Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

asteartea, 2016ko abenduaren 27a

Material nanoegituratu egokiaz eta argiaren laguntzaz, minbiziari aurre egiteko materialak sortu dituzte

Osagai organikoak eta ez-organikoak konbinatuz, terapia fotodinamikorako nanopartikula egonkorrak sortu dituzte UPV/EHUn

Nanozientzian eta materialen kimikan murgilduta, minbiziaren aurkako ohiko tratamenduetatik urruntzen den soluzio bat proposatu du UPV/EHUko ikerketa batek. Euskarri bezala silizezko nanopartikulak erabilita, eta haiei terapia fotodinamikoa egiteko beharrezko osagaiak ainguratuta, minbizi-zeluletaraino iritsi eta haietan bakarrik eragiteko modua garatu dute. Argiaren bidez oxigeno erradiaktiboa sortuz, zelula kaltegarriak hiltzea da gakoa.

Minbiziaren kontrako tratamendu konbentzionaletan ez bezala, zeintzuetan minbizi-zelulez gain gorputzeko zelula osasuntsuak ere kaltetzen baitira, terapia fotodinamikoak ez du ia kalterik eragiten tratatu nahi ez diren eskualdeetan. Minbiziari aurre egiteko ez ezik, mikrobio-zelulak, bakterioak, onddoak eta birusak hitzeko ere erabil daiteke. Bada, UPV/EHUko Kimika Fisikoa saileko ikertzaileek horrelako terapietan erabiltzeko moduko nanopartikulak sortu dituzte, eta beste ikerketa-talde batzuekin elkarlanean ari dira nanopartikula horien ekintza in vitro behatu nahian, "minbizi-zeluletara nola iristen diren, nola hiltzen dituzten, zer eraginkortasunez, irudiak ondo ikusten diren eta abar", azaldu du Nerea Epelde kimikariak eta ikertzaile-taldeko kideak.

Epeldek eta bere kideek sintetizatu dituzten nanopartikulek zenbait osagai dituzte, guztiak ala guztiak garrantzitsuak. Batetik, euskarri gisa aritzen diren nanopartikulak berak daude, silizezko nanopartikula porotsu esferikoak, ez-organikoak, "biomedikuntzako beste aplikazio batzuetan egokiak direla frogatuta dagoelako", dio. Bestetik, nanopartikularen barruan molekula fluoreszente batzuk kapsulatu dituzte, "nanopartikulen kokapenari jarraitu ahal izateko, eta tumore-zeluletara iristen direla ziurtatzeko", zehaztu du Epeldek.

Nanopartikuletan gehitu beharreko beste osagai organiko bat fotosentsibilizatzaileak izan ziren; "nanopartikularen kanpoaldean ainguratu genituen horiek, haiek direlako terapia fotodinamikoan zelula kaltegarriak akabatzeko funtzioa dutenak. Fotosentsibilizatzailea argi-iturri batez kitzikatzen denean, aktibatu egiten da, energia-transferentziaren bidez oxigeno-espezie erreaktibo zitotoxikoa sortzen du, bereziki oxigeno singletea, eta horrek hiltzen ditu tumore-zelulak, apoptosia edo nekrosia eraginez", kontatu du.

Beste egitura eta beste material batzuk, beste aplikazio batzuetarako

Nanopartikula-formatuan ez ezik, monolito-itxurako silizezko egituretan ere kapsulatu dituzte molekula fotoaktiboak, "egoera solidoan dauden material fluoreszenteak lortzeko. Funtzio eta erabilera ugari izan ditzakete horrelako materialek. Guk batez ere Rodamina molekularekin egin dugu lan, eta ikusi dugu gure monolitoetan beste ikerketa batzuetan lortzen dituzten egoera solidoko materialek baino etekin fluoreszente hobeak lortu ditugula. Egia esan, dena den, ikerketa hau lehenengo hurbilketa bat baino ez da izan, ikerketa sakonagoa behar da materiala egonkorragoa izateko eta materialaren hauskortasuna ekiditeko, horretarako beste konposatu batzuk, beste sintesi-metodo batzuk eta abar probatu beharko lirateke".

Silizea alde batera utzita, beste mota bateko material hibridoak ere sortu dituzte UPV/EHUko ikertzaileek. Osagai ez-organiko gisa xaflaz eratutako buztin bat erabiltzea, saponita eta laponita, eta xaflen artean aztergai zuten material organikoa sartzea izan zen jarraibidea, ioi-truke bitartez. "Horrela, ordenatuta gelditzen da konposatu organikoa, eta hori oso baliagarria da argi polarizatuarekin lan egiteko, adibidez. Egoera solidoko laser sintonizagarri moduan edota bigarren harmoniko sortzaile moduan erabil liteke, besteak beste", argitu du Epeldek.

Azken batean, material hibridoak era askotakoak izan daitezke, eta erabilera ugarikoak. "Ikerketa asko egiten ari dira mundu osoan gai honetan, interes handiko arloa delako eta badagoelako zer hobetua. Egindako ikerketek zenbait ate ireki dizkigute, eta fintzen eta hobetzen jarraituko dugu", dio.

Informazio osagarria

Bere doktoretza-tesiaren barruan egin ditu Nerea Epelde Elezcanok (Bilbo, 1986) ikerketa horiek guztiak. Photoactive nanostructured hybrid materials for optical and biomedical applications izenburua izan du tesiak, eta UPV/EHU eta UPPA (Unversite de Pau et des Pays de l'Adour) unibertsitateetan egin du ikerketa, bi zentroetako jakintzak konbinatuz. Virginia Martínez Martínez (UPV/EHU) eta Sylvie Lacombe (UUPA) izan ditu tesi-zuzendarikide.

Argazkia: UPV/EHU

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es