Eduki publikatzailea

INPRESIONISMOA: Argia eta kolorea aire librean

BIZKAIKO CAMPUSEKO LIBURUTEGIKO ERAKUSKETA. LEIOAN (2017ko martxoa – apirila)

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/08

Irudia

2017ko irailaren 27an, 100 urte beteko dira Edgar Degas artista frantsesa hil zela. Artista horrek behin esan zuen: "Itzaltsu eta ezezagun izan nahiko nuke". Bada, 100 urte igarota, adieraz dezakegu itzal handiko obra duela, baina ez ezezaguna. Urteurren hori aitzakia hartuta, Bizkaiko Campuseko Liburutegiak erakusketa bibliografiko bat antolatu du INPRESIONISMOAri buruz; hain zuzen, Degas mugimendu piktoriko horretako kide nabarmenetako bat izan zen.


Pintore inpresionisten irudiko, sentsazioa zen ezagutza guztien iturria eta, horregatik, artista kanpora atera behar zen argiaren eta gauza iheskorren bila. Argiaren dirdira aldakorrak atzematea zen giltza, kale burrunbatsu, lorategi publiko edo zaldi lasterketetako uneak bakantzea, eta mihise batean hori hezurmamitzea, pintzelkada motzak eta kolorez beteak baliatuz. Aukeratutako gaia aitzakia bat besterik ez zen artistak unearen inpresio bat adieraz zezan.


Erakusketa txiki honen bitartez, batere osokoa izan gabe, pintore horietakoren bat omendu nahi dugu, bere artelanek artistak "momentu hura" pintzelen bidez atzematean izandako sentsazioak eta inpresioak helarazten baitizkigute artean ere. 


Ibilaldi hau inpresionismoaren aitzindarietako batekin hasten da: J.M.W Turner ingelesa. Gero, berriz, maisu frantsesei erreparatu diegu, adibidez, Édouard Manet, Claude Monet, Pierre-Auguste Renoir, Edgar Degas, Camille  Pissarro eta Alfred Sisley; Joaquín Sorolla eta Darío de Regoyos espainiar pintoreak; garairako aurreratuak ziren emakumeak, adibidez, Berthe Morisot eta Mary Cassatt; bukatuz Paul Cézannerekin, mugimendu inpresionistari kabua jarri zion margolariarekin.


Erakusketa egin ahal izateko, estimatzeko moduko "Arte Ederren liburutegia"ren lankidetza izan dugu, gure eskueran jarri baitu bere funtsa eta, beraz, bihoazkio gure eskerrak.