Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ORMAETXEA, NIKOLAS – “ORIXE”

(Orexa, 1888 - A√Īorga, 1961)
Eneko Zuloaga

Nikolas Ormaetxea Pellejero, “Orixe” Orexako (Gipuzkoa) Iriarte baserrian jaio zen 1888ko abenduaren 6an. Hirukia izan zen, eta amak seme-alaba guztien ardura hartzeko gai ez zela eta, Rosa Ariztimu√Īo izeneko inudeak hazi zuen Huizin (Nafarroa). Hain zuzen ere, amaren “gabezia” horrek zauri sakona eragin zion bizimodu guztirako, eragin nabarmena izan zuen bere izaeran (gogorra, bortitza eta ozpintsua omen zen) eta bere obran ere baten baino gehiagotan hartu zuen Orixek gai hori hizpide.

Lehenbiziko ikasketak sorterriko ikastetxe apostolikoan egin ondoren, Jesusen Lagundian sartzea erabaki zuen, eta 1904 eta 1914 artean josulagunen zenbait ikastetxetan aritu zen ikasle: Xabierren (1904-1907), Loiolan (1907-1909), Burgosen (1909-1911) eta O√Īan (1911-1914). Ikasle izatetik irakasle izatera igaro zen, eta Comillasen eskolak eman zituen 1914tik 1917ra. Handik Carri√≥n de los Condes-era, Tuterara eta Xabierrera bidali zuten 1917 eta 1920 artean. Bada lekualdatze horiek zigor gisa jotzen dituenik; izan ere, badirudi Orixek arazoak zeuzkala jada garai hartan josulagunen nagusiekin, irakasleen ohiko egoera ikastetxe berean egotea baitzen.

Balizko arazo horiek 1920ko hamarkadan handitu egin bide ziren: 1922an, Orixe Teologiako hirugarren ikasturtea egiten ari zelarik, Lagundia uzteko eskatu baitzioten agintariek. Erabat atsekabeturik, handik urtebetera dimititu egin zuen. Orixe eta josulagunen agintarien arteko arazoen iturriak sarri eztabaidatu dira. Arrazoi ofizialak ikasleekin behar bezala ez jokatzea eta orexarrak izaera harroegia zeukala izan ziren; alabaina, badirudi egiazko arrazoiak lotuago daudela Orixeren gabetasun psikologikoari eta euskaltzaletasun biziari.

XX. mendearen hasiera-hasieratik hasi zen gipuzkoarra bere artikuluak eta lanak kaleratzen RIEV edo Jesus¬īen Biotzaren Deya argitalpenetan, esaterako. Euskaltzaindia eratu berri zela ere, bertako kide izendatu eta Azkueren laguntzaile gisa aritu zen, besteak beste, Erizkizundi Irukoitza lana egiten. 1923an Bilbora joan zen bizitzera, eta, ordutik aurrera, areagotu egin zen bere produkzioa: aipatutakoetan ez ezik, Karmel, Olerti, Yakintza edo Gernika aldizkarietan ere argitaratzen hasi zen. 1928an Ebaristo Bustintza “Kiriki√Īo”-ren lekua hartu zuen Euzkadi egunkariko “Euzkel Atala” sailean (aurretik ere idatziak zituen artikuluak bertan), eta atal horren arduradun gisa laurehun artikulu baino gehiago kaleratu zituen 20ko hamarkadaren azken urteetatik Espainiako Gerra Zibilaren hasierara arte.

Aurrekoekin batera, baina, bere literatur zaletasuna eta jakintza bidelagun, literatura nahiz literaturari buruz idazteari ekin zion. 1929an hiru lan labur baina garrantzitsu argitaratu zituen. Alde batetik, euskal literaturaren lehenbiziko historia laburtzat jo daitekeena idatzi eta argitaratu zuen Euskal Esnalea aldizkarian: Euskal-literatura’ren atze edo edesti laburra (1927). Era berean, Espainiako Tormes¬īko Itsu-mutila (1929) itzulpena (pasarte batzuk bere usteekin lerratzeko moldatu zituen) eta Santa Kruz apaiza (1929) eleberri laburra ere argitaratu zituen.

Urtebete beranduago Mistralen Mireio lanaren itzulpena burutu eta kaleratu zuen. Literaturako Nobel Saria irabazi berri zuen Mistralek proventzeraz idatzitako Mireio poema nazionalarekin, eta ordurako Jose Ariztimu√Īo “Aitzol” Euskaltzaleak elkarteko lehendakariak buruan zerabilen euskaraz ere horrelako zerbait behar zela:

Aitzol estaba imbuido en el romanticismo cultural. Hab√≠a estudiado el papel que hab√≠a desempe√Īado la literatura en la recuperaci√≥n de la conciencia nacional, la lengua y la cultura en diversas minor√≠as nacionales dentro de Europa (…) constatando que muchas de ellas hab√≠an alcanzado incluso su plena independencia pol√≠tica (…) Mireio, de F. Mistral, escrita en provenzal, y Kalevala, del finland√©s E. L√∂nnrot, ser√°n las obras escogidas como modelos (…) El poema nacional deb√≠a ser un aldabonazo que suscitara el aplauso y el reconocimiento de los pa√≠ses m√°s modernos. (Aldekoa, 2004, 131).

Bada, hain zuzen ere, ideia horri jarraiki; hots, Euskal Herriak bere poema nazionalaren bidez beste maila bat lortuko zuelakoan, Aitzolek 1931n eskatu zion Orixeri euskal poema nazionala idatz zezala. Hernaniarraren esana betez, sorterrira jo zuen Orixek, eta urte gutxiren buruan (1935) amaitu zuen Euskaldunak lana nahiz eta 1950era arte, Espainiako Gerra Zibila tarteko, ezin izan zen argitaratu.

1930eko euskal kultura eta literaturaren pizkundeko kide aktiboa izan zen Orixe, eta usu aurkitzen dira bere idatziak garaiko aldizkarietan eta egunkarietan ez ezik, baita orduko poeten liburuetako hitzaurregile legez ere (ik. Lizardiren Biotz-begietan, 1932). Aurrekoez gain, bere ekarpen poetikoa ere egin zuen Barne-muinetan (1934) olerki liburu txikiarekin (tamainaz zein luzeraz); hots, gerra aurreko euskal lirikaren gailurretako batekin (Aldekoa, 2004, 134). Liburu txikia izanagatik, berebiziko garrantzia dauka orexarraren literatur ibilbidean. Aita Estefania eragilearen hitzaurrea dauka, Lizardiri eskainita dago eta izenburuak haren Biotz-begietan (1932) gogorarazten du. Bere sasoian liburu mistiko gisa aurkeztu bazen ere, literatur kritikari guztiak ez datoz bat izendapenarekin: “Oker egin da liburu horren eta poesia mistikoaren arteko lotura, izan ere, ausaz, zehatzago litzateke poesia teologikoaz mintzatzea, edo egileak berak iradokiriko terminoa erabiliz, poesia erlijiosoaz” (Kortazar, 2003, 111).

Kortazarren hitzei jarraiki, Orixek bere baitarik, bere barne-muinetarik abiarazi zuen Jainkoaren ideia ulertzeko bidea. Aldekoarekin bat, “Para este autor, la l√≠rica m√°s elevada ser√° aqu√©lla que alcance la comprensi√≥n m√°s profunda de la esencia divina a trav√©s de las verdades de la fe y del Evangelio” (2004, 147). Aitzolek Barne-muinetan lanari buruz idatzitako testuan, gogor kritikatu zuen Orixek sentimenduak bigarren lekuan utzi izana. Dena dela, “La valoraci√≥n de Aitzol (…) hay que encuadrarla en la mutua animadversi√≥n que se profesaban el poeta y el cr√≠tico” (Aldekoa, 2004, 147).

Jakina da Espainiako Gerra Zibilak euskal kulturaren ibilbidean eten bortitza eragin zuela, eta Orixerentzat ere ondorio latzak izan zituen: 1936an atxilotu egin zuen Lizartzako medikuaren emazte Ignacia Mu√Īagorrik salatu ondoren, eta espetxean zenbait hilabete egin ondoren, Tolosan zuen arrebarenera joan zen bizitzera. Handik sorlekura lekualdatu zen, baina beste salaketa eta atxilotze-agindu baten ondorioz ihes egitea erabaki zuen. Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan egon ondoren, Ameriketara joatea erabaki zuen.

Erbestean “lasaiago” ibili zela esan daiteke, hots, inoren enkargu eta aginduei jarraikiz aritu gabe, eta horrek eragina izan zuen bere ekoizpen poetikoan, benetan idatzi nahi zuena nahierara idatzi eta kaleratu baitzuen. Molde klasikoei nahiz hizkuntza aberatsari eutsi zien, eta orduko olerkiek etengabeko bilaketa islatzen dute. Koldo Izagirreren ustez, (2000), ordukoak dira orexarraren poesia onenak.

Ameriketara joatearekin batera Urte guziko Meza Bezperak (1950) kaleratu zuen, eta Guatemalan ibili zen aldian Euzko-Gogoa aldizkariko idazkaria izan zen, Jokin Zaitegiren zuzendaritzapean. Aldizkari hartan bertan argitaratu zituen hainbat poema, eta 1934ko Barne-muinetan lanekoekin alderatuta, askoz ere lasaiago, baketsuago eta mantsoago ageri da Orixe. El Salvadorren egindako denboraldiak ere nabarmen lagundu bide zion Ormaetxeari; izan ere, nahi beste denbora eduki zuen mistika eta literatur erlijiosoa gura bezain sakon lantzeko. Ordukoa da Quito¬īn arrebarekin saiakera mistikoa, egilearen prosa-lanen artean gailurretako bat.

1950ean argitaratu zen, halaber, 30eko hamarkadan idatzitako Euskaldunak, Icharopena argitaletxeak atondutako edizio dotorean. Ordurako, alabaina, erabat gaindituta zegoen orexarraren eredu hertsiki tradizional, ideal, bukoliko eta zatikakoa. Obraren atzean oinarri erromantikoa dago (Kortazar, 2003, 109), eta egileak Euskal Herriko herri txiki bateko urtebeteko tradiziozko bizimodu idealaren (gaitza baita sinesten inoiz deskribapenetan ageri den euskal herririk egon denik) berri ematen du, objektiboki (etnografiatik aski hurbil, hurbilegi, agian) hitz neurtuz. Obrari egia-antzekotasunaz gain, sinesgarritasuna nabarmenki falta zaio eta pasarte guztiak harilkatzen dituen haria meharregia da: “el casamiento de Mikel (Eleder) y Garazi (Gerrieder) no pasa de ser un simple pretexto narrativo para ir trenzando tradiciones y costumbres” (Aldekoa, 2004, 148).

Euskaldunak lanak aldeko eta aurkako kritikak jaso zituen argitaratu eta jarraian. Batzuen ustez, euskal literaturaren eta Euskal Herriaren beraren lorpen klasiko bihurtu behar zen, baina beste batzuek zahar, bukoliko, onartezin eta sinestezintzat jo zuten. Ezin esan daiteke lanak itzal handirik eduki zuenik, eta ez zuen lortu, ezta inondik ere, hasierako asmo urrun hartara hurbiltzea ere, hain zuzen, egia-antzekotasunetik eta garai hartako kultur gizon eta idazle gazte gehienengandik urrunegi zeudelako liburuaren edukia eta kontatzeko moldea. Euskal kultura ere bestelakoa zen jada, argitalpen-molde berriak zeuden, ahots berriak, ikertzaile(-mota) berriak eta handik gutxira bide berri horiek, aurreko joerarekin hausten zutenak, nagusitu ziren, euskal literaturaren eraberritzea eraginez, euskal kulturaren pizkunde berriaren baitan.

1954an Euskal Herrira itzulita, Gipuzkoan barrena ibili zen Orixe: Tolosan, Lazkaon, Orexan eta Donostian, bederen. Erbestetik etorri eta idatzitako lehenengo liburua Jainkoaren billa (1971n argitaratua) izan zen, non ideal jainkotiarraren bilaketan jarraitu baitzuen.

Hain ibilbide luzeko idazlea izanik, hainbat eta hainbat lan idatzi dira Orexarrari buruz, eta iritziak ere, anitzak izan dira. Mitxelenak “la figura m√°s representativa de un per√≠odo de las letras vascas” deitu zuen (1960: 148), eta Sarasolak ere bide beretik jo zuen, nahiz eta beste √Īabardura bat erantsi: “Garaiko idazlerik inportanteena [izan zen], ezez ez hoberena” (1971). Aipatzekoak dira, halaber, Orixeren inguruan Joxe Azurmendik idatzitako bi saiakerak (Zer dugu Orixeren kontra? –1976– eta Zer dugu Orixeren alde? –1977–) nahiz Paulo Iztuetak azken hamarkadetan orexarrari eta orexarraren obrari buruz egindako lan eskerga.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, I√Īaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

AZURMENDI, Jose (1976): Zer dugu Orixeren kontra?. EFA. O√Īati.

________, (1977): Zer dugu Orixeren alde?. EFA. O√Īati.

IZAGIRRE, Koldo (2000): XX. mendeko poesia kaierak. Orixe. Susa. Zarautz. Interneten irakur daiteke: http://www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuak.pl?lib=kaie01.

IZTUETA, Paulo (arg.) (1991): Orixeren idazlan guztiak. Etor. Donostia. 5 liburuki.

_______, (2003a): Orixe auzitan. Utriusque Vasconiae. Donostia.

_______, (2003b): Orixe gaitzetsia. Utriusque Vasconiae. Donostia.

_______, (2003c): Orixe saiogilea. Utriusque Vasconiae. Donostia.

IZTUETA, Paulo & IZTUETA, Ibai (2006): Orixe (1888-1961). Gutunak (1917-1961). Utriusque Vasconiae. Donostia.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

SARASOLA, Ibon (1976): Euskal literaturaren historia. Lur. Zarautz.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. O√Īati.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus