Eduki publikatzailea

OharEleanitzak app-ak museoetan eleaniztasuna sustatuko du

DSS2016EUk Informatika Fakultatearekin elkarlanean garatu dute

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/13

Irudia

OharEleanitzak aplikazioak museoetako edukiak modu automatikoan eskaintzea ahalbidetzen du, testuak eta audioak mugikorrean norberak hautatutako hizkuntzan jasotzeko modua emanez. Nola? Museoan zehar kokatutako QR kodeen bidez, panel bakoitzari dagokion informazioa jasoko du erabiltzaileak, eta mugikorra audiogida pertsonalizatu bihurtuko da.

Eleaniztasuna eta hizkuntzen elkarbizitza bultzatuko dituen proiektu hau UPV/EHUko Informatika Fakultatean sortu zen eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburu proiektuaren baitan garatu da, Hirikia kaiaren barruan. Aipatu kaiak kode irekiko plataformak eta tresnak abian jartzea du helburu, herritarrei arlo digitalean askatasun gehiago emateko eta teknologia berriek gizartean duten presentzia indartzeko.
 

Gaur egun, aplikazioa Albaola Itsas Kultur Faktorian dago erabilgarri duela hainbat hilabetetik. Edonola ere, aplikazioa prest dago beste toki batzuetan ere erabiltzeko eta hori da, hain zuzen, helburua: ahal bezainbeste zabaltzea bere erabilera, eta tokian-tokian eduki eta ezaugarri propioetara moldatzea. Aplikazioa aurkeztu berri da hiriko eta lurraldeko zenbait turismo-eragileri, erabilera sustatze aldera.

Lankidetza-hitzarmena
OharEleanitzak UPV/EHUko Informatika Fakultatearen eta Donostia 2016ren arteko elkarlanaren ageriko lehen emaitza da, orain dela gutxi bi entitateek Hirikia kaia elkarrekin garatzeko sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren baitan.

Akordioa sinatzearen bidez, unibertsitateak konpromisoa hartu du jakintza sortzeko duen gaitasuna Hirikia kaiaren eskura jartzeko eta haren baitan garatuko diren proiektuetan parte hartuko duten inbestigazio-taldeak eskaintzeko. Trukean, Donostia 2016 Fundazioak ezagutza hori testuinguru kulturalean txertatzeko aukera emango du.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa