Eduki publikatzailea

«Sakon hausnartu beharra daukagu arkitekto lanbideaz»

Olatz Ocerinek arkitekto prestakuntzak zein lanbideak berrehun urtean izan dituen nondik norakoak aztertu ditu bere doktorego tesian

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/12

Irudia

Gipuzkoako EHAEOko Gobernu Batzarreko kide Olatz Ocerin Ibáñez arkitektoak berriki defendatu du bere doktorego tesia, Formación y profesión arquitectónica en el País Vasco (1774-1977). Origen y evolución de la profesión de arquitecto desde el siglo XVI hasta la creación de la Escuela Técnica Superior de Arquitectura de la UPV/EHU, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta Bikain Cum Laude kalifikazioa eman diote. Carlos Martínez Gorriaran irakaslea izan du tesiaren zuzendari.

"Arkitektoaren lanbidea eta haren esparru profesionala krisi betean daude. Garai zaila egokitu zaigu arkitektooi. Orain, sakon hausnartu beharra daukagu gure lanbidearen orainaz eta etorkizunaz, eta, horretarako, ezinbestekoa da gure iragana aztertzea eta sakontzea, nire ustez". Helburu horrekin, Filosofia arloko doktore berriak askotariko bibliografia bildu zuen, arkitekturaren arloko prestakuntzak eta lanbideak 1774. urtetik 1977ra izan dituen nondik norakoak atertzeko: 1774an, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lehen marrazkigintza eskolak sortu zituen, eta 1977an, berriz, gerora UPV/EHUren Arkitekturako Goi Mailako Eskola bihurtu dena sortu zen.

Arkitekto lanbideak XVI. mendean du jatorria. Orduko hartan, harrobien inguruko tradizio handia zegoen Euskal Herrian; hain zuzen, harginak eta arotzak arkitektoen arbaso zuzenak dira. "Harri eraikuntzaren goraldia XVI. mendean izan zen, gerra bandokideak bukatu eta lurraldea berriz eraiki zenean. Horri esker, nekazariek hiribildu harresidunetatik kanpo beren kabuz bizitzen jartzea erabaki zuten, eta euskal imajinarioan esanahi handiena duten eraikuntza arkitektonikoetako batera aldatu ziren: baserrira. Baserriak iraultza berezia ekarri zuen euskal etxe arkitekturaren arlora; izan ere, ordura arte, nekazariak bere eskuekin eraikitzen zuen bere etxola, zurezko pieza txikiekin. Baserriak eraikitzeko, baina, zurezko zutabe handiak erabili eta harlanduzko hormak altxatu behar ziren. Horren ondorioz, nekazariek ezin izan zuten jarraitu etxebizitza propioa eraikitzen, eta hargin eta arotz gutxiago kontratatzen hasi behar izan zuten etxea egiteko. Horrela, norberak bere kabuz eraikitzeari utzi, eta eraikuntza arkitektonikoa profesionalizatu egin zen. Urrats hori aurretik ere gertatu zen eliza eta jauregi handien arkitektura monumentalaren eraikuntzan, eta, baserriekin, landa etxeen arkitekturara hedatu zen".

Marrazkigintza eskolak

Bi mende geroago, XVIII.ean, bazter utzi zen arkitekturaren gremio sistema. Madrilen San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia eratu zen 1745ean; Euskal Herrian, berriz, 1764an Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten euskal nobleek, Frantziatik zetozen ideia ilustratuek eraginda. "Gizartea birsortzea zuten helburu, eta arkitektura ez zuten goi mailako artetzat, osagai ekonomiko handia zuen elementutzat baizik. Gainera, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearentzat eta ilustratuentzat, arkitektura gainerako arteez bestelakoa zen, eta gizarterako zientzia eta tresna praktikotzat jo zuten. Birsortzeko estrategia horretan, Elkarteak ikusi zuen marrazketa zela lanbide ororen oinarrizko tresna, marrazketaren bidez irudika baitzitekeen errealitatea, objektiboki nahiz zientifikoki. Hori ikusirik, Elkarteak, zeina Errege Akademiari oso lotua baitzegoen, doako marrazkigintza eskolak jarri zituen martxan 1774an". Horrela, Gasteizko, Bilboko eta Bergarako marrazkigintza eskolak sortu ziren, eta "eredu instituzional eta profesional berri bat sustatu zuten, jardunbide, ideia eta prestakuntza sistema berriekin".

Handik mende batera, XIX.ean, arkitektoek izen handia hartu zuten gizartean, udal arkitektoek eta probintziakoek bereziki; izan ere, haiexek itxuratu zuten gure inguruko herri eta hirietako paisaia arkitektonikoa. Nabarmentzekoak dira, batez ere, garai hartako hiri zabalguneak. "Zabalguneak eraikitzen hastean, proiektu asko egin eta eraikin ugari altxatu behar izan ziren; horregatik, orduko arkitekto kopuru txikiak ezin izango zituen bere gain hartu halako obra handiak. Horren ondorioz, euskal lurraldean obra maisuak aritu ziren garai hartan lan arkitektonikoak egiten. Arkitektoei, halaber, beste lehiakide batzuk ere agertu zitzaizkien: ingeniariak. Arkitektoen prestakuntza teknikoagoa edo artistikoagoa izatearen inguruko eztabaidak esparru hori gainditu zuen, eta, azkenean, estatuko kidego bat sortu zen, hala arkitektoen nola ingeniarien kolektiboari eta haien konpetentziei indarra emateko", adierazi du Olatz Ocerinek.

Alabaina, XX. mendearen hasieran izan zen arkitekto lanbidearen inguruko gertakari nagusietako bat: elkargo profesionalak sortu ziren orduan, eta, horren eraginez, arkitektoek derrigor elkargoko kide izan behar zuten lanean jarduteko. 1930ean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala sortu zen; gaur egun, Olatz Ocerin Gobernu Batzarreko kide da. Halaber, "arkitektoek XIX. mendean eta XX. mendearen erdialdera izan zuten estatus sozial eta profesional pribilegiatua desagertu egin zen, Desarrollismoa izeneko garaian arkitektura eskola berriak sortzeko politika ezarri baitzen Espainian. Gobernu politika horren ondorioetako bat izan zen arkitekto kopurua neurri gabe areagotzea, hala arkitektura eskoletan nola lan merkatuan". Olatz Ocerinen ikerlanaren amaieran, Euskal Herrian 70eko urteen hasieran gertatu zen arkitekturaren aktibatze kulturalari buruzko atal bat dago; aktibatze horren eraginez, Euskal Herriko Arkitektura Eskola sortu zen 1977an, Luis Peña Ganchegui buru zela, eta gaur egun Donostian dagoen UPV/EHUko Arkitekturako Goi Mailako Eskolaren hazia izan zen.

Egileari buruz

Olatz Ocerin Ibáñez (Hondarribia, 1975) arkitektoa da, eta Filosofiako Cum Laude doktorea UPV/EHUren eskutik (2016). 2014az geroztik, Gipuzkoako EHAEOko Gobernu Batzarreko kide da. 2010ean "Filosofia, Zientzia eta Balioak" ikerketa masterra amaitu zuen UPV/EHUn. Arkitekturako hainbat azterlanetan aritua da, eta 2009an bere bulego teknikoa ireki zuen; hantxe uztartzen ditu lanbide liberala eta ikerkuntza akademikoa.

 

Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.