Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

GORROTOA LEGE (1964)

Yon Etxaide
Fco. Javier Rojo Cobos

Gorrotoa lege Yon Etxaidek argitara eman zuen hirugarren nobela da eta esan daiteke nobela honekin idazleak gailurrera eramaten duela bere nobelagintza.

Nobela honek 1962.ean irabazi zuen Euskaltzaindiak Domingo Agirreren omenez antolatutako nobela lehiaketa eta 1964.ean argitaratu zen lehenengoz. Hurrengo argitarapena handik hogei urtera agertu zen 1984.ean. 1998.ean agertu zen argitarapena izan da idazlea bizi zelarik egin den azkena, idazlea hil baino zenbait hilabete lehenago plazaratua.

Idazlearen aurreko nobelekin (Alos-Torrea eta Joanak joan) konparatuta nobela diskurtsoari dagokionez, ezin esan daiteke funtsezko aldaketarik gertatzen denik hemen, aurreko nobela horietan zirriborratzen eta garatzen ziren osagaiak (gertakariak lehenaldian eta hirugarren pertsonan kontatzen dituen narratzaile orojakilea, adibidez) hemen ere agertzen baitira. Gaien aldetik ere, aurreko nobeletan agertzen ziren kezka eta interesgune berberak agertzen dira: argumentua lehenaldi historiko batean kokatzea; konfliktoan dauden alderdi batzuen presentzia; konflikto honi erlijioan oinarritutako irtenbidea ematea; errealitatetik hartutako datuak nobelaren asmoaren arabera aldatzea; behin eta berriro errepikatzen diren motibo batzuen presentziak (justiziarena, ezkontzarena, grinarena…).

Baina antzeko osagaiak agertzen badira ere, nobela honetan kontuan hartzeko moduko aldaketa dagoela esan daiteke:

Aurreneko bi nobeletan, konfliktoak pertsonaien esparru pribatuan gertatzen ziren, familia barruan alegia. Nobela horiek historikotzat defini zitezkeen, gertakariak lehenaldi identifikagarri batean kokaturik zeuden aldetik. Historiak, dena dela, eragin txikia zuen pertsonaiei gertatzen zitzaizkien gauzetan eta, edonola ere, eragin hau zeharkakoa izaten zen beti. Gorrotoa lege-rekin, ordea, konfliktoak esparru pribatutik esparru publikora lerratzen dira, historia gertakarien markoa izatetik, funtsezko kontagaia izatera pasatu baita. Honez gainera, Euskal Herriaren lehenaldiaz hitz egiten den aldetik, kontagaia politizatu egiten da neurri batean. Nobela honetako gertakariak XV. mendean kokatzen du, banderizoen gerren erdian. Eta idazlea Erdi Aroaz aritzen bada ere, zeharka bere garaiari begira dagoela esan daiteke.

Nobela honekin praktikan, idazlearen literatura ibilbidea amaitzen da, honen ondoren berrargitarapenak eta itzulpenak izan ezik, bi obra berri bakarrik argitaratu baitzituen: Etxaide jauna saiakera eta Eneko Agerroa izeneko nobela, nobelagintzaren aldetik, idazlearen literatura ibilbidean gauza berririk eskaintzen ez duen testua.

Gorrotoa lege nobela historikoa da, Erdi Aroan kokatutako gertakariak kontatzen baitira bertan, ahaide nagusiek, Oi├▒az eta Ganboa taldeetan banatuta, XV. mendean zehar burututako zenbait gudutan oinarritu baita egilea argumentua osatzeko. Gertakari historikoak pertsonaiek egiten dutenerako markoa ez ezik, kontatu nahi den gaiaren funtsezko osagaiak ere badira. Izan ere, nobelan 1448. urtean Arrasate erretzera eramango zuten gertakarien berri ematen ditu idazleak. Puntu goren hori zuen istorioa kontatzeko, Yon Etxaidek hogeita hamaika kapituluko nobela bat idatzi du.

Lehenengo ataletan (I-IX. ataletan), Matxin Ganboa Olasoko da gertakarien ardatza. Pertsonaia honek gonbite bat jaso du Elgoibarko bere etxean, Gomiz Onzalutx bisitatzera joateko, Butroeko gaztelura. Gomiz Onzalutx oi├▒aztarren buruzagia izanik, gonbitea etsaiarengandik datorkio Matxin Ganboari. Matxin Ganboak, dena dela, erabakiko du Butroeko gaztelura joatea, bakea helburu. Lehenengo atal hauetan, Butroera egiten duen bidaia kontatu ahala, tokiak, pertsonaiak eta aurrekari historikoak aurkezten dira. Irakurleak, bestaldetik, jakingo du zeintzuk izan diren Gomiz Onzalutxen asmoak gonbite hori egin duenean: Matxin bere taldera erakarri nahi du eta horretarako bere alaba Oneka harekin ezkonarazi nahi luke. Matxin Ganboak egiten duen bidaia hau ezkontza honen bidez zigilatuko den itunarekin amaitzen da.

Hurrengo zazpi kapituluetan (X-XVI), Gomiz Onzalutx eta Peru Abenda├▒oko buru diren bi taldeen arteko guduen berri emango zaigu, Peru Abenda├▒oko Aramaioz jabetzen den arte.

Hurrengo ataletan (XVII-XXIV. ataletan) gertakarien kokagunea aldatzen da Arrasate hirian gertatzen zenaren berri emateko. Alde batetik, hiria ganboarren eskuetatik oi├▒aztarren eskuetara pasatuko da (XVII-XIX. atalak). Honen ondoren zehaztasun handiz kontatuko da nola ganboarrek hiriaz jabetzeko ahalegina egingo duten eta horretarako hiria erreko (XX-XXIV. atalak).

Nobelaren azken kapituluetan (XXV-XXXI. ataletan), gertakari hauen ondorioak ikusiko dira. Arrasaten egindako erasoan oi├▒aztar asko hilko dira. Bestaldetik, ganboarrak garaile gertatu arren, Tolosan egingo den epaiketan erantzun beharko dute egindako sarraskiagatik eta honek haien gain-beherakada ekarriko du. Nobelan Aramaion gertatu zena kontatuz amaitzen da: Traizio eta mendeku kate berri baten ondorioz, Joan Latz izeneko pertsonaia Aramaioren jabe egiten saiatuko da baina Matxin Ganboak bere benetako jabeari (oi├▒aztarren buruzagiaren alargunari) berreskuratzen lagunduko dio.

1962. urtean, nobela honekin Domingo Agirre saria irabazitakoan Egan-en argitaratutako elkarrizketa batean Etxaidek laburtzen du zein den bere nobelaren nondik-norakoa. Lehenengo eta behin Erdi Aroa garai erakargarria iruditzen zaiola adierazi ondoren, idazleak esaten du garai hartan Euskal Herrian zehar gertatu ziren banderizoen guduek literatura lan jaso bat merezi zutela, “poema epiku bat” (XX 1962: 186). Gaiarekin gora-behera asko ibili ondoren, lortu zuen azkenean halako gai bati nobela historikoaren forma ematea.

Bestaldetik, nobela honen protagonistaren (Matxin Olasokoren) papera ere aipatzen du idazleak, eta bertan erlijioaren garrantzia azpimarratuta geratzen da (XX 1962: 186).

Luis Mitxelenak, bestaldetik, 1965.ean Egan-en argitaratukoa artikulu batean ideia interesgarriak plazaratzen ditu idazlan hau dela-eta.

Lehenengo eta behin, idazlearen idazkera goraipatzen du. (Mitxelena 1965: 159). Dena dela, Mitxelenak pentsatzen du baten bati ohi baino zailagoa irudituko zaiola Etxaidek erabiltzen duen hizkuntza, nobela honetan euskara “aberatsa eta oi bai├▒o ugariagoa” baita, (Mitxelena 1965: 160). Mitxelenak zailtasun hau, edonola ere, irakurlearen limitazioetan ikusten du gehiago Etxaidek erabiltzen duen hizkeran baino.

Nobela historikoaren generoa dela-eta, Mitxelenak adierazten duenez, artikulua idatzi zuenean (Etxaidek bere nobela argitaratu zuenean), nobela historikoaren garaia iragan zela ematen zuen  (Mitxelena 1965: 160).  Baina genero hau goi mailako literaturatik behintzat zertxobait baztertuta badago, horrek berorrek esan nahi du “erdi mailako literatura” dei litekeen horretan ez dela zertan baztertuta egon: kontsumoko literaturan, irakurle arrunten mailako literaturan, bere tokia edukitzen jarraitzen du nobela historikoak. Eta literatura horrekin parekatu beharko litzateke Etxaideren literatura. Gauzak honela, Mitxelenak dioenez idazleak erromantizismotik aldendu nahi duen nobela historiko modernoagoa erabili du, baina haren ustez ez du behar bezala lortu. Azalean gertatzen diren datuak agertzen baitira, azpian zer dagoen argitu gabe (Mitxelena 1965, 160). Banderizoen gerren arrazoiak ezkutuan geratu dira. Puntu hau nabarmen gelditzen da Etxaideren nobela irakurtzean. Nobela honetan oi├▒aztarrak eta ganboarrak elkar suntsitzeko lehian ikusiko ditugu, baina ez da agertzen inolako kausa materialik halako gertaeretan murgiltzeko. Borrokan aritzen dira, besterik egiten jakingo ez balute bezala, edota haien izaeraren ezaugarria baizik izango ez balitz bezala.

Edonola ere, nobela honetan Yon Etxaidek Erdi Aroaz hitz egiten duen neurrian, bere garaia du helburu.

Jon Kortazarrek nobela honetaz hitz egiterakoan esaten duen bezala, Etxaidek banderizoen guda horietan 36ko gerra zibilaren transposizioa eta gerra horrek ekarritako urraduren gaineko gogoeta ikus daitezke (Kortazar 2000, 136-137).

Hasiera batean, Erdi Aroaz kontatzen duena bere garaiko gertakarien paralelismo moduan uler daiteke: Gerra zibil bat (kontuan hartu behar da Yon Etxaiderentzat Espainiako Gerra Zibila benetan izan zen anaien arteko gerra bat), horren ondorioz Euskal Herria zatikatuta eta zanpatuta egotea… dauzka begi bistan eta egoera konfliktibo honi irtenbide bat bilatzeko Erdi Arora jotzen du. Garai hartan antzeko egoera konfliktibo bat agertzen zaio, baina Erdi Aro horretan planteatzen den konfliktoak irtenbidea eduki dezake, foru-erakunde gutxi-asko demokratikoen bidez, nahiz eta historiak erakusten duena bere asmoen arabera egokitu behar duen. Transposizio hori egiterakoan Erdi Aroa bere garaiko munduaren paraleloa izatetik eredugarria izatera pasatzen da, bertan erakusten baitzaigu nola konpon daitezkeen idazlearen begien aurren eta bere garaian planteatzen diren arazoak. Izan ere, Gerra (oraingoan letra larriarekin, Erdi Aroko ahaide nagusien gerrez bezainbat, 36ko gerra zibilaz balio baitezake honek) alde batera uzteko, gainditzeko, Demokrazia (Erdi Aroan demokrazia tradizional horrekin parekatutako foru-sistemaren adibidepean) beste irtenbiderik ez dago. Eta sistema politiko horretan erlijioak funtsezko lekua betetzen du. Demokrazia arkaikoa dei genezakeen horren oinarrian ebanjelioa baitago, irtenbide politikoa Jesusek adierazitako oinarrizko legearen azpian (elkar maitatu behar horretan) biltzen baita, Matxin Ganboa Olasoko pertsonaiaren ibilbidea eta jarrera irakurleentzako adibidetzat jarrita.

BIBLIOGRAFIA

ETXAIDE, Yon (1998): Gorrotoa lege. Elkar. Donostia.

ETXARRI, Joseba (1999): “Yon Etxaideri elkarrizketa”. Jakin 110. urt.-ots. 11-35. orr.

KORTAZAR, Jon. (2000): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.

MITXELENA, Luis. (1965): “Gorrotoa lege“. Egan 1-6. 159-161. orr.

ROJO, Javier. (1999): “Yon Etxaideren idazlanak: historiatik literaturara”, Jakin 110 zenb., urt.-ots., 37-48. orr.

ROJO COBOS, Fco. Javier (2004): Yon Etxaide eta nobela historikoa: Nobela genero honen emaitzak eta mugak, 50eko hamarkadako euskal idazle baten literatur ibilbidean. Doktore-tesia. UPV-EHU [Interneten Tesikerren eskutik argitaratutako  bertsioa: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/tesisDoctoral/PDFak/Javier_Rojo_TESI.pdf].

XX (1962): “Etxaide’tar Jon’ekin Izketan”. Egan 1962. 184-189. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus