Eduki publikatzailea

Informatika Fakultateak Bikain ziurtagiria jaso du

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/16

Irudia

Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen Bikain ziurtagiria jaso berri du Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateak. Ziurtagiri honek enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Orain arte enpresetan bakarrik aztertzen zen hori, baina aurten unibertsitateko ikastegiekin ere hasi dira. Beraz, Informatika Fakultatea da Euskal Herriko Unibertsitatean Bikain ziurtagiria duen lehen ikastegia.

Saria Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak emango du astelehenean, abenduaren 19ean, 18:30ean hasita Donostiako Kursaalean egingo den ekitaldiaren barruan.

Kepa Sarasola Informatika Fakultateko dekanoaren esanetan "1984tik lan eskerga egin dugu informatikaren eta euskararen munduak batzen. Zertan hobetu badugu, noski. Baina euskara biziberritzeko bidean goaz eta horretan eragile nagusietako bat da UPV/EHUko gure Informatika Fakultatea. BIKAIN!".

Ebaluazio bat egin ondoren eskura daiteke Bikain ziurtagiria. Ebaluazioak lau ardatz nagusi ditu: Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; Kanpo harremanak; Barne harremanak; eta Hizkuntza kudeaketa. UPV/EHUko Informatika Fakultateak bikain gainditu ditu azterketa guztiak. Izan ere, Informatikaren Ingeniaritzako Gradu osoa euskaraz eskaintzen da, eta zenbait doktorego- eta master-programa ere, gizarteak behar dituen profesional berriak euskaraz ere prestatzeko helburuarekin. Honela, 32 urtetan 1.000 informatikari euskaldun baino gehiago plazaratu ditu. Ikerketari dagokionez, irakasle eta ikerlari guztietatik %70a da euskalduna eta euskaraz ere ikertzen dute. Gaur egun informatikan erabiltzen den euskara ikastegi honetatik sortu da nagusiki.

Halaber, Euskaltzaindiarekin harreman estua du Informatika Fakultateak. Gainera, azpimarratu behar da ikastegiaren baitan sortu dela IXA taldea, euskara bera informatikarekin indartu eta promozionatzeko helburuarekin. Talde horrek mundu digitalean euskara erabiltzeko tresna eta baliabide anitz sortu ditu: zuzentzaile automatikoak, itzultzaileak, bilatzaileak, hiztegiak eta gramatikak... elkarlanean, besteak beste,  Elhuyarrekin, Aholab-ekin, Vicomtech-ekin, Teknaliarekin, UEUrekin, eta Langunerekin.

Argazkia: UPV/EHU