Eduki publikatzailea

Jenaro Gisasola irakaslea saritu dute

Nazioarteko aitorpena jaso du fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketan egindako ekarpenagatik

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/23

Irudia

Jenaro Gisasolak, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua I Saileko irakasleak, GIREP Fisikako Irakaskuntzaren Ikerketarako Nazioarteko Taldearen 50. urtemugako domina jaso du, "mundu osoan fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketan egin dituen ekarpen garrantzitsuengatik". Gisasola irakasleak GIREPen urteko mintegiari ekiteko saioan jaso zuen saria duela gutxi, Krakovian (Polonian).

Domina horrek balioa ematen dio Gisasola irakasleak ikerkuntzan oinarrituriko ikaskuntza aktiboko formatua UPV/EHUko eta munduko beste unibertsitate batzuetako fisikaren hastapen ikastaroetan txertatzeko egin duen lanari. Halaber, balioa ematen dio Gisasolak unibertsitateko fisikaren irakaskuntzaren inguruan egindako ikerketek nazioartean duten garrantziari eta eraginari. Gisasolak, ikerketak egiteko, GIREP ‘Physics Education Research at University Taldea zuzendu du, eta artikulu nahiz testuliburu ugari kaleratu; horrez gain, buru-belarri aritu da Learning Physics by Gided Problem Solving (LP-GPS) programan, fisikaren inguruko hastapen ikastaroak antolatzen.

"Poz-pozik nago GIREPek fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketan eta berrikuntzan izan diren ekarpen garrantzitsuak saritzeko ematen duen domina jasoko dudalako. Gainera, aitortu nahi dut zorretan nagoela fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketan aitzindari izandako irakasleekin: Daniel Gilekin, Laurence Viennotekin eta Lillian C. McDermottekin, besteak beste. Izan ere, haiek 1980-1990eko hamarkadetan egin zuten ahaleginagatik izan ez balitz, ezin izango genukeen horren bizkor aurrera egin fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketan eta berrikuntzan. Niretzat, sari hau gure Donostia Physics Education Research Group (DPERG) taldearen nazioarteko ikerketa bikaintasunari eusteko akuilua da, eta fisikaren irakaskuntzaren arloko ikerketa fisikako ikertzaileen komunitate izugarriaren parte dela aitortzeko modua", nabarmendu du irakasle sarituak.

GIREP

Fisikako Irakaskuntzaren Ikerketarako Nazioarteko Taldea da GIREP, 1966an sortua, eta fisikaren irakaskuntza hobetu nahi duten irakasleei, ikertzaileei, trebatzaileei eta curriculum diseinatzaileei irekita dago. GIREPek fisikaren irakaskuntzaren arloko berrikuntzari eta ikerketari buruzko biltzarrak eta mintegiak antolatzen ditu mundu osoan, besteak beste estatuko eta nazioarteko elkarte hauen laguntzarekin: European Physical Society, International Commission of Physics Education of International Union of Pure and Applied Physics (ICPE-IUPAP), American Association of Physics Teacher (AAPT), American Physical Society (APS) eta Conferencia Interamericana de Educación en Física (CIEP).

Argazkia: UPV/EHU