Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LETURIAREN EGUNKARI EZKUTUA (1957)

Txillardegi
Ur Apalategi

Euskal literaturaren modernotasunaren auzia maiz eztabaidatu den gauza da eta badirudi egun nahikoa finkaturik daudela iritziak. Txillardegi da gure nobelagintzako lehen autore modernoa —Leturiaren egunkari ezkutuarekin hainbat berrikuntza (batez ere tematikoak) ekarri zituelako, hala nola gizartearekiko gatazka egoera batean bizi den pertsonaia nagusi baten ikuspegi introspektibo existentziala–, nahiz formaren aldetik Saizarbitoriaren lehen eleberriekin gertatu iraultza narratologikoa.

Galiziako Ferrolen egin behar zuen soldadutza garaia ez alferrik galtzearren, Txillardegik pentsatua zeukan itzulpengintza lan batean murgiltzea, eta Knut Hamsun-en Pan eleberria begiz jo zuen. Lan hori hartu ordez Koldo Mitxelenak gomendioa luzatuko dio: nobela bat sor dezan. Eta halaxe egingo du donostiarrak.

Leturiaren egunkari ezkutua, Leturia izeneko pertsonaia nagusiaren bizitzaren une berezi batzuen kronika da, berak bere buruaz beste egin ondoren utzitako egunkariaren bitartez –eta narratzaile iruzkingile batek, zeina “biltzaile” gisa aurkeztua zaigun– ezagutzera ematen zaiguna. Krisi existentzial sakon batean sarturik ikusten dugu Leturia eleberriaren hasieran eta bat-batean maitasunaren txinparta piztu eta bere ezinegona gainditzeko itxaropena bereganatzen du. Miren izeneko neska baten ezagutza egin eta luzaz egoten da ezkondu ez ezkondu bere golkorako eztabaidatzen, azkenean baiezko erabakia hartzen duen arte. Ezkontzaren problematikaren irakurketa alegoriko bat egiteko bidea eskaintzen du eleberriak, eta Mirenekiko konpromisoa bizitzaren aurreko engaiamendu guztien (baita politikoaren) irudi bihurtzen da. Miren hilzorian dagoela jakiten duenean aberriarekiko atxikimendua eta Mirenekikoa lotu egiten ditu Leturiak. Ezkondu bezain laster, baina, desengainua dator, eta Leturiak iritsi uste zuen absolutuak berriro ere ihes egin diola ulertzen du. Bizitza beti bezain hutsala iruditzen zaio. Miren utzi eta Parisera joaten da orduan. Han, beste behin bere baitako arazo existentziala konpontzen saiatzen ari dela, Mirenen gutun bat jasotzen du. Miren hilzorian dago. Euskal Herrira itzuli eta izandako jarrera harro eta berekoiaz damutzen da. Beranduegi. Egunkaria hor amaitzen da. Ez ordea liburua. Biltzaileak azaltzen digu Joxeba Leturiak bere burua hil duela.

Dispositibo narratologikoak badu halako sofistikazio puntu bat, ordura arteko euskal nobelagintzan erabat ezezaguna zena. Egunkari deskubrituaren artifizioak, gainera, elipsi narratiboekin jokatzeko aukera ematen dio Txillardegiri eta, hala, bi aldiz nobelan zehar, jauzi narratibo handi samarrak gertatuko dira (Mirenekin ezkondu osteko une zoriontsuetan ez du ezertxo ere idazten Leturiak), nolabaiteko suspensea bermatuz eta pertsonaiaren barne bilakaerari sinesgarritasuna emanez. Bide batez, esana gera dadila berrikuntza nabarmena dela, baita ere, euskal literatur tradizioari begira, pertsonaia batek barne bilakaera ezagutzea eleberrian zehar. Leturia, izan ere, ez baita euskal gizarteko pertsonaia arketipikoa (Mogelen Peru Abarka edota Txomin Agirreren Joanes artzaia izan zitezkeen modura), baizik eta gizabanako konplexu bat, hiritarra, kultibatua, garaikidea, eta gizarteak proposatzen dizkion bide eta baloreekin ez dena eroso sentitzen. Hitz batez esateko, pertsonaia problematiko edo gatazkatsua da, horretan ere lehena gure eleberrigintzan.

Txillardegiren ondorengo eleberrietan gertatuko denez —Haizeaz bestaldetik (1979) esperimentu nitzschearrean, esaterako–, bizitzaren absurduaren aurrean norbanakoak bizi duen hutsune sentipen mingarria eta, aldi berean, mugimenduan mantentzen duen absolutu egarria dira pertsonaia egituratzen duten ardatz osagarriak. Jainkoa ez da oraindik hil –Leturiak ez du ukatzen existitzen denik–, eta unamunotartzat jo dezakegun existentzialismo ez ateoaren segitzaile bat litzateke hemen aurkezten zaiguna. Halere, garai hartako euskal literaturaren zati handienean legez, frantses literaturaren eragina nabarmena da. Leturia, Antoine Roquentin Jean-Paul Sartreren Goragalea (1938) eleberri existentzialistako pertsonaia nagusiaren “lehengusu” bat da eta Sartreren obra famatuko zeharkako aipamenak ez dira urriak. Roquentinek bezala Leturiak ere parkeetan ematen ditu orduak eta orduak bere bizitzaz gogoeta egiten. Goragalean bezala esaten zaigu –geroztik vulgata existentzialista bihurtu dena– gizakia izatera iristeko aukerak egin behar dituela, orduan bakarrik igarotzen dela existentzia soiletik izate osora. Ildo beretik, eta berriro ere Sartreren aipamen ia zuzena eginez, Leturiak deskubritzen du bizitzak zentzu bat hartzen duela bizitakoa idatziz gero, deskubritzen du idazketa (eta oro har sorkuntza artistikoa) absurduaren aurkako arma bat dela. Nobelan zehar barreiatutako frantsesezko esaldiek, nahiz ekintzaren kokapen espazialak ere zor, horixe salatzen dute: Parisen gertatzen da ekintzaren zati bat.

Beraz, euskarazko lehen eleberri hiritarra izanik ere, paradoxikoki, izadiaren presentzia handia da. Parkeen (Altzurain hiri euskaldun asmatuko Zerubide parkea eta Pariseko parke desberdinak) deskribapenen bitartez urtaro batetik bestera igarotzen da eleberria, eta urtaroen sinbolika Leturiaren aldartearen aldaketak adierazteko darabil Txillardegik. Ustegabeko lotura gertatzen da horrela Txillardegiren prosan gerra aurreko olerkari post-sinbolisten naturaren iruditeriarekin eta Miranderen Haur besoetakoa agertu arte itxaron beharko da benetako toki, jende eta egoera hiritarrak ikusten hasteko.

Hiritartasuna ez bada, beraz, oso nabarmena Txillardegiren lehen lan honetan, entziklopedia kultu baten presentzia (Umberto Ecoren zentzuan). Debussy, Shakespeare, Gide, Kafka… Arte modernoarekin harremandutako izenen presentzia ez zaio kasualitateari zor, aipamen horien kopurua da horren froga. Euskal literaturari estatus kultural berria emateko anbizioa nabari da Txillardegiren name-dropping estrategian. Euskal Herritik kanpoko artista zein idazle klasiko nahiz modernoak dira Txillaregiri interesatzen zaizkionak, ahantzi gabe Lizardi “modernoaren” aipamen bat edo beste. Honetan, Mirande edo Arestik heterodoxoengan bezala, Txillardegirengan nazionalismo jeltzalearen erreferentzia mundu zaharkitu eta folklorezalearekin etena egiteko borondatea garbiro agertzen da.

Sartreri bezala Txillardegiri ere literaturzale batzuek ez diote barkatuko anbizio filosofikoan edota frente ez literarioetan ibiltzea. Goragalea nobela tesi filosofiko baten ilustrazioa soilik zela leporatu zioten frantses idazleari; Jon Juaristik ideologiak literaturtasunari gaina hartzen diola bere obran leporatuko dio Txillardegiri. Antiguotarraren beste obra batzuk —Peru Leartzako (1960), kasurako– gehiago egokitzen zaizkio akusazio horri Leturiaren egunkari ezkutua baino. Txillardegiren opera prima den nobela honetan tresna trebatu gabeez lanean ari den idazle bat sumatzen dugu. Euskara batuaren laborategi bat da Txillardegiren eleberrigintza eta literatur teknikari dagokionean saiatzen duen ia oro inoiz euskaraz egina izan ez denez, garai bereko kasik obra guztietan aurkitzen den halako zurruntasun barkagarri bat edota dramatismoaren zein lirismoaren dosifikazio arazotsua pairatzen ditu obrak. Haatik, euskal nobelagintzan lehen aldiz agertzen den ni-aren taularatze ikusgarria proposatzen digu autoreak. Leturiaren bakarrizketa ez da ideia filosofiko batzuen papereratze hotz eta zerebrala. Aitzitik, estilo libre zeharkakoan idatziriko monologo txit teatrala dela esan daiteke. Galderak, erantzunak, ezustekoak, interjekzioak, bere buruarekiko aginterazko perpausak… Txillardegiren obra literarioan garatuz joango diren hainbat elementuren haziak landatzen dira hemen, hala nola absurdotasuna eta absolutu egarriaren arteko talka, etsipena eta engaiamenduaren artekoa. Hori guztia Gilbert Durandek diurnoa izendatuko lukeen iruditeria kontrastetsu baten bitartez adierazia.

Leturiaren egunkari ezkutuarekin euskal eleberrigintza anakronismo kronikotik ateratzen hasi zen, eta korronte literario garaikide edo ia garaikideen lorratzean igeri egiten hasi. Ez da ba, beraz, ekarpen makala.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus