euskaraespañol

Redes sociales campusa

Eskoletako jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman dituzte

EHUko ikerketa baten arabera, jangeletan haurrei banatzen zaien janariak gomendatutakoa baino gantz, proteina eta sodio gehiago du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/12/17

Naiara Martínez EHUko jantokian
Naiara Martínez, Mikrofluidika & BIOMICs Klusterraren ikertzailea, EHUko jantokian | Argazkia: Laura López

Microfluidics & BIOMICS Klusterraren, Neuropsikofarmakologia taldearen eta Biobizkaiaren elkarlan batek eskoletako jangeletako menuak aztertu ditu. Ondorioztatu dute haurrei zerbitzatzen dieten janaria ez dela erabat doitzen elikadura-gomendioetara, eta ikusi dute, besteak beste, umeek plateretan jan gabe utzitakoak garrantzi handia duela bai beren elikaduran bai jasangarritasunean. Bestalde, eskola publikoen eta itunpekoen artean, aldeak antzeman dituzte.

Haurtzaroan dieta orekatua izatea giltzarri da epe motzean eta luzean osasun ona izateko. Esaterako, haurrengan goraka doan obesitatea eta harekin lotutako gaixotasunak ekiditeko. Ume askok eguerdiko otordua eskolako jangelan egin ohi dutenez, eremu horiek aukera paregabea eskaintzen dute ohitura osasungarriak sustatzeko. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek, eskolako jangeletan umeei banatzen dizkieten menuak aztertu dituzte: “Badakigu, legeak hala aginduta, eskoletako menuak tentuz diseinatzen direla egokiak izan daitezen. Baina gauza bat da paperean zer datorren, eta beste bat, eskolan zer gertatzen den. Gure helburua zen benetan ematen eta jaten dutenaren diagnostiko bat egitea, aldaketarik egin behar bada, nondik jo jakin ahal izateko”, dio Naiara Martinez ikertzaileak.

Horretarako, Bizkaiko 10 eskolatan, 11-12 urteko haurrei banatutako 1.000 menu aztertu dituzte. Ikertzaileetako batek argazkiak atera dizkie platerei, umeek jan aurretik eta ondoren. Hala, zer janari zerbitzatu, kontsumitu eta bota den aztertu ahal izan dute. Martinezek azaldu duenez, “eskaintzen zaiena ezagutzea bezain garrantzitsua da zer irensten eta baztertzen  duten ikustea. Izan ere, menua egokia izanik ere, ez badute dena jaten, platerean uzten dituzten elikagaien arabera, balio nutrizionalak kaltetu daitezke. Baita menuen jasangarritasuna ere. Eta hori da, hain zuzen ere, ikerketak erakutsi duena”.

Banatutako menuen konposizioari dagokionez, batetik EHUko ikerketak antzeman du gomendatutakoa baino proteina, gantz eta sodio gehiago dutela, eta, aldiz, aholkatutakoa baino karbohidrato eta zuntz gutxiago. “Ez da sorpresa izan. Espero genituen emaitza horiek. Izan ere, dieta mediterraneo tradizionaletik urruntzen ari gara. Jangeletan ikusi duguna gure gizartearen elikaduraren isla da. Menuek proteina gehiegi dute, batez ere, haragi asko dutelako; gantzak frijitutako jakien ondorio dira; eta jakina da gatz asko jaten dugula”, dio Martinezek.

Bestalde, azterlanak azalarazi du komeni den kaloria-kopurua gainditzen duela haurrei zerbitzatzen zaien janariak. “Berez, bazkariak egun osoko energiaren % 30 eman beharko luke. Aztertu ditugun platerek, berriz, % 40ko ekarpena egiten dute. Gure umeak atletak balira, agian egokiak izango lirateke, baina errealitatea da gehienen aktibitate-maila ertaina edo baxua dela”, argitu du Martinezek.

Hala ere, gehiegizko energia hori orekatu egiten da umeek platerean uzten dutenarekin, ikusi baitute ikasleek ez dutela dena jaten, eta, irensten ez dutena kenduta, kaloria-kopurua ez dela hain handia. Baztertzen dituzten elikagaiei erreparatzea da garrantzitsua ikertzaileentzat: “Aztertutako menuen %12,2an, plateraren laurdena baino gehiago geratu zen jan gabe. Eta barazki eta lekaleen kasuan, bazkaltiarren erdiak baino gehiagok uzten dute % 25a jan gabe. Ondorioz, benetan jaten dutenaren nutrizio-balioak ez dira bilatutakoetara heltzen; bitamina, zuntz, burdina… gutxiago jaten dutelako”.

Horri aurre egiteko estrategiak iradoki dituzte EHUko ikertzaileek: “Adibidez, argi eta garbi ikusi dugu umeek barazkiak purean nahiago dituztela. Osorik ematen zaizkienean edo hornigai modura, bigarren platerari lagunduz (ilarrak, piperrak, entsalada…), ez dituzte hainbeste jaten. Halako gauzei erreparatu behar zaie, eta haurren ezaugarriak kontuan hartu, aldaketa txikiekin emaitzak lortu ahalko liratekeelako”.

Eskoletako jangeletako menuen jasangarritasuna

Gainera, ikerketak azpimarratzen du umeek janari gutxiago baztertzeak helburu bikoitza izango lukeela: haurrak hobeto elikatzea eta jasangarritasuna areagotzea. Izan ere, jangeletako menuek ingurumenean duten inpaktuari ere erreparatu diote. Zaborretan hondakin gisara bukatzen duten elikagaiez gain, CO2-emisioak ere neurtu dituzte, eta isurketak murrizteko aukerak daudela dio Martinezek: “CO2 gehien sortzen duen jakietako bat haragia da. Baita umeei eskaintzen zaien proteina-iturri nagusietako bat ere. Ikusita, nutrizio-balioei dagokienez, jangeletako menuek proteina gehiegi dutela, zuzenean kantitateak murriztu ahal izango lirateke. Proteina jasangarriagoak erabil litezke, landare-jatorrikoak (lekaleak, besteak beste) edo umeek ondo onartzen dituzten animalia-jatorrikoak, hala nola arrautzak.”.

Eskola publikoetan eta itunpekoetan joera desberdinak

Bisitatu dituzten eskolen artean, bost publikoak ziren eta beste bostak itunpekoak. EHUko ikerketak alderaketa egin du, eta zenbait desberdintasun antzeman ditu: “Bi kasuetan topatu ditugu gomendioak betetzen dituzten eredu onak, baina ikusi dugu oro har eskola publikoetako jangeletan menuak gehiago doitzen direla nutrizio-aholkuetara. Aldiz, ikasleek platerean uzten duten janari-kantitatea txikiagoa da itunpekoetan. Horrek erakusten duena da oreka bat bilatu behar dela; menuek osasungarriak izan behar dute, baina haurren gustuetara gerturatu behar dira. Izan ere, nutrizionalki egokiak izanik ere, ondoren ez badituzte osorik jaten, ez dugu ezer lortuko. Adibidez, ikusi dugu zuntz gutxi duela ematen zaien janariak. Hori aldatzen hasteko modu erraz bat litzateke zereal zuriak eman beharrean, integralak ematea. Baina berdin jango al lukete umeek arroz eta pasta integrala? Jangeletako menuen erronka nagusietako bat da aldi berean osasungarri, gustagarri eta jasangarri izatea. Eta hori lortzeko, gauza asko hartu behar dira kontuan”.

Horretan guztian asmatzeko formula aurkitzea erraza ez bada ere, gauzak aldatzeko deia egiten du Martinezek: “Duela hamar bat urte, gradu amaierako lanean, gai honen inguruko berrikuspen bibliografiko bat egin nuen eta jangeletako menuen balio nutrizionalen inguruan oso antzeko datuak aurkitu nituen. Ahalegina egiten da dieten egokitasuna hobetzeko, baina ez da nahikoa. Adibidez, hezkuntzan hobetu da eta gutxi gorabehera guztiok ikasi dugu elikadura osasungarria zer den. Hala ere, emaitzek erakusten dute orain arte egindakoa ez dela erabat eraginkorra. Horregatik, beharrezkoa da umeen gustuak eta behar nutrizionalak kontuan hartuta, jangeletako menuak eguneratzea eta elikadura-ohitura osasungarriak benetan sustatuko dituzten neurriak bilatzea”.

Informazio gehigarria

Naiara Martinez Perez Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ikertzailea eta irakaslea da. Eskolak ematen ditu Erizaintzako Graduan eta Osasunaren Sustapena eta Osasun Komunitarioa masterrean. Nutrigenomika eta nutrizio pertsonalizatuan doktore, Microfluidics & BIOMICS Klusterreko ikertzailea da eta aztertzen du inguruneak nola eragiten duen gure elikadura-hautuetan; zerk egiten duen edari edo elikagai jakin batzuk aukeratzea. Lan hau saileko kide duen Neuropsikofarmakologia taldeko eta Biobizkaiako ikertzaile Rocio Barrena Barbadillorekin batera egin du. Hau ere irakaslea da Erizaintzako Graduan eta doktoretza eskoletako menuen inguruan egin zuen. Tesia artikulu zientifikoaren hirugarren egileak zuzendu zuen; Iñaki Irastorza Terradillos Medikuntza Graduko irakasle eta pediatrak

Erreferentzia bibliografikoa