Eduki publikatzailea

UPV/EHUko Danborradaren bandera igoera

Noiz eta non

Noiztik: 2017/01/20 Noiz arte: 2017/01/17, 18:00 - 11:43

Deskribapena

Ostirala, urtarrilaren 20ean, 18:00etan, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko sarreran, Donostian, UPV/EHUko Danborradaren bandera igoera egingo da. UPV/EHUko errektorea Nekane Balluerka eta campuseko errektoreordea Agustin Erkizia ekitaldiaren buru izango dira.

Bertan Francisco Javier Caballero Harriet UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko katedradunaren eta Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarearen zuzendariaren ibilbide akademikoari onespena egingo zaio. Honek Nekane Balluerka errektorearen eskutik Unibertsitateko Danborra jasoko du. Zuzenbide Fakultateko irakasle den Fernando Tapiak omenduaren ibilbide akademikoaren inguruan laudatioa egingo du.

Unibertsitateko Danborra eman ondoren, plaka bat eskainiko zaio Sugarri Fanfarreari azken 15 urteetan Unibertsitateko Danborrada konpainiari erakutsi dion leialtasunagatik.

Jarraian, Danbor Nagusiak banderaren igoera egingo du danborrek Donostiako martxa jotzen duten bitartean. Azkenik, omenduaren zuzendaritzapean Diana eta Iriyarena joko dute eta, 18:30etan, UPV/EHUko Danborrada Carlos Santamaría Zentrotik Antiguo auzoko kaleetarantz abiatuko da Tatiago jotzen.

UPV/EHUko Danborrada 15 urte darama Donostiako festa handia alaitzen. Konpainia unibertsitate kide direnek eta ohiek osatzen dute konpainia.

Francisco Javier Caballero Harriet irakaslea UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko katedraduna da, eta Zuzenbidean doktorea. Gaur egun Paris XII Unibertsitateko eta Puerto Ricoko Universidad Interamericanako irakasle gonbidatua ere bada. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktoregoen Latinoamerikako Sarea zuzentzen eta koordinatzen du, eta Latinoamerikako zortzi herrialdetako (Mexiko, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Peru, Brasil, Bolivia, Txile eta Guatemala) bederatzi unibertsitatetan eskaintzen den ‘Gizarte Demokratikoa, Estatua eta Zuzenbidea' master eta doktoregoa ere zuzentzen du. Ikerketa eta doktorego tesi ugari zuzendu ditu, eta sari akademiko asko jaso ditu hainbat unibertsitatetan. Honoris causa doktorea izendatu zuen Universidad Autónoma de Santo Domingo UASD – Primada de América unibertsitateak, eta Cuscoko San Antonio Abad Unibertsitate Nazionaleko (UNSAAC) ohorezko irakaslea da, unibertsitate horrek ematen duen sari gorena izanik. Oñatiko Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen eta Donostiako Lege Soziologiako Laborategiaren fundatzailea da, eta, besteak beste, zuzenbidearen soziologiari, neoliberalismoari eta globalizazioari buruzko lan ugari ditu argitaratuta.

Aurreko edizioetan Unibertsitateko Danborra jaso duten erakunde zein pertsonak:

2003 Ricardo Etxepare
2004 Pilar Elgoibar
2005 Lander Sarasola
2006 Paco Etxeberria
2007 Maite Erro
2008 Arantza Tapia
2009 José Luis de la Cuesta
2010 Luis María Bandrés (hil osteko)
2011 Joaquín Villa
2012 Carmen de las Cuevas
2013 Julio Grao
2014 Luismari Elizalde
2015 Bic Gipuzkoa Berrilan
2016 Sabino Ayestaran