Eduki publikatzailea

Interes biologikoko sistema baten emaitza teoriko eta esperimentalen arteko diskordantzia ebatzi dute

Chemistry - A European Journal aldizkariko azalean agertu da UPV/EHUk eta Boloniako Unibertsitateak elkarrekin egindako lan bat

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/20

Irudia

UPV/EHUko Kimika Fisikoko Sailak parte hartu duen ikerketa-lan batek argitu du interes biologiko handiko sistema eredu baten oreka tautomerikoa. Molekula-egiturak oso zehatz karakterizatu ahal izateko lantaldeak berak eraiki zuen ekipo bati esker egin ahal izan zen lana. Aurretik egindako esperimentuen eta kalkulu teorikoen emaitzak ez zetozen bat, eta ez ziren erabakigarriak; lan honek amaiera eman die sortutako eztabaidei. Chemistry - A European Journal aldizkari zientifikoaren azalerako hautatu dute ikerketa-lan hau.

Chemistry - A European Journal aldizkari zientifikoarentzat, "garrantzi handikoa" da UPV/EHUko Kimika Fisikoko Saileko Mikrouhinen Taldeak Boloniako Unibertsitateko (Italia) talde batekin lankidetzan egindako ikerketa-lana. Hain garrantzitsua iruditu zaio, ezen aldizkariko azalean agertuko baita. Emilio J. Cocinero sail horretako irakasle eta ikertzailea da, bai eta ikerketaren egileetako bat ere. Haren ustez, "eragingarria da lanean jarraitzeko, eta herri honetan kalitateko zientzia egitea, berriz, miraria da, ikerketan egiten den inbertsio txikia ikusita".

Aintzatespen hori jaso izanaren arrazoietako bat da garrantzi biologiko handiko oreka tautomeriko baten forma molekularrei dagokien problema bat ebazten duela lanak. Esaterako, DNAren kateetan agertzen da oreka hori. Oreka tautomerikoa honi deitzen zaio: talde funtzional baten kokapenak soilik bereizten dituen zenbait egituraren arteko oreka kimikoa, zeinetan atomo edo talde baten migrazioa gertatzen baita. Aztergaia 2-hidroxipiridina/2-piridona sistema eredua izan zen. Sistema horretan, hiru egitura desberdin daude formula molekular berean, eta haiek osatzen dituzten atomoen kokapena da egituren arteko desberdintasuna. "Egitura desberdinak izanik, haien funtzio biologikoak ere desberdinak izango dira", azaldu du Cocinerok.

Gure kasuan, "aldez aurreko esperimentuek emaitza eztabaidagarriak ematen zituzten, egitura desberdinak ematen baitzituzten forma nagusitzat, esperimentua egiteko eraren arabera. Kalkulu teorikoek ere ez zuten problema ebazten, emaitza desberdinak ematen baitzituzten erabilitako metodologiaren arabera; hala, ezin zen zehaztu zein zen forma nagusia biologikoki halako garrantzia duen oreka horretan", esan du Cocinerok. Nolanahi ere, haren ikerketa-lanak eman dio amaiera egoera horri.

Karakterizaziorik zehatzena

Ikerketa-lanerako, abiapuntutzat hartu zuten sistema horren oreka tautomerikoa haren ingurunearen gain dagoela neurri handi batean, bai eta haren egoeraren gain ere, hau da, solido, disoluzioan edo gas-fasean dagoen. Sistema horretan inguruneak eragin ditzakeen interferentziak saihesteko, "lehenik eta behin, molekulen egitura karakterizatu genuen, molekulak isolatuta izanik, molekula bakarra hartuz", azaldu du Cocinerok. Karakterizaziorako, "mikrouhin-espektroskopia erabili zen, gaur egun egitura-karakterizaziorako dagoen teknikarik zehatzena. Oso talde gutxik dute munduan, ez baitago halako ekipo komertzialik", gehitu du.

Gero, simulazio teorikoak egin zituzten, zenbait disolbatzaileren eragina kontuan izanik. Kalkulu horien bidez, simulazio teorikoetan sortzen zen errore sistematikoa zuzendu ahal izan zuten beren laborategiko esperimentuetan jasotako balioekin, eta zuzenketak sartu zituzten, beste sistema analogo batzuk aurreikusi ahal izateko.

Lan esperimentala egitean, sisteman kloro-molekula bat gehitu, eta egituran gehitzen zen, egiturako kokapen desberdinetan txertatuz. Honela azaldu du Cocinerok: "Kloroa sistema kimiko askotan agertzen da, eta molekularen propietateak aldatzeko modu erraz bat da. Egituretako bat indartzen du besteen aurrean, eta, beraz, modulatu egiten du naturan izango duen funtzioa. Nahi den eragina edo erantzuna lortu ahal izateko atomoak, multzoak edo kanpo-elementuak gehitzea metodologia oso erabilia da botiken diseinuan", zehaztu du ikertzaileak.

 

Argazkiak: Fernando Casabella. UPV/EHU.

Erreferentzia bibliografikoa