Joxerramon Bengoetxea: «Espero dut dokumentu honek eztabaida atzera ere ekartzea inoiz atera behar ez zuen lekura: unibertsitatearen esparrura eta unibertsitatearen benetako beharretara»
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/11/18
EHUren errektoreak azaldu duenez, Legebiltzarrean aurkeztuko duten dokumentu horretan jasotzen da egungo finantzaketarekin estali ezin diren 2026rako premien azalpen zehatza. Errektoreak uste du, legebiltzar-taldeek “EHUren premiak zorroztasunez aztertuko dituztela eta, beren programa politikoekin bat etorriz, egokitzat jotzen dituzten zuzenketak aurkeztuko dizkiotela 2026ko aurrekontu proiektuari”. Gonbidapena argia dela azpimarratu du: "eztabaida benetan garrantzitsua den horretan jarriko dugu; hau da, euskal unibertsitate publikoak bere eginkizuna betetzeko duen gaitasunean".
Bengoetxeak azaldu duenez, dokumentuak “zazpi eremu handitan” egituratzen ditu unibertsitatearen beharrak. Lehenik eta behin, digitalizazioaren eta datuen egoerari heldu dio, eta adierazi du: «egungo sistema teknologikoak, GAUR plataforma barne, zaharkituta daude, eta horrek Europarekiko interoperabilitatea mugatzen du eta eguneroko kudeaketa zaildu». Errektoreak zehaztu duenez, berrikuntza teknologikoak, zibersegurtasunaren hobekuntzak eta estrategia digitalean, adimen artifizialean, datuaren kudeaketan eta Agora Digital berrian espezializatutako egituren sorrerak 4.688.868 euro biltzen dituzte.
Ondoren, pertsonen zaintzari buruz hitz egin du, eta gogorarazi du EHUk ordainsari-arrakalak dituela gainerako euskal sektore publikoarekin alderatuta, eta blokeoa dagoela irakasle eta ikertzaileen promozioan. Horrez gain, beharrezkoa da euskara akademikoa bultzatzea eta Pertsonentzako Arreta Integraleko Zerbitzua sortzea. “Proiektu akademikoaren etorkizuna giza-baliabide eta antolakuntzako defizit hori konpontzearen mende dago”, azpimarratu du, eta premia horiek 74.356.760 eurokoak direla esan du.
Azpiegiturei dagokienez, egoera kezkagarria deskribatu du errektoreak: Gaur egungo mantentze-lanek ez dute aukerarik ematen unibertsitateko eraikinen 845.000 metro karratu baino gehiagori eusteko. Metro koadroko 2 euro bideratzen dira mantenu lanetara, gomendio teknikoa 30 eurokoa bada ere, eta horrela azpiegituren, eraikinen hondatzea saihestezina da; are gehiago, begi bistakoa da zein den egoera, itoginetan, klimatizazio-arazoetan edo espazio itxietan”. Mantenuari eskaini beharrekoa oinarrizko finantzazioan sartzeko premia azpimarratu du eta adierazi du inbertsio falta horren ondorioz, “gure azpiegiturak gero eta gehiago eta nabarmen hondatzen ari dira, eta, ondorioz, egiteke dauden hainbat eta hainbat obra metatu dira”, salatu du errektoreak. Metatze horrek, era berean, Azpiegitura eta Obretako Zerbitzuak gainezka egotea ekarri du, plantilla indartzeko beharra jasanezina bihurtzeraino. Eremu horretako premiak 42.329.930 eurokoak dira.
Unibertsitatearen autonomiari dagokionez, Bengoetxeak adierazi du baliabide faltak mugatu egiten duela proiektu propioak planifikatzeko eta garatzeko ikastetxeek duten gaitasuna: “Finantzaketa finalista gehiegiren mende gaude, eta horrek gure erabakitzeko ahalmena eta erakundeen egonkortasuna kolokan jartzen ditu». Atal honek 59.718.779 euro hartzen ditu.
Halaber, Bengoetxeak gogoratu duenez, ikerketan eta transferentzian dagoen administrazio-kargak, langile tekniko eta juridikoen faltak eta digitalizazio egokirik ezak, “arriskuan jartzen dute gure lehiakortasuna Estatuko eta Europako ikerketa-deialdietan». Hala, egoera hori zuzentzeko 5.516.531 € behar direla baieztatu du. Halaber, errektoreak inbertsio falta erakutsi nahi izan du adibide adierazgarri batekin: “Euskal Autonomia Erkidegoan egiten den ikerketaren hiru laurdenak EHUk egiten digu, aldiz, ikerketa-inbertsioaren laurdena baino ez du jasotzen”.
Ildo horretan, nazioartekotzea indartzearen garrantzia azpimarratu du errektoreak. Izan ere, “ENLIGHT bezalako aliantza europarrak erabat hedatu ahal izateko, egitura sendoak eta trazabilitate digitala behar ditugu. Arlo hori indartzen ez badugu, aukera estrategikoak galduko ditugu”. 383.371 eurokoa litzateke inbertsio hori.
Azkenik, irakaskuntza- eta kudeaketa-premiei heldu die EHUko errektoreak graduari, graduondoari, irakasle eta ikertzaileei, gerentziari, idazkaritza nagusiari eta komunikazioari lotutako zerbitzuen modernizazioa barne. “Zaharkitze teknologikoak eta langile espezializatuen faltak eragin zuzena dute eguneroko funtzionamenduan”, adierazi du. Atal honek 5.152.226 euro batzen ditu.
Zazpi atalak xehatu ondoren, errektoreak EHUren premien irismen globala laburbildu du: “Oro har, 192 milioi euroz ari gara. Ez gaude gastu diskrezionalen aurrean; ezinbesteko inbertsioen aurrean gaude, gure funtsezko zerbitzuen degradazio atzeraezina saihesteko, eta bermatzeko EHUk bere eginkizun akademiko, zientifiko eta soziala bete ahal duela”.
Agerraldian gogoratu du Bengoetxeak, hartutako konpromisoarekin betez, unibertsitateak bere lana egin duela errepikatu duela: "Diagnostikoa egin dugu, lehentasunak ezarri ditugu eta zifrak jarri ditugu. Orain espero dugu Legebiltzarrak dokumentu hau merezi duen seriotasunez aztertzea eta 2026ko aurrekontuei egingo dizkieten zuzenketek euskal unibertsitate publikoaren benetako beharrei erantzutea”.