-
Detectada por primera vez actividad eléctrica en la atmósfera de Marte
-
EHUpodcast:La verdad oculta de la Inteligencia Artificial
-
La tocaya de Gemma
-
El 43% de las noticias que recoge el Observatorio de Periodismo Machista romantiza o minimiza la violencia de género
-
Garapen jasangarrirako helburu galdua
Euskal unibertsitate sistemako unibertsitateon adierazpena
Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen
- Noticias
Fecha de primera publicación: 02/12/2025
Abenduaren 3a euskararen inguruko kontzientzia irabazteko eguna izan behar da. Non gauden eta norantz joan nahi dugun pentsatzeko, ezinbestekoa da nondik gatozen gogoratzea. Horregatik, euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateok aitortu nahi dugu euskara gure ikasgela eta ikerguneetara iristea posible egin duten pertsonen lan nekaezina. Milaka gurasoren kontzientzia eta transmisio lana, euskaltegien eginkizun ezinbestekoa, eragile sozio-kulturalen ekarpena, eta erakundeek nahiz herri mugimenduek hezkuntza-sistema euskalduntzeko egindako lanak ahalbidetu du mende erdi batean euskaldunen komunitateak ehunka mila hiztun berri izatea.
Mendeetan zehar, askotariko erronkei erantzuten jakin dugu euskaldunok. Aurre egin diegu errepresioari eta zentsurari, gutxiespenari eta debekuei; lortu dugu industrializazioaren, migrazioaren zein digitalizazioaren desafioei erantzutea, gizartearen unean uneko testuingurura eta beharretara egokitzea; eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako, heziketarako, lan mundurako, dibertsiorako, helburu komertzialetarako, munduko mapan kokatzeko, nahiz zientzia egiteko gaitasuna erakutsi du euskarak. Irabazi du lekua akademian eta zientzian.
Euskal Herriko unibertsitateok funtsezkoak gara euskararen garapenaren eta transmisioaren haria ez eteteko. Erantzukizun saihestezina dugu konpromiso hori indartzeko. Unibertsitateetako kolektibo guztietan (ikasleak, irakasle-ikertzaileak zein administrazio eta zerbitzuetako langileak) handiagoa da euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta baliatu behar dugu. Gainera, eremu soziolinguistiko desberdinetako euskaldunen elkarguneak dira unibertsitateak, euskara erabiltzeko aukera gutxiago dutenen egoerak konpentsatzeko lagundu dezaketenak. Edozein hizkuntzatan, unibertsitatean garatzen dira komunikazio-gaitasunak, bereziki, komunikazio formalerako eta komunikazio espezializaturako gaitasunak. Hortaz, unibertsitateok eragile aktibo izan behar dugu denetariko profesional euskaldunak prestatzeko, hizkuntza-gaitasun gorenak eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa dutenak, lan-esparrura sartzen diren profesionalen hizkuntza euskara ere izan dadin.
Kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei ere, harrera linguistiko egokia egin behar diegu, hasieratik bertatik gure unibertsitatean eta gure gizartean euskarak duen garrantziaren berri emateko eta euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera erosoak eskaintzeko. Euskara gurean errotzeko eta ikerketa egiteko tresna paregabea dela sentiarazi behar diegu bertan prestatzen diren profesional eta ikertzaileei eta bai kanpotik datozenei ere. Horrela lortuko dugu talentuari eustea. Ez hori bakarrik, euskara bera ikertzeko gunea da unibertsitatea: euskararen historia, gramatika, diskurtsoa, erregistroen garapena, bilakaera soziolinguistikoa, literatura. Areago, euskara hizkuntza-teknologietatik kanpo ez geratzeko nahitaezko ikerketa egiteko gunea ere bada.
Ospatu eta baliatu dezagun euskarari eskainitako egun hau. Balioetsi eta eskertu ditzagun gure aurrekoek egindako ahaleginak eta lorpenak eta eutsi diezaiogun katea ez hausteko dugun erantzukizunari. Trinkotu eta saretu dezagun euskararen komunitatea. Har ditzagun besoak zabalik euskaldun etorri berriak, eta lagundu diezaiegun bertan errotzen, komunitatearen parte sentiarazten. Segi dezagun euskara alorrez alor lantzen eta garatzen. Segi dezagun euskara indartzen eta sendotzen gure unibertsitateetan zerbitzu- eta lan-hizkuntza modura eta, bereziki, instrukzio-hizkuntza eta jakintza garatzeko hizkuntza modura. Erabil dezagun euskara, eta bihur dezagun gure unibertsitateetako komunikazioaren ardatz, beste hizkuntzekiko elkarbizitza duina eta eleaniztasun harmonikoa jomugan. Ikasi, irakatsi, hitz egin, lan egin, eta bizi gaitezen euskaraz. Unibertsitateok euskararen indargune izan gaitezen.