Eduki publikatzailea

Kirol-epaile eta entrenatzaile izateko ibilbidea, oztopoz betea emakumeentzat

Estereotipoak daude emakumeek epaile eta entrenatzaile izateko aurkitzen dituzten oztopo psikosozialen atzean, UPV/EHUko ikerketa baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/01

Irudia

Emakume gutxi daude kirol-epaile eta entrenatzaileen artean, eta, batez ere, kirol-mota batzuetan, tradizioz maskulinotzat jotzen direnetan. Eta kuantitatiboki bakarrik ez, kualitatiboki ere egoera txarrean daude; adibidez, beheko mailetan aritzen dira gehien emakumeak. Goragoko mailetan aritzeko oztopo ugari aurkitzen dituzte, UPV/EHUko Psikologia Soziala eta Portaera Zientzien Metodologia Sailean egindako ikerketa baten arabera. Gizartean zabalduta dauden estereotipoak, kirol-federazioen edo kluben antolakuntzak eta emakumeen beren etsipena dira egoera horren erantzuleak, hein handienean.

"Erresistentzia handiak agertzen dira emakumeak gizartean kirol-arloan ezarrita dauden roletatik ateratzen direnean. Esate baterako, erabakiak hartzea edo kirolaz asko jakitea estereotipoen apurketa bat da, eta zer esanik ez emakume batek gizonen partida bat arbitratzea. Erresistentzia handia dago, oro har, emakumeen partaidetza onartzeko boterea dagoen lekuetan", dio Ainhoa Azurmendi UPV/EHUko Psikologia fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Haien Garapena Saileko irakasleak. Entrenatzaileen eta epaileen estamentuetan emakumeek duten presentzia aztertu du, eta gizartean gizon eta emakumeen artean berdintasunik ez egotearen beste ondorioetako bat dela ikusi du.

Erresistentziak eta emakumeen parte-hartzearen kontrako jarrerak hiru alderditan agertzen direla egiaztatu du Azurmendik. Alde batetik, ingurune sozialetik datoz: "Gizartean ezarrita dauden rol-banaketen eta estereotipoen eraginez entzuten dira ikusleak emakumezko epaileei esanez "joan zaitez etxera harrikoa egitera!", eta halakoak", azaldu du Azurmendik. Bestetik, federazioen eta kluben antolakuntzaren hainbat alderdik "oztopatu egiten dute emakumeak bertan sartzea —jarraitu du—. Gizonen arteko sare informalak nagusi dira haietan, hau da, lagun-taldeek osatzen dituzte estamentu horiek. Batzuek besteei laguntzen diete, eta hori oztopo bat izaten da emakumeak sartzeko". Azkenik, emakumeek, egoera eta oztopo horien aurrean, "beren buruarekiko konfiantza galtzen dute, eta utzi egiten diote mundu horretan sartzen ahalegintzeari. Jarrera horrek, ordea, estereotipoak konfirmatu besterik ez ditu egiten, eta emakumeek sozialki haiengandik espero dena egiten bukatzen dute".

Mundu osoko arazoa, baina konpongarria

Ondorio horietara guztietara iristeko, bi ataleko ikerketa bat egin zuen Azurmendik. Lehenik, 33 emakume entrenatzaile eta epailerekin elkarrizketa pertsonal sakonak egin zituen. Elkarrizketa horietan jasotako informazioarekin, galdetegi bat prestatu zuen, eta, bigarren atalean, EAEko, Espainiako eta Kanadako hainbat entrenatzaile eta epaileri bidali zien, gizon eta emakumezkoei, datuak kontrastatzeko. "Kontrastean Kanada ere kontuan hartzea pentsatu nuen, Kanadan urte asko daramatelako lanean berdintasunaren arloan entrenatzaile emakumezkoak sustatzen; programa asko jarri dituzte martxan horretarako", argitu du Azurmendik.

Kanadan askoz emakume gehiago daude entrenatzaileen eta epaileen estamentuetan, baina han ere desberdintasunak eta oztopoak izaten dituzte, bai soziokulturalak, bai antolaketari lotutakoak, bai pertsonalak. "Zerbait estrukturala gertatzen ari da. Leku guztietan ikusten da arazo handienak tradizioz maskulinotzat jotzen diren kiroletan aurkitzen direla. Eta epaileen eta entrenatzaileen egoerak alderatzean, ikusten da epaileak are egoera okerragoan daudela entrenatzaileak baino, epaile izateak berak gizartean duen estigmarengatik; ematen du eskubidea dugula gure frustrazio guztiak beraiei botatzeko", zehaztu du irakasleak.

Egoera txarra bada ere, Azurmendik ez du uste berez zaila denik horri buelta ematea; "borondate kontua da —dio—. Adibidez, EAEn badugu legedi-marko bat oso aproposa hori lortu ahal izateko. Beste gauza bat da, ordea, legedi hori betetzea. Pausoak emateko, gauza garrantzitsuenetako bat da erreferenteak sortzea: emakumeek estamentu horietan sartu behar dute, eta daudenak egoera onean egon daitezen ahalegindu behar da. Hala, neska gazteak entrenatzen hasten direnean, entrenatzaile eta epaileen artean emakumeak ere badaudela ikusten badute, errazagoa da atxikimendua sortu eta kirolean jarraitzea, eta epaile eta entrenatzaile izatea aukera posible bezala ikustea".

Oso lagungarria izango litzateke, bestalde, kirol-arloko jende guztia genero-berdintasunean trebatzea, berdintasun-politikak sustatzea kirol-egitura guztian, eta, bereziki kirol-entitateetan (federazio, klub eta halakoetan). "Nire ustez, gainera, asko irabaziko lukete kirol-entitateek jarrera aldatuko balute, eta, esate baterako, emakume epaile batek jasandako biraoen kontrako jarrera agertuko balute; azken batean, haien jarrerak eragina du gizartean", dio bukatzeko.

Informazio osagarria

Kirol-arloan generoaren ikuspegia txertatzen espezializatua da Ainhoa Azurmendi Echegaray (Hernani, 1978), eta entrenatzaileen eta epaileen artean oso emakume gutxi daudela jabetuta, bere doktoretza-lana arlo horretan egitea pentsatu zuen. Obstáculos psicosociales para la participación de las mujeres en el deporte como entrenadoras y árbitras (Emakumeek kirol-arloan entrenatzaile eta epaile izateko aurkitzen dituzten oztopo psikosozialak) izenburua du bere doktorego-tesiak, eta haren zuzendarikide izan dira Ana Isabel Vergara Iraeta doktorea, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko dekanoa, eta María Olga Cardeñoso Ramírez doktorea, Leioako Irakasleen Eskolako Bilakaera eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakasle titularra. Doktorego-tesia UPV/EHUko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Sailean egin zuen; gaur egun kirol-aholkularia da Avento enpresan, eta irakaslea Oinarrizko Prozesu Psikologikoak eta Haien Garapena Sailean.