Eduki publikatzailea

Hasi da Graduondoko eta Etengabeko Prestakuntzaren Unibertsitate Sarearen bilera

UPV/EHUk eta Deustok antolatutako biltzarrean unibertsitatearen eta enpresaren arteko harreman modu berriak aztertuko dira

Lehenengo argitaratze data: 2016/04/26

Irudia

Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Unibertsitate Sarearen (RUEPEP) aurtengo topaketa hasi da Bilbon. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Deustuko Unibertsitateak (DU) elkarrekin antolatu dute sare horren biltzarra. Sarea Espainian erreferente da goi mailako hezkuntzaren etengabeko prestakuntzaren arloan, eta helburu nagusia Espainiako unibertsitateen arteko harremana bultzatzea da, graduondoko ikasketen eta etengabeko prestakuntzaren arloan, bai ikuspegi akademikotik, bai kudeaketa espezializatuari dagokiona.

Aurtengo biltzarra apirilaren 28an eta 29an egingo da, eta datozen urteotan gure unibertsitateetan sakon landuko diren hiru arlo izango dira hizpide: prestakuntza duala, nazioartekotzea eta online prestakuntza. Hainbat saio egingo dira gai horiek aztertzeko eta eztabaidatzeko, metodologia aktibo eta interaktiboen bidez. Horrez gain, hitzaldiak eta mahai inguruak ere izango dira hizlari entzutetsuen eskutik, tartean José Antonio Marina filosofo eta idazlea.

Biltzarraren inaugurazio ofiziala gaur goizean izan da, UPV/EHUko Bizkaia Aretoko Baroja Entzunaretoan. UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Deustuko errektore José María Guibert eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitateen zuzendari nagusi Javier Alonso arduratu dira inaugurazioaz. Ondoren, Javier Echeverriak, Zientziaren Filosofian katedradunak eta UPV/EHUko Ikerbasque ikertzaileak, ¿Formación Universitaria en la nube? izeneko hitzaldia eman du.

Jarraian, 11:00etan, Nuevos espacios de colaboración Universidad – Empresa: la formación dual izeneko mahai ingurua egin da, eta honako hauek izan dira bertan: Ixaka Egurbide, IMH Makina Erremintaren Institutuko Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolako zuzendaria (UPV/EHUri atxikitako ikastegia da); Ferrán Badia, Lleidako Unibertsitateko Plangintza, Berrikuntza eta Enpresako zuzendariordea; Mercé Chacón, BANKIAko LH Dualeko zuzendaria; José Luis Larrea, Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ohorezko presidentea; eta Iñaki Torrecilla, Goratu Taldeko kontseilari delegatua.

Arratsaldean, 15:00etan, Deustuko CRAI Liburutegian Retos de la internacionalización en la formación continua y el postgrado izeneko World Café saioa egin da. Ixaka Egurbide izango da hizlaria, eta Jon Martín UPV/EHUko Arte Ederretako irakaslea arituko da marrazkigile.

Ostiralean, apirilaren 29an, 9:30ean hasiko dira jarduerak. Hasteko, La formación online en el marco de transformación digital de la Universidad izeneko mahai ingurua egingo da, eta honako hauek izango dira bertan: Antón Seoane, Salamancako Unibertsitateko ‘Grupo de Investigación en Interacción y eLearning' taldearen koordinatzaile akademikoa; Teresa Romeu, Universitat Oberta de Catalunya unibertsitateko Hezkuntzaren Psikologia eta Zientzietako irakaslea eta e-learning metodologian aditua; eta Pedro Pernías, Alacanteko Unibertsitateko Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko irakaslea eta UNIMOOC-eko Teknologia arloko koordinatzailea eta zuzendaria.

12:00etan, José Antonio Marina filosofo eta idazleak Retos del Sistema Universitario español izeneko amaiera hitzaldia emango du. Gero, UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde Nekane Balluerkak eta Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetzaren eta Etengabeko Prestakuntzaren errektoreorde Víctor Urcelayk biltzarra itxiko dute.

Agenda osatzeko, jarduera sozial eta kulturalen egitarau zabala prestatu da.

Informazio ososa: http://xvruepep-ehuud.es/