Eduki publikatzailea

'Behagunea': Kultur talaia digitala

Jaialdi edo eguneroko jardueren jarraipena egiteko tresna da

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/08

Irudia

Behaguneak, Interneten argitaratutakoa jasotzeaz gain, sailkatu egiten du argitalpen bakoitza zein gairi dagokion identifikatuz eta iritzi horiek positibo, negatibo edo neutralak diren adierazten du.

Tresna berri honen aurkezpen-ekitaldia UPV/EHUko Informatika Fakultatean egin da eta bertan parte hartu dute: Xabier Paya, Donostia 2016ren kultur programaren zuzendaria; Olatz Arbelaitz, UPV/EHUko irakaslea Informatika Fakultatean; Iñaki San Vicente, Elhuyar fundazioaren I+G garatzailea; eta, Rodrigo Agerri, UPV/EHUko irakaslea Informatika Fakultatean.

Garatutako webgunea modu errazean egokitu daiteke domeinu berrietara, beste edozein erakunde edo elkartek erabili dezan.

Behagunea webguneak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan antolaturiko ekintza zein ekitaldiek Interneten eta sare sozialetan izan duten jarraipena neurtzen du automatikoki. Milaka albiste, iritzi artikulu eta mezu bildu, eta bertan azaltzen diren edukiak sailkatzen ditu, zein gairi dagozkion identifikatuz eta adierazpen horiek positibo, negatibo edo neutralak diren adieraziz. Datu horiek webgunean publikoki ikusgai daude, modu erakargarrian, erabiltzaileei nabigazio eroso eta intuitiboa eskainiz.

Proiektu hau Donostia 2016ren Hirikia kaiaren baitan garatu da. Teknologia berriez arduratzen den kaia da Hirikia, teknologia eta kulturaren arteko loturak sortuz, herritarren ahalduntzea eta irisgarritasun digitala sustatzeko helburuarekin. Behagunea, DSS2016EUrekin batera, Elhuyarrek eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeak garatu dute.

Aldeko zein kontrako iritziak modu argian erakusten ditu webgunean, ekitaldien termometro bihurtuz. Horrez gain, webgunean bertan ekitaldi jakin bati buruzko iritzia emateko modua dauka erabiltzaileak.

Proiektu europar batean oinarritutako ekimena

UPV/EHUko Informatika Fakultateko IXA taldeak gidatutako ikerkuntza proiektu europar baten (OpeNer project) emaitzak jaso eta aplikatu dira Behagunean, kultura arloan puntakoa eta berritzailea den aplikazio hau sortuz.

Teknologikoki, hauek dira Behagunearen ezaugarri nagusiak:

  • Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruan ematen diren proiektuen inguruko iritzia jasotzen du, denbora errealean. Iritzi bat publikatu eta handik 10 minutura iritzi horiek linguistikoki prozesatuta eta polaritatea aztertutaBehagunean ikusgai daude.
  • Aipamenak hainbat iturritatik eskuratzen ditu aplikazioak horretarako sortutako berariazko softwareari esker. Egunkariak, sare sozialak, eta blogak ustiatzeko gai da.
  • Iritzien analisi aurreratua. Sistemak mezuen polaritatea detektatzen du, mezuetan aipatzen diren gaiak eta haien egileak identifikatzen ditu. DSS2016EUren domeinura egokitutako iritziak aztertzeko teknologia garatu da, 4 hizkuntzatarako, Euskara barne.
  • Datuen bisualizazio aurreratua: Sistemak DSS2016EU ekimenaren barruan ematen diren proiektuen inguruko iritzia jasotzen du, denboran zeharreko aldaketak erakusten ditu, egile aktiboenak identifikatzen ditu, eta jasotako datuen gaineko estatistikak sortzen ditu. Tresnak datu guztiak modu erosoan kontsultatzeko bisualizazio interaktibo aurreratua eskaintzen du.
  • Zaintza sistemaren kudeaketa aurreratua: Kudeatzaileak aukera du monitorizatu nahi diren gaiak zein iturriak konfiguratzeko, eta estatistika atal berezitua ere badu. Horretaz gain, jasotako iritzien eskuzko berrikuspena egiteko aukera ematen zaio.

Ekitaldien ebaluaziorako tresna

Garatutako bot edo programa informatiko hau modu errazean egokitu daiteke domeinu berrietara. Egokitzeko erraztasun horri esker, beste edozein erakundek edo kultur elkartek erabili ahal izango dute, dagozkion moldaketak eginda, euren ekitaldi, jaialdi edo eguneroko jardueren jarraipena egiteko. Hartara, kultur ekitaldien ebaluaziorako aldagai berriak eragingo ditu Behaguneak, bertaratutakoen kopuru edo ezaugarrien ohiko informazioari gehitzeko moduko datuak eskainiz.

Sistema irekien filosofiarekin guztiz bat datorren soluzio teknologikoa garatu da. Proiektuan zehar garatu diren teknologia guztiak software librea erabiliz egin dira eta lizentzia libreekin eskuragarri daude sarean.

Argazkiak: DSS2016