Ogi apurrak

osteguna, 2017ko abuztuaren 10a

Guztion lana da antibiotikoekiko erresistentzia prebenitzea

Lierni Txintxurreta medikamendu hauen erabilera arrazionalaren alde agertzen da bere GRALean

Lierni Txintxurreta (Donostia, 1994) UPV/EHUko farmaziako ikasleak GRALean aztertu du espektro zabaleko antibiotikoak zelan erabiltzen diren ospitaleetako farmazietan, bai eta zenbait bakteriok medikamendu hauekiko erresistentzia garatzeko darabiltzan mekanismoak ere. Honez gain, erresistentzia hau prebenitzeko neurriak proposatzen ditu lanean, osasunaren arloak aurrean duen erronketako bat baita, farmako hauen eraginkortasuna galtzea bailekarke etorkizunean.

"Espektro zabaleko antibiotikoen erabilera arrazionala: pazientearen segurtasuna eta erresistentzien arazoa" izeneko lana Félix Olasagasti irakasleak zuzendu du Gasteizko Farmazia Fakultateko Biokimika eta Biologia Molekularra sailekoak. Liernik oso izan du gustuko beti mikrobiologiaren arloa eta, gaurkotasun handiko gaia izanik, berori aukeratu zuen bere lanerako. "Gainera O.S.I Bidasoa ospitalean gradu amaierako praktikak egiten ari nintzenez, bertako antibiotikoen erabilera eta erresistentzia datuak lortzeko aukera edukita, aukera ezin hobea iruditu zitzaidan", azaldu du ikasleak.

Bere lanean azpimarratzen du antibiotikoekiko erresistentzia arazo larri bihurtzen ari dela osasun publikoaren arloan. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, urtero 480.000 pertsonak agertzen dute mundu osoan bakterio multirresistenteren bat, alegia, antibiotiko bat baino gehiagoren ekintzen aurrean bizirauteko mikroorganismoak.

Zenbait giza praktika antibiotikoekiko erresistentzia hau garatzen ari dira, hain zuzen ere, sarri gehiegi eta ez modu zuzenean erabiltzen baitira medikamenduok bai profesional nola pazienteen eskutik. Honez gain, esan behar da abeltzaintzaren sektorean ere asko erabiltzen direla medikamendu hauek.

Antibiotikoekiko erresistentziaren problemak berebiziko inpaktua du osasun sisteman eta ospitaleetako arretan. Pazientearen egoera izugarri larritu ahal delarik, ospitaleratze aldia ere asko luzatzen da. Tratamenduaren kostua ere gehitu egiten da diagnosirako proba gehiago egin behar direlako eta antibiotiko espezifiko eta garestiagoak erabili behar direlako.

Eta ez da hori guztia. Antibiotikoekiko erresistentziak gaixotasun batzuen itzulera eragin lezake, dagoeneko ahaztuta ditugun gaixotasunak. "Erradikatutze bidean zeuden hainbat gaixotasun berriro azaltzen ari dira eta tuberkulosia edo paludismoa bezalako gaixotasunen intzidentzia handitzen ari da erreistentzien arazoa dela eta besteak beste", dio Liernik.


Baina, ondorio guztietan larriena litzateke armarik gabe gera gaitezkeela infekzioen aurka jarduteko. Hala gertatuko balitz, praktika kliniko asko, kirurgia, organoen transplantea, diabetearen aurkako tratamenduak edo kimioterapia bera "oso arriskutsu bihur litezke antibiotiko eraginkorrik egon ezean."

Guztion eginkizuna

Lierni Txintxurretak azaldu duenez, ez zaio zaila suertatu GRALari ekitea egunekotasun handiko gaia delako, informazio asko eskaintzen duena. "Beharbada gehien kostatu zaidana ondorio argi bat lortzea izan da, arazo honen konponbidea edo alternatiba zein den planteatzea ez da lan erraza" gehitu du.
Arlo honetan, nabarmendu nahi du erresistentziaren problemari aurre egitea guztion esku dagoela, osasunaren arloko profesionalek berariaz duten arduraz harago. "Azpimarratu nahiko nuke gutako bakoitzak baduela zer egina, denok dugula zer egina eta nola jokatua. Ez dezagun beti kanpora begiratu, tantaz tanta itsasoa sor baitaiteke" dio.

Hortaz, lanean zenbait praktika on gomendatzen du osasun sistemako eragile guztiek oro aintzat har ditzaten, erresistentziaren problema prebenituko badugu. Pazienteei dagokienez, neurri hauen artean dago antibiotikoak osasun arloko profesionalek agindutakoan hartzea, ez norberaren nahietara; profesionalek agindutako aldian eta moduan hartzea; beste pertsona bati sobera geratutako antibiotikoak ez erabiltzea; tratamenduari amaitu arte eustea, nahiz sintomak desagertu; antibiotikoen hondarrak ez erabiltzea eta infekzioak prebenitzea.
Osasun profesionalei dagokienean, aholkatzen du infekzioak prebenitu behar direla eskuen, material sanitario eta lantokiaren behar bezalako higienea mantenduz; antibiotikoak behar direnean eta ez beste inoiz agindu eta informazioa parteka dezatela arlo honetan jada diren lan taldeekin.

Gainera, dio pazienteei antibiotikoak nola hartu behar diren informatzeaz gain, erresistentziaren problemari buruzko informazioa ere eman behar zaiela, bai eta antibiotikoak gaizki erabiltzeak dakartzan arriskuez ere. Lierni Txintxurretak farmaziako gradua du amaitu berri. Barneko farmazialari egoiliarra (BAFE) izateko proba prestatu nahi du orain, ospitaleko farmazian lan egin nahi duelako. Ez du baztertu etorkizunean ikerkuntza jarduteko aukera, beti erakarri duen arloa izan delako.

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es