-
Eraman EHUko unibertsitate txartela zure mugikorrean
-
Adingabekoen kirolean abusutzat jotzen ez dena sexu-indarkeria izan liteke
-
¿Será el desahucio de Maricarmen el principio del cambio?
-
Adela Asua: «Unibertsitatean aurkituko duzue ezagutzaren gozamenerako espazioa»
-
Hondarraren azpian ezkutatzen den zientzia, Zientzia Ministerioak aitortua
Cristina Penas Lago
Melanomaren aurkako txertoa? Zer dago bene-benetan Merckek eta Modernak egindako iragarkiaren atzean?
Biomedikuntza Ikerketan doktorea, doktorego osteko ikertzaila. Cancer and Tranlational Medicine Group
- Cathedra
Lehenengo argitaratze data: 2026/09/08
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
“Melanomaren aurkako txerto batek arrakastaz gainditu du III. faseko saiakuntza klinikoa”
Horrela aurkeztuta, Merck eta Moderna konpainiek abuztuaren 19an publiko egin zuten aurrerapenak iraultzailea dirudi. Minbiziaren aurka babestuko gaituen txertoa dela pentsa genezake, txerto batzuek gaixotasun infekziosoak harrapatzea eragozten diguten bezala, baina ez du horrela funtzionatzen. Ikus dezagun zertan datzan zehazki eta zein den saiakuntza berriaren irismena.
Prebenitu ez, tratatu egiten duen txertoa
Intismeran autogene da probatu den teknologia berriaren izena. Ez zaie pertsona osasuntsuei ematen melanomaren arriskua murrizteko; hori beharrean, txerto terapeutikoa da.
Hedabideek ezagutzera emandako saiakuntzan (iragarki horri esker, gainera, Merck eta Modernaren burtsako kotizazioa nabarmen igo zen), arrisku handiko larruazaleko melanoma zuten 1.137 pertsonek parte hartu zuten. Hau da, gaixotasuna berriro agertzeko edo gorputzeko beste atal batzuetara hedatzeko probabilitate handia zuten. Pertsona guztiei tumorea erabat kendu zitzaien kirurgiaren bidez. Hori arraroa irudituko zaie batzuei: tumorea jada ez badago, zer dago tratatzeko?
Kirurgia arrakastatsuak ez du bermatzen tumore zelula solteak geratu ez direnik. Baliteke zelula horiek detektatu ahal izateko urriegiak izatea, baina denborarekin gaixotasuna berriro azaltzeko gai izatea. Horregatik daude tratamendu adjubanteak (edo laguntzaileak) izenekoak: tratamendu nagusiaren ondoren (kasu honetan, kirurgiaren ondoren) ematen dira, arrisku hori murrizteko.
Beraz, saiakuntza honetan galdera ez zen “saihestu al dezakegu melanoma?”, baizik eta “melanoma izan duen pertsona baten sistema immunitarioari lagun diezaiokegu gera zitezkeen zelulak suntsitzen?”.
Zergatik deitzen diogu txertoa?
Txerto bat definitzen duena ez da gaixotu aurretik ematen dela, baizik eta haren estrategia. Sistema immunitarioari zerbait zehatza ezagutzen eta horri eraso egiten erakustea da kontua. Birusen aurkako txertoetan, “zerbait” hori birusaren zatiak dira; kasu honetan, berriz, tumore zelulen piezak dira.
Intismeran autogene teknologiak badu berezitasun bat: txerto bakoitza paziente bakoitzarentzat espezifikoki fabrikatzen da, pazientearen beraren tumoretik abiatuta. Lehenik, tumore zelulen mutazioak aztertzen dira, eta, ondoren, sistema immunitarioa haien aurka ondoen aktiba dezaketenak identifikatzen dira. Neoantigenoak deitzen zaie, eta txertoak RNA mezulariaren (mRNA) bidez kodetuta daramatza.
Horrenbestez, ez da zehazki “melanomaren aurkako txertoa”; hori beharrean, paziente bakoitzaren melanomaren ezaugarri molekularren aurkako txertoa dela esan dezakegu. Hala ere, sistema immunitarioari zer ezagutu behar duen irakastea arazoaren zati bat baino ez da.
Wally aurkitzea… eta jardun ahal izatea
Imajina dezagun Wallyren Bila erraldoi baten moduko zerbait: sistema immunitarioak tumore zelulak identifikatu behar ditu milioika zelula osasuntsuren artean.
Hala ere, tumoreek sistema immunitarioaren erantzuna geldiarazten duten mekanismo naturalak aprobetxa ditzakete. Horregatik, tumore zelula bat ezagutzeko gai den linfozito batek ere zailtasunak izan ditzake haren aurka jarduteko.
Eta hortxe sartzen da jokoan pembrolizumab izeneko sendagaia, melanoman dagoeneko erabiltzen den eta balazta horietako bat blokeatzen duen immunoterapia mota bat. Beraz, galdera agerikoa da: txertoa, ezagutza errazten duena, eta erantzun immunitarioa askatzen duen immunoterapia konbinatzen baditugu, emaitza hobeak lortuko al ditugu?
Hori egiaztatzeko, saiakuntzan parte hartu zutenak bi taldetan banatu zituzten: batzuek immunoterapia eta txerto pertsonalizatua jaso zituzten, eta besteek immunoterapia bakarrik.
Funtzionatu al du?
Ikerketak, batez ere, pazienteek melanoma berriro agertu gabe zenbat denbora ematen zuten aztertu zuen. Horri “berrerortzerik gabeko biziraupena” esaten zaio. Horrez gain, ikertzaileek aztertu zuten zenbat denbora igarotzen zuten urruneko metastasirik garatu gabe; hau da, melanoma jatorrizko tumoretik urrun dauden beste leku batzuetan agertu gabe.
Eta hemen dator albistea: Merck eta Modernaren arabera, pembrolizumab sendagaiari txertoa gehitzeak bi emaitzak nabarmen hobetu zituen pembrolizumab bakarrik erabili zutenekin alderatuta. Konpainiek, gainera, alde horiek klinikoki esanguratsuak direla adierazi dute.
Orain artekoak, zalantzarik gabe, oso itxura ona du. Hona hemen hurrengo galdera: zenbateraino da hobea? Eta hemen ñabardura garrantzitsu bat egin behar dugu. Farmazia enpresek iragarri dute saiakuntzak helburu horiek lortu dituela, baina oraindik ez dituzte III. faseko emaitza osoak argitaratu. Hau da, badakigu konbinazio bidez tratatutako pazienteek denbora gehiago eman zutela berrerortzerik eta urruneko metastasirik gabe, baina ez dakigu zenbat denbora gehiago.
Merckek eta Modernak laster egingo den nazioarteko medikuntza kongresuan aurkeztuko dituzte datu horiek. Gainera, saiakuntzak aurrera jarraitzen du beste emaitza batzuk aztertzeko, besteak beste, biziraupen orokorra.
Orduan, nondik datoz zenbait albistek zabaldu dituzten % 49ko eta % 59ko arrakasta ehunekoak? Zifrak benetakoak dira, baina ez dira saiakuntza berri honetakoak. Aurretik egindako Iib fasetik datoz. Fase hura askoz ere txikiagoa izan zen, 157 pazienterekin egin baitzen. Saiakuntza horretan konparazio bera egin zen jada, eta emaitza itxaropentsuak lortu ziren.
Horrela, bost urteko jarraipenaren ondoren, txertoa gehitu izana berrerortzeko edo hiltzeko arriskua % 49 murriztearekin eta urruneko metastasia izateko edo hiltzeko probabilitatea % 59 gutxitzearekin lotu zen. Ondoren, seinale hura saiakuntza askoz handiago batean mantentzen ote zen egiaztatu behar zen eta horixe bera da, hain zuzen ere, hizpide dugun hau.
Horrek ere emaitza positiboa izan duela badakigun arren, oraindik argitzeke dago txertoa gehitu izanak benetan zenbateko onura ekarri duen. Horri erantzuteko, datu osoak aurkeztu arte itxaron beharko dugu.
Minbiziaren aurkako txertoetan mugarria dela esan al dezakegu?
Minbizia tratatzeko txertoak erabiltzeko ideia ez da berria. Gauza bera gertatzen da tumore bakoitzaren mutazioen aurka txerto pertsonalizatuak fabrikatzearekin ere. Hain zuzen ere, RNA bidezko txerto mota horiek duela ia hamarkada bat ere probatzen zituzten melanoma zuten pazienteetan..
Orain aldatzen dena eskala da: lehen aldiz, paziente bakoitzaren neoantigenoen aurka zuzendutako RNA mezularia duen txerto pertsonalizatu batek emaitza positiboak lortu ditu mila parte hartzaile baino gehiago izan dituen III. faseko saiakuntzan.
Datu osoek onura klinikoki esanguratsua berresten badute, urrats garrantzitsua izango litzateke tratamendu mota horientzat. Ez immunitate sistemari tumore bat ezagutzen irakatsi diezaiokegula konturatu garelako, baizik eta urteak zeramatzan estrategia batek, ikerketa txikiagoetan emaitza itxaropentsuak erakusten zituenak, saiakuntza kliniko handi batean ere funtziona dezakeela frogatuko zukeelako.