertzaileak ERC Starting Grant 2025 beka lortu zuen, Gizarte eta Giza Zientzien arloan, Trierreko Unibertsitatean aurkeztutako proposamenari esker. Hala ere, ikertzaileek beren proiektuak beste unibertsitate batera eramateko aukera dute, kasu honetan EHUra, nahiz eta bere jardueraren zati bat Alemaniako unibertsitatean mantenduko duen.
Starting Grant laguntzak ikerkuntzako ibilbidearen lehen faseetan dauden ikertzaileei zuzenduta daude, eta proiektu propioak martxan jartzeko eta ikerketa taldeak osatzeko aukera ematen du. 2025eko deialdian 3.928 proiektu aurkeztu ziren, baina Europako 25 herrialdetako zientzialariek egindako 478 proposamenek bakarrik jasoko dute finantzaketa. Finantzaketa horren guztizko balioa 761 milioi eurokoa izango da. Eta, horietatik, 28 proiektu Espainiako ikerkuntza zentroetan eta unibertsitateetan egingo dira.
NORMA (Mapping Economic Growth through Container Standardisation in Ancient Mediterranean Trade) du izena González Vázquez ikertzaileak aurkeztutako proiektuak eta horren helburua da Erromako hazkunde ekonomikoan estatuaren esku-hartzeak izan zuen zeregina berriro ebaluatzea garraiorako anforen estandarizazioa (distantzia luzeko merkataritzarako ezinbestekoak ziren) oinarritzat hartuta.
Mediterraneoko merkataritzaren logistika
Campusean Mateo González doktorearekin bildu gara bere lanaren xehetasunak eta bere ikerkuntza garatzeko UPV/EHU aukeratu izanaren arrazoiak azaltzeko.
Zertan datza zure ikerkuntza?
Nire ikerketak antzinako merkataritza lantzen du, eta, zehazki, erromatarren errepublikaren garaian, K.a. II. eta I. mendeen artean, mendebaldeko Mediterraneoaren integrazio ekonomikoan garraiorako anforek bete zuten rola. Hasi berri dudan ERC proiektuak, NORMAk, edukiontzi zeramiko horien estandarizazioak garai hartako merkantzien produkzioa, garraioa eta banaketa nola eraldatu ahal izan zuen aztertzen du.
Hasierako ideia nahiko sinplea da: anforak ez ziren soilik ardoa, olioa edo bestelako produktuak garraiatzeko ontziak. Hori beharrean, modulu logistikoak ere baziren. Haien formak, bolumenak, pisuak eta zamatzeko gaitasunak baldintzatzen zuten ontziak nola kargatzen ziren, zenbat produktu mugi zitekeen eta zein eskualde lotu zitezkeen komertzialki. Horrekin lotuta, NORMAk azalpen tradizionaletatik haratago joan nahi du; izan ere, azalpen horiek anfora mota jakin batzuen hedapena eskariaren gorakadari emandako erantzun soil gisa ulertzen dute. Baina proiektu honek planteatzen du ea edukiontzien estandarizazioa bera izan ote zen Mediterraneoko merkataritza eskalatzea ahalbidetu zuen baldintzetako bat.
Zer eragin izango du bekak zure lanean?
Niretzat, laguntza honek, batez ere, eskala aldaketa dakar berekin. Orain arte, proiektu zabalagoen barruan lan egin dut, lehenik Bartzelonan eta gero Trierren, anforen azterketa, epigrafia anforikoa, antzinako merkataritza, paisaia eta itsas simulazioa bezalako gaiak uztartuz. ERC laguntzak ildo horiek guztiak nire proiektu propioan elkartzeko aukera ematen dit, jarraitutasunarekin, baliabideekin eta taldea osatzeko ahalmenarekin.
Praktikan, finantzaketari esker, honako hauek guztiak egiteko aukera izango dut: doktoregoko bi ikasle eta doktoretza ondoko ikertzaile bat kontratatu; hainbat herrialdetako museo eta biltegi arkeologikoetan dokumentazio kanpainak antolatu; datu berriak sortu analisi morfometrikoen, 3D tekniken eta azterketa epigrafikoen bidez; eta tresna digitalak garatu Antzinako Mediterraneoan izandako merkantzien zirkulazioa aztertzeko. Hori guztia oso zaila izango litzateke eskala txikiagoko proiektuen bidez gauzatzea.
Baina, baliabide zehatzez harago, beka honek independentzia zientifikoa lortzeko modua ere eskainiko dit. Izan ere, bekari esker, ibilbide luzeko galdera garatu dezaket (garraio edukiontzien estandarizazioak antzinako hazkunde ekonomikoan zer eragin izan zezakeen), metodologia propioaren bidez, arkeologia, historia ekonomikoa, sareen azterketa eta simulazio logistikoa elkartuz. Ez dut beka hau proiektu zehatz baten finantzaketa gisa soilik ikusten; izan ere, hori beharrean, datozen urteetan hazten jarrai dezakeen eta etorkizuneko nazioarteko proiektuentzat ere oinarri izan daitekeen ikerketa lerroa sendotzeko aukera gisa ere ulertzen dut.
Zergatik aukeratu duzu EHU?
Ikerbasquek, Euskal Zientziaren Fundazioak, talentua erakartzeko programa duelako aukeratu nuen EHU. Hain zuzen ere, programa hori oso lehiakorrak diren Europako laguntzak lortu dituzten ikertzaileentzat pentsatuta dago eta, honako hau ere halakoa da. Praktikan, horrek egonkortzeko aukera eskaintzen du Euskadiko Unibertsitate Sistemaren barruan. Niretzat funtsezkoa zen hori, ez bakarrik tamaina honetako proiektu bat lasaitasunez garatu ahal izateko, baita etorkizuneko proiektuei begira ere hobeto kokatuta egoteko.
Batzuetan harrigarria egiten zaio jendeari EHU aukeratu izana, itxuraz Mediterraneotik urrun dagoelako eta Mediterraneoa da, hain zuzen ere, nire ikerketen agertoki nagusia. Hala ere, nire azken urteotako ibilbideak agerian utzi du itsasoarekin lotutako ikerkuntza lana ez dagoela derrigor itsasotik gertu egotearen mende. Azken bost urteotan, Trierreko Unibertsitatean lan egin dut, Europaren bihotzean eta Luxenburgotik gertu, eta, seguru asko, huraxe izango da kontinente osoan itsasotik urrunen dagoen tokietako bat. Hala ere, azken urteotan Trier itsas historiaren ikasketetan aitzindari diren unibertsitateetako bat bihurtu da, batez ere antzinako nabigazioaren berreraikuntza eta simulazio proiektuei esker.
Esperientzia hori oinarritzat hartuta, uste dut EHUk aukera bikaina eskaintzen duela gaur egun Euskaditik bertatik arkeologia klasikoan, antzinako ekonomian eta itsas ikasketetan ikerkuntza lerro propioa garatzeko. Gainera, unibertsitateak ibilbide luzea du Ikasketa Klasikoen arloan. Arkeologia klasikoak gaur egun oraindik indartu beharreko lekua betetzen badu ere, hortxe ikusten dut hutsetik zerbait berria eraikitzeko aukera.
Informazio osagarria
Mateo González Vázquez Historian graduatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Giza Zientzietan Bikaintasun Akademikoko Sari Nazionala jaso zuen. Ondoren, Greziako eta Erromako Historiaren Filosofiako masterra egin zuen Oxfordeko Unibertsitatean, eta doktorego titulua lortu zuen Bartzelonako Unibertsitatean, ‘Almacenamiento de alimentos entre los íberos del Mediterráneo noroccidental durante la Edad del Hierro’ izeneko tesiarekin.
Ikerketaren arloan, “la Caixa” Gizarte Ekintzaren Fundazioaren graduondoko bekaduna izan zen Oxfordeko Unibertsitatean; ikertzaile elkartua Bartzelonako Unibertsitateko Antzinako Historiako Sailean; eta, 2021eko apiriletik aurrera, ikertzaile elkartua Trierreko Unibertsitateko Europako Ikerketa Zentroan.
Bere lanak landa laneko arkeologia, kultura materialaren analisia eta metodo digital eta kuantitatiboak bateratzen ditu, iraupen luzeko prozesu sozial eta ekonomikoak berreraikitzeko. NORMA proiektuaz gain, Atenasko Kerameikoseko anfora zigiluei buruzko proiektu baten zuzendarikidea da, Alemaniako Arkeologia Institutuarekin lankidetza. Gainera, Empúries inguruko proiektu arkeologiko baten ikertzaile nagusikidea ere bada, eta lanak egin izan ditu Turó de les Cortsen, Muntanya Rodonan eta Vilaneran. Espainian eta Italian egindako indusketa proiektu askotan parte hartu du, eta 2011 eta 2019 artean Erromako Monte Testaccio aztarnategiko misio arkeologikoko taldeko kide izan zen.