Eduki publikatzailea

Hasi dira 'Al romper el día' filmatzen UPV/EHUko Bizkaiko Campusean.

Filmaren ekipoa Arte Ederren Fakultateko ikasleek osatzen dute batez ere; gehienak emakumezkoak dira

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/21

Irudia
Patxi Urkijoren azken filmaren grabazioa. Argazkia: UPV/EHU.

Egun hauetan hasi dira grabatzen UPV/EHUn, Leioa-Erandio atalean, Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia Saileko Patxi Urkijo irakaslearen azken filma. Al romper el día du izenburua, eta lehenbiziko egunean zuzendariarekin hitz egin nahi izan dugu Fakultateko hainbat espezialitatetako ikasleen laguntzaz prestatu duen proiektuaz.

Arte Ederren Fakultateko I. eraikina. "Isilik!", oihu egin du Patxi Urkijok, Arte eta Teknologia Saileko irakasleak. Itziar Carrasco lotsati hurbildu da, grabazioa hartuko duen gelaren erdian jarri da, duda-mudan oraindik, eta apenas entzuten den ahotsean esan du: "13. sekuentzia, lehen hartualdia". Segundo batzuk pasatu dira, garrantzizkoena ahaztu zaio, eta Patxi Urkijo zuzendariak gogoratu dio. "Ekin!, esan du orduan Itziarrek. Filmazio batean parte hartzen duen lehenengo aldia da, eta oraindik ere urduri samar ari da zuzendaritzako laguntzaile-lanetan.

Iñigo Marín, Sandra Tejero eta Amaia Ajuria dira film honen lehenengo sekuentzian parte hartzen duten hiru aktoreak. Sandrak Martaren, Artearen Historiako irakasle baten, papera egiten du, eta Iñigok eta Amaiak, biak ere familia ezagun baten abokatuak, familiako kide batek indusketa batean aurkitutako Kolon aurreko figura baten tasazioan laguntzeko konbentzitu nahi dute.

Sandra erratu egin da hitz batean, silaba bat ahoskatzea ahaztu zaio, baina amaitu egin dute eszena. "Moztu!", esan du Itziarrek. Atrezzoko petaka bat falta da, eta norbait bila joaten den bitartean taldeak entseatzen jarraitzen du. Barre eta txantxa artean, eskarmenturik ez duten ikasleen artean dabiltzan profesionalek filmazioen jardunbideak irakasten dizkiete. Ez dute klaketarik, bigarren egunerako iritsiko omen da. Soinuaren arduradunetako batek Itziarri azaldu dio hurrengo muntaketa baterako hobe dela sekuentzien eta hartualdien zenbakiak ozenki esateaz gainera orri batean ere idaztea, bai audioan eta bai irudian jasota gera daitezen. "Bestela, edizioak lanak emango dizkizue, erotu egingo zarete, eta eskarmentuz esaten dizuet", esan die.

Iritsi da petaka, Sandra Tejerok trago bat edan behar du bertatik eszena honetan, eta berriz ere isiltasuna eskatzen dute grabatzen hasteko.  Oraingoan kanpoko pasilloan norbaitek egindako hotsa sartu da filmazioaren audioan. Hartualdia errepikatu egin beharko da.

Ustekabeak eta atzerapenak

Lanerako plana apur bat atzeratzen hasi da. Patxiren asmoa zen lehenengo jardunaldian hiru sekuentzia prest uztea eta seigarrena hastea, Komunikazio Zientzien Fakultatearen kanpoaldean auto batekin grabatu behar baita, baina matematikak ez dira beti betetzen filmazioetan. "Ondo goaz –esan du txantxetan Urkijok–, bi orduko atzerapena baino ez da".

Baina azken orduko ustekabeek luzatu egingo dute bi orduko atzerapena; izan ere, Txaber Urrestarazuren papera egiten duen Alex de la Peña, protagonistetako bat, ospitaleratu egin dute pankreatitisak jota, eta bere lekua Haritz Bengoak hartu behar izan du. Filmazioaren lehenengo eguneko sekuentzia batzuk, beraz, errepikatu egin beharko dira.

Oztopoak oztopo, Urkijoren asmoa filmazioa egun gutxi batzuetan egitea da. Grabazioa 9 egunetan amaitzea aurreikusten da, ekainaren 29rako. "Hori egiteko gai ez banaiz, zahartzen ari naizen seinale", esan du txantxetan Patxi Urkijok. Bizkaiko Campusean ez ezik, Laudion, Sukarrietan, Portugaleten, Orozkon, Arakaldoko Errekagain Hotelean eta Arrankudiagan ere grabatuko dute. 

Agertoki horietan guztietan izango da Arte Ederretako hirugarren mailako ikaslea den eta ekoizpen honetan kamera-lanak egien dituen Alazne Zaldunbide ere. "Lauhileko batean irakasle izan genuen Patxi, eta filma labur bat egin genuen, baina, egia esan, ez du zerikusirik filma honekin. Hemen parte hartzea proposatu zigunean, benetan interesgarria iruditu zitzaigun benetako filmazio batean parte hartzea eta beragandik ikastea", azaldu du. 

Eva Martín ere ikaslea eta proiektu honetako kamera da, eta ikasten ari den aldi berean lan egiten du, ezin izango da, beraz, filmazioaren egun guztietan izan. "Laudion izango naiz, hori seguru, ertzain baten estra papera egin behar baitut", azaldu du urduri. Filma hau opari bat da berarentzat ere: "Bizitzan agian ez dut filmazio batean parte hartzeko beste aukerarik izango, eta hau, beraz, filma bat egiteko eta ikasteko aukera ona da".

Ekipoa

Itziar, Alazne eta Eva lan-talde hau osatzen duten ikasleetako hiru baino ez dira, eta gehienak emakumeak dira. "Ikus-entzunezkoen espezialitatean mutilak izaten ziren denak lehen, eta tartean neskaren bat; orain, berriz, ehunekoak erabat irauli dira, eta emakume gehiago daude. Ez gara, beraz, batez ere emakumez osatutako talde bat eratzera joan, halaxe suertatu da", esan du Urkijok.

Hala ere, gizonezkoen presentzia ere esanguratsua da, bai grabazio-lanetan bai produkzio-lanetan. Berez, Arte Ederren Fakultateko Eskulturako ikasle batek, Melanio Roblesek, egin du filmaren protagonista den Kolon aurreko irudia. Hiru hilabeteko lan luzearen ondoren amaitu du beste ikasle batek, Ibai Canalesek, diseinatutako lana. Irudiak eguzki jainkoa irensten ari den jainkosa bat irudikatzen du, "elementu feminista" da, azpimarratu du Patxik atsedenaldietako batean.

Behin filmazioa eta postprodukzioa amaitu ondoren, filma areto alternatiboetan banatuko da, nahiz eta Urkijo irakaslearen asmoa den bi muntaketa paralelo egitea, horietako bat ordena kronologikoa jarraituz, filma weberako telesail moduan proposatzeko.