euskaraespañol

Imagen del día

Sare sozialak campusa

Ines Garcia-Azkoaga

Garapen jasangarrirako helburu galdua

EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren arduraduna

  • Cathedra

Fecha de primera publicación: 27/11/2025

Ines Garcia-Azkoaga, EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren arduraduna | Foto: Nuria González. EHU.
Este artículo se publica en el idioma en que ha sido escrito.

Arriskuan dauden Hizkuntzen Fundazioak (Foundation for Endangered Languages, FEL) eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak elkarrekin antolatuta nazioarteko ekitaldia egin zen urriaren 22tik 24ra Gasteizen: FEL XXIX 2025 kongresua. FELek urtero antolatzen du hizkuntza gutxituei eta galzorian daudenei buruzko kongresua, baina oraingoan bi berezitasun izan ditu: eztabaida gunean jarri den gaia eta hizkuntza gutxitu baten (euskara) erabilera. Hizkuntzalaritzan eta hizkuntza gutxituen inguruko kongresuetan oraindik ezohikoa den, baina guztiz beharrezkoa iruditzen zaigun gai batek eman zion izena kongresuari: ‘Garapen Jasangarrirako Helburu (GJH) galdua. Arriskuan dauden hizkuntzak eta Garapen Jasangarria’. Hizkuntza gutxituen mantentze eta biziberritzearen ekimenek garapen jasangarriaren printzipioekin duten lotura kontzeptualak aztertzea bilatzen zuen kongresuak. Nabaria da hizkuntzen aipamen eza 2015ean abian jarri zen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, eta horrela salatu dute adituek. Horretaz ohartuta eta gabezia hori agerian jartzeko, katedrak aldarrikapen bat bideratu du azken urteotan, Agendak jasotzen dituen 17 helburuei bat gehiago gehitzearena: 18. helburua, Hizkuntza eta Kultura aniztasuna; hortik kongresuaren GJH galduarena. Nolanahi ere, 18. helburu gisa irudikatu den arren eta horrela zabaldu den arren, horrek ez du esan nahi helburu hori gehigarri hutsa denik; 2030 Agendaren helburuak banan-banan aztertuz gero, erraz ikusiko dugu hizkuntza ezinbesteko osagaia dela guzti-guztietan. Agendan jasotzen diren garapen jasangarrirako helburuak ekintzarako plan unibertsal gisa planteatu dira pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu osoko pertsonen bizitzak eta etorkizunerako aukerak hobetzeko, baina garatze bidean eta garapen beharra duten herrialdeak dira, hain zuzen, hizkuntza aniztasun handiena dutenak eta euren hizkuntzak galtzeko arrisku handiena dutenak. Horregatik, are garrantzizkoagoa da hizkuntza gutxituak aintzat hartzea. Garapen jasangarria eta hizkuntza banaezinak dira, eta horrela erakutsi digute adituek kongresuan aurkeztu dituzten ikerketek.

Hizlari plenarioek, euren landa-lanetan oinarrituta, adibide ederrak jarri dizkigute. Alde batetik, erakutsi digute Artikoko komunitate indigenak jasaten ari diren sekulako aldaketak globalizazioaren eta klima aldaketaren ondorioz. Turismoaren eta immigrazioaren eraginarekin batera, bizimodu modernoari lotutako ohiturek eta teknologiek molde kultural eta linguistiko berriak ari dira ezartzen; aldaketa klimatikoak ingurumenean duen inpaktuak, gainera, areagotu egiten ditu prozesu horiek. Komunitate horientzat kultura, hizkuntza eta ingurumena osotasun banaezina dira eta ikuspegi hori mantentzea funtsezkotzat hartzen da komunitatearen garapenerako; halaber, gazteen ilusio eta gogoak, etorkizunari begira lotura horiek eta hizkuntzaren bizindarra bermatzeko. Bestetik, munduko leku epelagoetara joanda, Ekuadorren bideratutako esperientzia bat ekarri digu beste hizlari batek. Erakutsi digu zein garrantzizkoa izan daitekeen hizkuntzaren biziberritzearen prozesua garapen jasangarriarekin lotzea, eta nola ingurumenaren ezagutzak eta jakintza tradizionalak hizkuntza indigenaren bitartez zabaltzen direnean elkar elikatzen diren, eta garapen onuragarriagoa ekartzen duten komunitatearentzat, besteak beste, nekazaritzan, osasunean eta hezkuntzan eragiten dutelarik. Horretaz gain, ezagutu dugu zein garrantzizkoa den hizkuntza gutxitua garapen jasangarrirako programetan erabiltzea; adibidez, amazigh hizkuntza aintzat hartzea uraren kudeaketa teknika egoki eta jasangarriak ezartzeko orduan. Hezkuntzaren eta garapen jasangarriaren arteko lotura ere aipatzekoa da; ikerketek erakutsi dute hizkuntzekiko jasangarriak ez ezik, Agendaren beste helburuekiko ere jasangarriak izan gaitezkeela bertako hizkuntza gutxitua hezkuntza eleaniztun baten erdigunean jartzen dugunean. Beste alderdi askotatik ere heldu zaio gaiari kongresuan: herri aktibismoa, erakundeak, kultura, soziolinguistika, hizkuntza ideologiak, osasuna, teknologien erabilera, literatura…

Hasieran esan dudan bezala, hizkuntza gutxituaren presentzia, euskararena, alegia, izan da kongresu honen beste berezitasun bat. Hizkuntza zaurgarrien eta galzorian daudenen kasuan garrantzizkoa da dokumentazio lana egitea eta haien inguruko ezagutza handitzea, baina hori ez da nahikoa haien biziraupenerako. Hizkuntza horiek aintzat hartu eta haien erabilera eta biziberritzea bermatu behar da garapen justua eta eraginkorra ziurtatu nahi badugu. Hizkuntza gutxituek hiztunak behar dituzte, haiengan baitago hizkuntzen etorkizuna. Paradoxikoki, FELeko kongresuetan arriskuan dauden hizkuntzak hizpide izan arren, elkarren arteko ulermena errazte aldera, ingelesa erabiltzen da “lingua franca” bakar moduan; ahotsa, beraz, hizkuntza boteretsuari ematen zaio hizkuntza gutxituen erabilera itzalean geratzen delarik, eta hori kontraesana ere bada, bai hizkuntzen arteko jasangarritasunari dagokionez, bai arriskuan dauden hizkuntzen babesari dagokionez.  Ingelesarekin batera euskara kongresuko hizkuntza gisa erabili ahal izanak euskararen biziberritzean gauzak ondo egin ditugula erakusten du. Hizkuntza aintzat hartzen denean gizartearen garapena ere sustatzen dela erakutsi dugu: interpretazio zerbitzu bikainak, euskaraz ikastea ahalbidetzen duen unibertsitatea, hizkuntza gutxituan ikertzen duten adituak, hizkuntza gutxituarekiko konpromiso sendoa duten erakundeak, gizartearen kohesioan eragiten dituzten neurriak eta hizkuntza politikak… Denok nahiko genuke erabilera esparru handiagoa euskararentzat, baina beste leku batzuetan duten egoerarekin alderatuta badugu zertaz izan harro. Gainera, garapen jasangarrirako helburuei erreparatuta, agerikoa da hizkuntza gutxitua biziberritzeko lanak ekarpen handia egin duela Agendan agertzen diren helburuen ikuspegitik. Horren ezinbesteko zutabeak izan dira komunitatearen indarra eta hezkuntza sistema eraldatzailea; biek ala biek dute lotura estua garapen jasangarriarekin. Gure gizarteak gaitasuna erakutsi du aliantzak egiteko, aukeren berdintasuna eta inklusioa bermatzeko, erakunde sendoak eta konprometituak eraikitzeko, kalitatezko lana garatzeko, hizkuntza gutxitua erdigunean duen hezkuntza sistema eleaniztuna garatzeko… Hala eta guztiz ere, tamalez, euskara zaurgarri izaten jarraitzen du, hizkuntza gutxitu guztiak bezala. Euskararen egoera ez dago bermatuta. Gizarte globalizatu eta aldakor honek etorkizunari begira dituen erronkak hamaikak dira eta oreka hauskorra da, garai batean lortutako aliantzak eta adostasunak gaur egun kolokan jartzeko arriskua dago azken boladan ikusi dugun bezala, eta horrek kalte egin diezaioke gizartearen kohesioari. 40 urte hauetan eraiki ditugun euskarriek eraman gaituzte euskararen biziberritzera eta etorkizuna izatekotan aliantzekin eta proiektu eta erakunde sendoekin izango da.

Tokian tokiko hizkuntza gutxituak jarri behar ditugu erdigunean, ahaztu barik gure gizartea eleanitza dela eta hizkuntza guztiei zor diegula errespetua. Fèlix Martí zenak zioen bezala, “hizkuntza bakoitzak bere errealitatea argiztatzen du, hizkuntza bakarrak ezin ditu argiztatu munduaren errealitate guztiak”. Horrek esan nahi du hizkuntza guztiak behar ditugula. Gure ingurumenaren ekologiaz eta aniztasunaz arduratzen gara, baina ahaztu egiten zaigu hizkuntzak ere ekosistemaren parte direla eta haiekiko ere jasangarri izan behar garela. Agendak bilatzen duen garapen jasangarria bera ere eskura ezina izango da ez badira aintzat hartzen hizkuntza gutxituak. Azken batean, 18. helburu deitu dugun horrek egiten ditu bideragarri beste guztiak. Ikuspegi holistikoa eta hizkuntza politika sendoak behar ditugu garapen jasangarriari bere osotasunean ekiteko.