Eduki publikatzailea

Historia goresteak gerra batean borroka egiteko borondatea piztu dezake

Egileen artean UPV/EHU izan duen ikerketa batean loturak aurkitu dituzte munduko historia interpretatzeko moduaren eta gizartearen garapen-mailaren artean

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/18

Irudia

Modernizazio-bidean dauden herrialdeek ikuspuntu positiboago batetik ulertzen dute aurrerapen historikoa. Onartzen dute aurrera egiteak kosturen ekartzea berekin, kostu hori herrialdea gerra batean sartzea bada ere. UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia sailak lankidetzan egindako ikerketa batean ateratako ideia garrantzitsuenetako bat da hori. Hortik ondoriozta daiteke nolako pisua duen historiaren narratibak hezkuntzan, historiaren irakurketa positibista egiteak arbasoak heroiak bailiran deskriba baititzake, eta indarkeria justifikatu.

Mundu osoko banakoek historiako zenbait pertsonaiari eta gertakariri buruz dituzten pertzepzioak aztertu nahian, bai eta historiaren esanahiari buruzkoak ere, Historiari buruzko Munduko Inkestan (WHS, ingelesezko siglak) parte hartu zuen UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologiako ikerketa-talde kontsolidatuak. Inkesta horretatik abiatuta egin diren askotariko ikerketetako bat izan da hau, eta historiaren esanahiari eta zentzuari buruzko sinesmenak aztertzea izan zuen oinarri. Zenbait pertsonaia eta gertaera historiko garrantzitsuren pertzepzioari buruzko inkesta egin zieten sei kontinentetako 40 herrialdetako 7.000 unibertsitate-ikasleri baino gehiagori.

Historiaren esanahiari buruzko sei sinesmen orokorri erreferentzia egiten zieten esaldi batzuk zeuden inkestan, eta haien bidez "ikertu ahal izan genuen herrialde bakoitzeko pertsonek zenbateraino egiten zuten bat edo ez haiekin", azaldu du Magdalena Bobowik UPV/EHUko talde kontsolidatuko kide eta ikerketaren egileetako batek. Aztergai izan zuten sinesmenetako bat historiaren ikuspuntu teologikoa izan zen; horren arabera, historia goragoko botereen nahiaren menpe dago. Bigarren sinesmenak, berriz, gizateriaren ibilbidearen izaera ziklikoa nabarmentzen du, eta ordena eta nahasmendua txandakatzen dituen periodo-segida bat bailitzan aurkezten du historia.

Historiaren norabidean eragina izan duten gizon eta emakume handiak ditu ardatz hirugarrenak. Laugarrenean, bestalde, gizateriaren aurrerapen gisa ikusten da historia, eta garapen zientifikoa eta teknologikoa goraipatzen dira historiaren funtsezko faktore gisa. Beste sinesmen batek gerrak kokatzen ditu aldaketaren eta historiaren bilakaeraren eragile garrantzitsu gisa. Eta, azkenik, historiaren irakurketa kritikoa edo pesimista dago, historiak inongo zentzurik ez duela, gezur hutsa dela eta ezer erakusten ez duela dioena.

Inkestan parte hartu zuten unibertsitate-ikasleek sinesmen horiekiko zuten adostasun- edo desadostasun-maila zenbatesteaz haratago, ikertzaileek loturak egin ahal izan zituzten herrialde jakinetan nagusi diren sinesmenen eta gizarte horietan sustraituta dauden balio kulturalen artean, giza garapenaren mailaren artean, bai eta gerra posible batean borrokatzeko prestasun-mailaren artean ere. Edonola ere, Bobowikek azpimarratu du emaitzak ez direla "gizartearen erabateko erakusgarri, unibertsitate-ikasleei baino ez baitzitzaien egin inkesta, metodologia-arrazoiak tarteko".

Lortutako emaitza-andanatik, Bobowiken ustez garrantzitsuenetako bat da "sinesmen deterministenak, alegia, historiaren bilakaera bestelako indarren edo legeen menpe dagoela diotenak, zeudela lotuen gerra batean borrokatzeko prest egotearekin. Horren alde agertzen direnek jotzen dute gauzak gertatu behar dutelako gertatzen direla. Oro har, sinesmen horiek mendebaldeko herrialdeetan baztertu ohi dituzte, eta hein handiagoan onartu, berriz, Asiako herrialdeetan, giza garapen txikiagokoetan eta kultura tradizionalagoak eta materialistagoak dituztenetan".

Hala ere, gerra batean borrokatzeko prestasuna testuinguru eta kultura guztietan onarpen handia izan zuen sinesmen batekin ere lotuta dago, historiaren bilakaera gizarte-aurrerapen gisa ikusten duenarekin, hain zuzen. "Ikuspuntu linealagoa da hori, eta pertsonak baikorragoak eta zailtasunekiko erresilienteagoak izatea eragiten du, gizateria aurrera egiten ari dela uste baitute. Historiaren irakurketa positibista horrek iragana goresten du hein batean, gure arbasoak heroi gisa aurkezten ditu eta indarkeria justifikatzen du", gaineratu du Bobowikek.

Kontrako muturrean daude herrialde garatuenak eta giza garapen handienekoak, kultura eta ikusmolde indibidualistagoak eta berdinzaleagoak dituztenak. Ikusi dutenez, pertsona horiek gerra batean borrokatzearen aurka daude. Kontrakoa aurkitzea espero bazuten ere, ikusi dute ontzat jotzen dituztela historiaren bilakaeran gerren edo indarkeriaren garrantzia nabarmentzen duten sinesmenak, baina "ikuspuntu kritikotik egiten dute".

Historiaren kontaera, garrantzitsua hezkuntzan

Lortutako emaitza guztiek, eta herrialde batzuetako eta besteetako parte-hartzaileen artean aurkitutako desberdintasunak ikusita, Bobowikek ondorioztatu du "iraganaren kontaerek, historia ulertzeko moduan eragiten dutenek, eragina dute, halaber, pertsonek gaur egungo gatazken aurrean duten jarreran, eta ekintza militar jakinetan parte hartzeko prest egotera eraman ditzakete".

Ondorio horiek aintzat hartu beharko lirateke "hezkuntza-sistemetan curriculumak zehazteko orduan; izan ere, askotan narratibak desberdinak dira nork kontatzen dituen. Kontuan hartu behar da historiaren irudikapenek, gure iraganaren kontaerek, eragina izan dezaketela gizarteak talde gisa duen indarkeriarako joeran. Nire ustez, iraganaren analisi kritikoa egiteko gaitasuna landu beharko litzateke ikasleengan, historia heroi eta gaizkile bidez aurkezteak ondorioak izan baititzake gaur egungo eta etorkizuneko gatazken aurrean hartuko duten jarreran", dio ikertzaileak bukatzeko

Informazio osagarria

Ikerketa hau nazioarteko proiektu handi baten zati bat izan da, zeina James Liu irakasleak (Masseyko Unibertsitatea, Zeelanda Berria) zuzendu eta koordinatu baitu. Ikerketa horretan egin zen 2012an Historiari buruzko Munduko Inkesta. UPV/EHUko Psikologia Fakultateko Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia saileko Gizarte Psikologiako ikerketa-talde kontsolidatuko zuzendari eta Psikologia Sozialeko katedradun Darío Páez-ek Liu irakaslearekin duen lankidetzari esker hartu zuen parte sailak ikerketan.

Erreferentzia bibliografikoa