Ogi apurrak

astelehena, 2015ko abenduaren 14a

Ba al dakizu non nagoen orain?

Informatikako ikasle Ander Orbegozok kokalekua erregistratzeko eta denbora errealean partekatzeko aplikazio bat sortu du

Ander Orbegozo Igartuak (Bergara, 1993), Bilboko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Informatikaren Ingeniaritzan lizentziadunak, Live Tracking aplikazioa sortu du gradu amaierako lan gisa, hots, kokalekua erregistratu eta denbora errealean partekatzeko sakelakorako aplikazio berria. "Nire proiektuaren zuzendariak, Oscar Casquero irakasleak, bazekien mapekin lan egindakoa nintzela eta gogoko nituela; beraz, kokalekua erregistratzeko gaur egun dauden aplikazioak hobetzea proposatu zidan. Ideia horretatik sortu zen Live Tracking". Anderren gradu amaierako lanak puntuazio gorena lortu zuen: 10.

"Live Tracking –azaldu du Ander Orbegozok– aire zabaleko jarduerak (adibidez, mendian paseatzea eta bizikletan ibiltzea) atsegin dituzten pertsonentzat dago pentsatua. Aplikazio honen bidez, zure kokalekua denbora errealean erregistratzen duzu mapa batean, zure sakelakoan, eta, Whatsappen, sare sozialen edo mezu elektronikoen bidez, lagunekin eta senideekin parteka dezakezu kokaleku hori. Hartara, arazoren bat baduzu ere, zu non aurkitu jakingo dute beti. Bestalde, egiten ari zaren ibilbidea ikusi ez ezik, altitudea eta abiadura kontsulta ditzakezu grafiko batean, egindako ibilbidea gorde dezakezu aurrerago kontsultatzeko, eta GPX formatuan esporta dezakezu". Aplikazioa hiru hizkuntzatan erabil daiteke: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Live Tracking bakarra da halako aplikazioen artean. "Badaude antzeko aplikazioak, baina ez dira doakoak. Live Tracking da ezertxo ere ordaindu gabe deskarga dezakezun eta informazioa denbora errealean ematen dizun aplikazio bakarra". Aplikazioa eskuragarri dago Androiden Play Store gunean; 2.500 pertsonak baino gehiagok deskargatu dute jada (% 78k Espainian, % 4k Alemanian, % 3k Indian, % 3k AEBetan eta % 1ek Italian, besteak beste), eta 5etik 4,7 puntu eman dizkiote iritzia eman duten erabiltzaileek.

Anderrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren GipuzkoaAPPs 2015 lehiaketara aurkeztu du bere aplikazio berria. "Bada denbora proiektua lehiaketara aurkeztu nuela, baina oraindik ez dakigu nork irabazi duen". Bien bitartean, aplikazioa hobetzen eta Donostiako Informatika Fakultateko Informatika Ingeniaritzako Masterra ikasten dihardu.

 

Argazkiak: UPV/EHU
 

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es