Eduki publikatzailea

UPV/EHUren adierazpena

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/23

Jakina denez, aste honetan, ikasle talde batek hainbat jarduera antolatu ditu UPV/EHUko ikastegi batzuetan "Herri Unibertsitatea" izenburupean. Jarduera horiek antolatu egin dira inplikatutako ikastegiekin (Gasteizko Letren Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea) ezarritako erabakiak oinarri hartuta. Esanak esan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, 200 bat ikaslek bertako instalazioak okupatu dituzte, nahiz eta ikastegiko zuzendaritza eta errektorego taldea behin eta berriro ahalegindu gutxieneko baldintza batzuk lortzen aipatutako jarduerak modu normalizatu batez egin zitezen.

Ikastegi horretan, ikasleek sistematikoki hautsi dituzte jarduera horiek gauzatzeko ezarriak ziren baldintzak: guneak erabiltzeko eskaera norbaiten izenean egitea, ezarritako gelak bakarrik erabiltzea, gaua bertan eman zezakeen gehieneko lagun kopurua eta sukaldeko materialik ez erabiltzea (bonbonak, su txikiak, etab.). Izan ere, horiek erabiltzea debekatuta dago ikastegiaren beraren jarduerarekin lotutako segurtasun arrazoiak direla eta.

UPV/EHUko errektorego taldeak gogorarazten du ezin ditzakeela inork baliatu instalazio publikoak, inolako kontzeptupean, unibertsitateko organo kudeatzaileek aurrez erabakitako arauak bete gabe. Ezin dezake inork ondasun publikoaren erabilera pribatiboa eta ilegitimoa egin , ezta ondasun horiek kaltetu ere. Baldintza horiek kontuan hartuta, ikasleei ikastegitik ateratzeko agindu zitzaien. Hala ere, eskaerari uko eginda bereari eutsi eta ikasgela, korridore eta teilatu laua okupatuz, ikastegiko instalazioetan kale larriak eragin dituzte. Horiek horrela, UPV/EHUko Errektoregoak, ikastegiko zuzendaritzarekin bat eginda, laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari eta Ertzaintzari eskolako instalazioak okupatzen zituzten ikasleak aterarazteko.

Unibertsitatea eztabaidatu, gogoeta egin eta ikasteko tokia da, zeinetan ekimen guztiek duten beren tokia, baldin eta ekimenok arduraz kudeatu eta funtzionatzeko gutxieneko arau batzuk betetzen badira. Tamalez, hizpide dugun kasu honetan ez dira bete unibertsitateko jarduera bat behar bezala garatu dadin bermatzen duten printzipioak.

Bilbon, 2017ko otsailaren 23an. 00:15ean.