Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARRAINAK URA BAINO (1999)

Hasier Etxeberria
Axun Aierbe

Eleberri honek 1998ko Eleberri Saria irabazi zuen Kutxa Fundazioak antolaturiko Irun Literatura Sarietan eta hurrengo urtean eman zuen argitara Kutxa Fundazioak. Urte berean Elkarlanean argitaletxeak ere egin zuen beste edizio bat. Bi edizioak oso antzekoak badira ere, bada alderik bien artean: batetik, bigarren edizioan zuzenduta lehenak dituen hainbat akats; bestetik, hamalaugarren atalak “Itzuleraren kronika” izenburua du lehen edizioan eta “Eztanda”, berriz, bigarrenean; eta azkenik, “Mendiondoren gutuna” izeneko atalean ageri den gutuna, Mendiondok idatzia, aldaturik eta osaturik dago bigarren edizioan, eta lehenengo ediziokoak duen anbiguotasuna oso murrizturik dago.

Arrainak ura baino izenburua konparazio batean oinarriturikoa da, Simon Azkue pertsonaia nagusi eta kontalari denak arrainak ura baino gehiago behar baitu Ritaren maitasuna (Olaziregi 2002: 168). Ugariak dira konparazioak nobela osoan zehar, bai atalen barnean bai atal bakoitzaren amaieran, eta asko eta asko dira naturarekin zerikusia dutenak, “guztiz deigarriak” Olaziregik dioen bezala (2002: 168).

Hemezortzi atal izenburudunez osaturiko nobela honetan, narratzaile autodiegetiko batek aitortza (7. or.)1 gisako kontakizun bat egiten digu, bere pentsamenduak, gogoetak eta iritziak tartekatuz.

Eleberri postmodernoa dela baiezta daiteke, zenbait ezaugarri formal kontuan harturik: narratarioa ageri da, “balizko irakurle” (5. or.) bati idatzi nahi baitio eta, eleberrian barna, bigarren pertsona plurala darabil narratzaileak kontakizuna kokatzerakoan, eta garrantzi berezia hartzen du hasieran (6. or.) eta bukaera aldera (136. or.), baina tartean ere agertzen da (73. or.); bestalde, nobelan zehar nabarmena da narratzaileak zein leku mota zehazten dituen eta zein ez mapan: leku zehaztugabeak dira bizitokia, lantegia, parkea, espetxea… Ematen dituen xehetasunak kontuan harturik, batzuetan iradokitzen du Baiona inguruan bizi eta lan egiten duela eta parkea ere han inguruan dagoela, eta horretarako ematen duen arrastoetako bat da Mendiondo lankideari Parisa joateko autoa eskatzean kontatzen dion gezurraren arrazoia; izan ere, Mendiondori Leona joateko aitzakian eskatzen dio autoa, bi lekuetarako antzeko kilometro kopurua dagoelako (84-85 or.). Aldiz, “Diputazioak Zientziaren Ohorezko Domina” aipatzean (22. or.) edo trikota / jertsea hitz-bikoteari buruzko elkarrizketan (23. or.) pentsa daiteke ospitalea eta parkea Hego Euskal Herriko tokiren batean kokaturik dagoela. Parkeaz behin baino gehiagotan ematen dituen xehetasun bakarrak dira itsasaldean dagoela eta han dauden landareak (hortentsiak, magnolioak eta mimosak). Espetxea, berriz, ez dakigu zehazki non dagoen, non idazten duen bere kontakizuna, eta ez digu xehetasunik ├▒imi├▒oena ere ematen. Pariseko lekuak nahiz Madrilekoak zehatz-mehatz kokatzen ditu, ordea, helbide osoa emanez sarritan: Louise lagunaren etxearena (86. or.), leherkaria eskuratzeko hitzordua egin zuen tabernarena (89. or.), Madrileko Burtsaren Etxea eta Ritz hotela (114. or.)… Parisen eginiko ibilbideak eta han ikusitako lekuak zehatz-mehatz deskribaturik daude. Erdibidean geratzen dira eleberrian zehar aipatzen diren beste leku batzuk, ez baitu ia xehetasunik ematen: Baionako Katedrala, Donostia, Hendaia, Aiako Harria…

Kontakizunean Simon Azkue ginekologoa dugu pertsonaia nagusia eta kontalaria, “hamar urte atzera” (14. or.) eginez aitortza egiten diguna, flash-back gisara. Narratzaileak dioskunez hogeita hamalau urte zituen, ondoren gertatuko zena hasi zenean, hain zuzen ere, Madrileko Burtsa Etxea birrindu eta 17 hildako eta hogeitaka zauritu (13. or) eragingo zituzten leherkariak ipintzera eraman zuen arrazoi katramilatsua: Rita Zabaleta izena duen emakumearekiko maitasun itsua eta haren iraganeko bikotekide Hans Lauer Alemaniako Talde Antikapitalistetako terroristarekiko oroitzapena ezabatu nahia, lehena obsesiboki bereganatzeko bigarrena garaitu eta estali nahi baitu (123. or.).

Simon Azkuek neurotikotzat du bere burua (24. or.), eta badira hainbat datu eleberrian ezaugarri hori baieztatzen dutenak, hala nola: hasitako gauzak amaitzeko gai ez dela inoiz izan aitortzen duenean (21. or.), “ezerk asetzen ez” (24. or.) duena dela diosku eta “obsesio gotor eta inozo” (26. or.) bihurtu zitzaion ezagutu berri zuen emakumea, Rita Zabaleta. “Giza-sikologiari buruzko hausnarketa” dela dio Estankonak (2001) eta obsesioak duen garrantzia nabarmendu du Fernandezek (1999).

Nortasun neurotikoa duen pertsonaia obsesibo baten historia dela erants genezake. Izan ere, aitortza gisako bat idazten du espetxean, baina aitortza hori ez da egingo dioten epaiketarako idatzia, epaiketa igaroa baita: lehenengo atalean protagonistak egin zuen krimenagatik Madrilen egin zioten epaiketaren berri ematen digu. Hortaz, irakurleari burura datorkion lehenengo galdera da norentzat, zergatik eta zertarako idazten duen aitortza hori. Argi dago ez dela abokatuarentzat edo epailearentzat ari narratzailea, baizik eta ez zaiolako “beste biderik bururatzen ataka honetatik irteteko” (7. or.) idazten duela, ez delako lasai geratu, kezkaturik baitago epaiketan emandako erantzunak ez ote dizkioten ulertu-edo, “[epaileak] eginiko galderen artean bai baitzen bat, zehatz erantzuten asmatu ez nuena edo, behinik behin, ez zena nik nahi bezain garbi geratu” (7. or.). Horixe dugu kontakizuna justifikatzen duen arrazoibidea, hain zuzen ere, nortasun neurotiko obsesiboa duelako hasten da aitortza idazten Simon Azkue protagonista, horixe dugu bada, idaztera daraman arrazoia eta nortasun hori azaleratuko du kontakizunean, nortasun neurotiko obsesibo horrek izugarrizko garrantzia baitu gertakariak ulertzeko. Xehetasunik txikiena ere ongi neurtzeko obsesioa duela aitortzen du –gorago aipatu bezala, autoa eskatzerakoan, kilometro-kopurua kezkabide izatea esaterako–, baina batzuetan akatsen bat egiten du, eta guztia ez da biribil-biribila nahiko lukeen bezala: “Seinale bat, zigilu bat, nolabaiteko sinaduraren bat egitea ahaztu zitzaidan Madrilen eta damu nintzen, biziki damu” (131.-132. or.). Gertakarien kontaketa egiterakoan aitortzen duen obsesio hori du gertakarien xehetasunak ematerakoan ere, baina akatsen bat egiten du narratzaileak, izan ere, epailearen izena hasieran Juan de Juanes Ramirez (6. or.) eta amaieran Juan de Dios Ramirez (135. or.) dela esaten digu. Alabaina, akats horiek gorabehera, jainko txikitzat du bere burua Simon Azkuek, gizaseme goitiartzat eta Gizon Berria dela aldarrikatzen du (135. or.).

Maitasun-historia gisara aurkeztu ohi da eleberri hau (Fernandez 1999, Rojo 2000, Estankona 2001, Olaziregi 2002: 167); baina, horrez gain, Mendiondoren gutunak beste zerbait ere adierazten digu, gutun hori baita beste pertsonaia baten ahotsa dakarren testu bakarra eleberrian, eta Simon Azkueren beste ikuspegi bat ematen digu, kanpoko ikuspegia, beste pertsonaia batzuek (Mendiondok, Elosegik…) dutena. Lehenengo edizioko gutunean iradokitzen denez (136.-137. or.), Rita Zabaleta –eta haren inguruan gertatzen den guztia eta harekiko maitasun itsua– obsesio bihurtu zaion mamu bat da: “Neu izan ninduan, muturra hire posta elektronikoan sartu eta hire Ritaren pausoak ordenagailuko gutunean ezagutu eta jarraitu zituena” (136.or.). Mendiondoren gutuna  aldaturik dago zati horretan bigarren edizioan eta are argiago uzten du kontu hori, lehenengo edizioko gutunak duen anbiguotasuna nabarmen murriztuz: “Neu izan ninduan, muturra hire posta elektronikoan sartu eta Ritaren hariak han esaten zenarekin lotu zituena. Nor bestela? Nor besterik bizi izan duk higandik itzala bezain hurbil eta itzala bezain iheskor, hainbeste denboran?” (191. or.)

Azkenik, ezin utz genitzake aipatu gabe eleberri honetan artearekiko eta zinemarekiko egiten diren erreferentzia eta aipamen ugariak, bereziki, Pariserako bidaia eta egonaldia aitzakiatzat harturik eginak: Pompidou Zentroa, La Temp├¬te du printemps filma, Depardieu, Delon, Deneuve eta Belmondo aktore frantsesak, De Niro, Ford, Mastroiani… Garrantzi berezia du Penelope eta Ulisesen aipamenak (29.-42. or.), hasieran Rita Zabaletak Hans Lauerri egiten baitizkio trikotak eta Simon Azkuek berari egitea nahi luke (42. or.) eta amaieran honela diosku: “Ikusi gabe ere badakit Rita non dagoen une honetan eta zertan dabilen. Parkeko gure eserlekuan, mimosen azpian, Peneloperen antzera, niretzat trikotak egiten” (140. or.).

BIBLIOGRAFIA

ESTANKONA, Igor (2001): “Maitasunagatik egin zuen!”. Deia. 2001-05-04.

FERNANDEZ, Jose Jabier (1999): “Amodioak, gorrotoak eta beste kontu batzuk”. Euskaldunon Egunkaria. 1999-10-16.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbao.

ROJO, Javier (2000): “Maitasunagatik”. El Correo. 2000-02-23.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus