Eduki publikatzailea

Nitrogenoa amonio bidez emateak minbiziaren aurkako konposatuen sintesia handitzen du brokolian

UPV/EHU ikertzaile batek aztertu du zer propietate dituzten landareek amonio bidez elikatzean, nitratoarekin baino gutxiago hazi arren

Lehenengo argitaratze data: 2017/04/04

Daniel Marino
Litekeena da amonio bidezko elikadurak konposatu intsektiziden eta minbiziaren kontrako konposatuen kontzentrazioa handitzea brokoli-landareetan. (Nate Steiner).

Gutxiago kutsatzen duten ongarritze-estrategien bila, amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko ikerketa batean. Nitratoa baino gutxiago erabili ohi da amonioa ongarritzeetan, landareak gutxiago hazi ohi direlako. Alabaina, bi nitrogeno-iturriekin hazitako landare-eredu baten proteina-bildumak alderatzean, ikusi dute amonio bidezko elikadurak glukosinolato gehiago sintetizatzea eragiten duela. Horri esker, landareek ahalmen intsektizida handiagoa dute, eta nutrizionalki ere oso interesgarriak dira, minbiziaren kontrako substantziak ere baitira glukosinolatoak.

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko, eta nekazaritza intentsiboan, nitrogenodun konposatuak eman behar zaizkie landareei, ezinbestean. Ohiko ongarritzeak, nitratoan oinarrituak, ordea, ingurumen-arazo larriak eragiten ditu, hala nola azaleko eta lur azpiko urak kutsatzea, nitratoa lixibiatzean, eta berotegi-efektuko gasak isurtzea, lurreko mikroorganismoen eraginez, nitratoa erabili eta oxido nitrosoa aireratzen baitute, berotegi-efektu handiko gas bat.

Arazo hori arintzeko asmoz, "bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa", azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak. Talde horrek egin du ikerketa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Pedro Aparicio-Tejo doktorearekin elkarlanean.

Nolanahi ere, nitrogeno-iturri horrek badu berezitasun bat: "Landareentzat toxikoa izan daiteke, eta landareak nitratoarekin baino gutxiago haztea eragin. Landareek nitrogeno-iturri horrekiko duten tolerantzia eta sentikortasuna ikertzen dugu gure ikerketa-taldean". Gai horretan sakontzeko asmoz, landare-eredu baten, Arabidopsis thalianaren, proteoma aztertzeari ekin zioten. "Arreta inongo proteina zehatzetan jarri gabe, pentsatu genuen landareek ongarritze-mota bakoitzarekin sintetizatutako proteina-multzoen arteko desberdintasunei erreparatzea", dio Daniel Marinok.

Emaitza berberak, jateko landareetan

Elikadura-mota bakoitzarekin landarean zer proteina-mota eta zer kantitate pilatu diren aztertzean, "interes handiena piztu zigun amonio bidez elikatutako landareetan maila handiagoan pilatu zirela glukosinolatoen metabolismoarekin lotutako proteina batzuk", azpimarratu du ikertzaileak. Glukosinolatoek, oro har, bi propietate dituzte: intsektizida naturalak dira, eta haietako batek, glukorrafanina deritzonak, minbiziaren kontrako propietateak ditu.
Esperimentuak Arabidopsis thaliana landarearekin egin zituztenez, hau da, ikerketan asko erabiltzen den baina interes komertzialik ez duen landare batekin, interesgarri jo zuten "brokoli-landareekin errepikatzea esperimentua. Jateko interes handieneko brokoliaren zatia, lorea, aztertu ez bagenuen ere, ikusi genuen landare gazteen hostoetan glukorrafanina gehiago pilatzen zela nitrogeno-iturri gisa amonioa eman genienean nitratoa eman genienean baino", zehaztu du Marinok.

Emaitza horiek ikusita, ikerketa-taldeak gai hori ikertzen darrai, eta horretan interesa izan lezaketen enpresekin ere harremanetan jarri dira. Hala, erabilera komertzialera hurbiltzeko asmoz, "landa-azterketak egingo ditugu, sistema askoz konplexuagoa baita laborategia baino, besteak beste, lurreko mikroorganismo batzuek ere erabiltzen dutelako amonioa nitrogeno-iturri gisa. Halaber, esperimentu horietan, brokoliaren infloreszentziaren glukosinolato-edukiari erreparatuko diogu, hori baita gehien kontsumitzen den zatia. Bestalde, ikuspuntu oinarrizkoago batetik, jakin nahi dugu zer eragin izan dezaketen glukosinolatoek landarearen amonioarekiko tolerantzian", azaldu du.

Informazio osagarria

Daniel Marino Bilbao biologoa Ikerbasque Research Fellow gisa ari da UPV/EHUn, eta NUMAPS (Nutrition Management in Plant and Soil) ikerketa-taldeko kidea da. Carmen González Murua da taldeko zuzendaria, Zientzia eta Teknologia fakultateko Landare Biologia eta Ekologia saileko irakaslea.

Erreferentzia bibliografikoa