Eduki publikatzailea

In memoriam: Julián Irujo

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/21

Julián Irujo
Julián Irujo

Julián Irujo margolari eta UPV/EHUko Pinturako katedradunak partaidetza aktiboa izan zuen Arte Ederren Fakultatea berregituratzeko lanetan, bertako dekanorde izan baitzen 90eko hamarkadaren hasieran. Bereziki, "Erasmus" trukeak antolatu zituen Arte Ederren Europako gainerako fakultate eta eskolekin. Bere lanetan, erakutsi du jarduera artistiko esperimentalak, unibertsitate ikerketa eta irakaskuntza lana bateratu eta elkar elikatu ahal direla, eta ekarpen garrantzitsua egin du arte eta irakaskuntza jarduerara aplikatutako semiotika esperimentalean oinarritutako ikerketa lerroa sortzeko.

Hori dela eta, eta gure fakultatean egindako lanak zehatz definitzeko, "semiurgia" izeneko kontzeptu berria sortu du, "urgia" atzizkia oinarri hartuta: "metalurgia" edo "siderurgia" bezalako hitzetan erabiltzen da, eta ekintzarekin, sorkuntza prozesuekin eta forma ematen zaien materialak zuzenean manipulatzearekin lotutako planteamenduak definitzen ditu.

Juliánek oso legatu garrantzitsua utzi digu: hark eginiko lanetan aurki daiteke, eta horietan zehatz definitzen dira haren ideiak. Ikuspuntu artistiko-piktorikotik, obra pertsonala eta kalitatezkoa eman du: hala erakusten dute banakako 25 erakusketa piktorikoek eta erakusketa kolektibo amaigabeek. Unibertsitatean eginiko ikerketa lanean 10 doktorego tesi zuzendu ditu, eta parte hartu duen ikerketa proiektuetan eta irakaskuntza jardunean argitalpenak eta erakusketak antolatu ditu. Nabarmentzekoa da haren ohiko jardunbidea: klasean aplikatzen zuen ikertutako guztia, eta hortik dator norabide jakin bati eutsi izana eta utzitako idazkietan sakondu izana. Haren azken bi liburuak (Saber sentir la pintura eta La mirada peligrosa) testamentu gisakoak dira.

Bere ikerketek helburu garrantzitsuak lorrarazi dizkiote, eta espero izatekoa litzateke haren irakaskuntza jaso duten batzuek lekukoa hartzea eta, "haren sorbaldetara igota", are urrunago ikusi ahal izatea.

Azkenean, haren oroitzapen ezabaezina gelditu zaigu, haren eskuzabaltasuna, gainerakoei laguntzeko prestasuna, jakinik inoiz ez zuela interes pertsonalik defendatu.

 

J. L. Tolosa / F. Mardones
 

Haren esaerak

  • Hodeiekin batuko naiz, mugitzen diren formak eta zentzumenetarako laztanak sortzeko.
  • Koadro bati begiratzen ikastea ikasketa bikaina izan daiteke errealitatean patxadaz sakontzeko eta errealitatearen konplexutasuna oso-osorik balioesteko.
  • Pinturaren balioak aldarrikatzea, ikasteko iturri gisa; ez hainbeste arte ikuskizun balira bezala.
  • Segundo bakoitzeko mila irudi dituen gizartean murgilduta, jarduera patxadatsua defendatu nahi zuen: hots, inguruko errealitateari lasaitasunez begiratzea.
  • Ideia bat izan dut abiapuntu: artelan bat ulertzeko bide onenetako bat da sorkuntza mekanismoei eta artistak erabilitako aldagai esanguratsuei begiratzea.
  • Uste dut "pentsamendu kritiko" delakoak autokritikoa izanda norberaren buruaren aurkako kontrol sistemak ezartzen hasi behar duela; bestela, norberaren ahuleziak ezkutatzeko gainerako gizakiei errua egozteko mekanismo psikologikoaren proiekzio hutsa besterik ez da.
  • Eta beste ezer baino gehiago defendatu nahi izan ditut giza balioak, hurkoarekin enpatizatzeko ahalmena (bereziki ahulenekin) eta inoiz ez ahaztea politika jardueraren helburu lehenetsia izan beharko lukeela munduan bidegabekeria eta miseria desagerrarazteak.