Eduki publikatzailea

Kontrol elektronikoa fotovoltaikoek etengabe potentzia maximoan jardun dezaten

Erradiazioa edo karga aldatuta ere eguzki-panelen potentzia-puntu maximoari eustea lortu dute UPV/EHUko ikertzaile batzuek

Lehenengo argitaratze data: 2017/03/27

Irudia

UPV/EHUko Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Kontrol Aurreratua Taldeak kontrol-sistema bat sortu du, sorgailu fotovoltaikoek potentzia-puntu maximoan lan egin dezaten beti Eguzkitik jasotzen duten erradiazio-mailara edo sisteman konektatutako kargara egokituz. Gaur egungo kontrol-sistemen bidez baino eraginkortasun handiagoz lan egin dezakete sorgailu fotovoltaikoek hala; baina, horretarako, potentzia handiagoko prozesadore eta elementuak ere behar ditu, eta, horrenbestez, garestiagoak.

Kontrolerako zenbait algoritmo eta sistema sortu, garatu eta askotariko alorretan ezarri ondoren, hala nola robotikan, makina elektrikoen motorren kontrolean eta sorgailu eolikoetan, UPV/EHUko Kontrol Aurreratua taldeak frogatu du metodoetako batek, lerratze-kontroleko eskema batek (SMC, ingelesez), emaitza onak ematen dituela, halaber, sorgailu fotovoltaikoak kontrolatzeko. "Kontrol-mota hori berritzailea eta adimenduna da, eta sendoa, inguruneko kondizioak edozein direla ere. Probak, gainera, panel fotovoltaiko komertzialetan egin ditugu, eta, hortaz, zuzenean sektorean txertatu ahal izango litzateke", azaldu du Oscar Barambonesek, taldeko ikerketa-arlo horretako arduradunak.

Barambonesen ustez, kontrol-sistema berriaren abantaila nagusia da sorgailuek gaur egun instalatuta dituztenekin alderatuta "aukera ematen dutela sorgailuek etengabe potentzia-puntu maximoan lan egiteko, eta, hala, eraginkorragoak izateko. Gaur egungo kontrol-sistemek perturbazioan eta behaketan oinarritutako algoritmoak erabiltzen dituzte, eta, horren ondorioz, sorgailu fotovoltaikoaren lan-puntua etengabe oszilatzen ari da, hau da, ez du lan-puntu optimoan lan egiten, puntu horren inguruan baizik, eta, hortaz, eraginkortasun txikiagoa dute".

Lerratze-kontrola "egokia da", Barambonesen arabera, ziurgabetasunak dituzten sistementzat, hala nola sorgailu fotovoltaikoentzat: "erradiazioa aldatu egiten da, hodeiak pasa daitezke eta abar, edo sorgailura konektatzen den karga ere desberdina izan daiteke. Kontrol-mota hori, dituen ezaugarriengatik, gai da ziurgabetasun horiek gainditu eta sorgailuaren lan-puntua une bakoitzeko kondizioetara egokitzeko, beti puntu optimoan lan egin dezan".

Berriztagarrien paradoxa

Probak panel fotovoltaiko komertzialetan egin badituzte ere, eta industrian arazorik gabe ezarri eta erabili badaiteke ere, Barambonesek aitortu du gaur egungo kontrolak baino garestiagoak direla, eta horrek "merkaturatzea zail dezakeela". Izan ere, "kostu konputazional handiagoa dute, hau da, ezin dira kostu txikiko prozesadoreetan inplementatu, eta, hortaz, kalkulu-gaitasun handiagoko prozesadoreak behar dira. Prozesadorea ere aldatzea beharrezkoa litzateke kasu askotan. Ez dugu kalkulatu horrek izango lukeen kostuaren eta kontrol-eskema berriak inplementatuta handituko litzatekeen eraginkortasun-ehunekoaren arteko aldea".

Barambonesek agerian utzi du energia berriztagarriek arlo horretan duten paradoxa: "Gerta daiteke sorgailu fotovoltaiko eraginkorragoak komeni ez izatea, baldin eta, adibidez, sorkuntza fotovoltaikoko sistema baten kontrol-eskema aldatzea panel osagarriak gehitzea baino garestiagoa izango bada; izan ere, eguzki-energia hortxe dago, eta doakoa da. Ez da gauza bera diesel-sorgailu baten eraginkortasuna handitzea, hala erregai gutxiago kontsumi baitaiteke elektrizitate-kantitate bera sortzeko, edo sorgailu fotovoltaiko baten eraginkortasuna handitzea, eguzki-erradiazioa erabiltzen baitu. Eguzki-erradiazio gutxiago erabiltzen duzu, bai; baina fotoviltaikoetan hori ez da erregai fosiletan bezain garrantzitsua".

Informazio osagarria

Ikerketa-lan hau UPV/EHUko Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako Kontrol Aurreratuko Taldearen eta Tunisiako Gabesko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren ondorioz egin da, eta Maissa Farhat Gabesko Unibertsitateko irakasleak Oscar Barambones doktorearen zuzendaritzapean, tutorekidetza-erregimenean, egindako doktore-tesiaren barnean gauzatu da.

Erreferentzia bibliografikoa