Líneas de Investigación

Ikerketa Ildoak

Euskal Herriko dokumentazioari buruzko ikerketa-proiektua da: Dokumentazioa Euskal Herrian, eskainitako zerbitzuen eta erakundeen direktorioa

EHUk ofizialki onartutako eta finantzatutako proiektu honen bidez (2006/103 EHUko Ikerketa Proiektua), Euskal Herriko informazio- eta dokumentazio-azpiegiturak aztertu nahi dira eta baliabide horien ikuspegi orokorra eskaini nahi da. Horrez gain, dokumentu-funtsen eta eginiko lanaren ikuspegi zehatza eman nahi da.

Ikerketa zabala egin nahi da, hau da, deskripzioa ez ezik, gaiaren gaineko ebaluazioa eta etorkizunari begirako analisia ere egin nahi dira. Bi zatitan banatzen da. Lehenengoan, Gizarte Komunikabideen dokumentazio-zerbitzuak aztertzen dira, eta, bigarrenean, berriz, Euskal Herriko dokumentazio-zerbitzu nagusiak.  Era berean, ikerketaren laguntzaz gaia zabaldu nahi da, izan ere, informazio- eta dokumentazio-zerbitzuek Informazioaren eta Komunikazioaren Gizartea garatzeko garrantzi handia duten arren, gure inguruan aski ezezagunak dira. Horregatik, zerbitzu horien ezaugarri nagusiak jasoko dituen direktorioa egin da. Web zerbitzari batean instalatutako multimedia-gida bat da, zerbitzu horien zabalkundea eta kontsulta errazteko. 2008ko ekainaz geroztik, gida honek Euskal Herriko Komunikabideen dokumentazio-zerbitzuei buruzko informazioa jasotzen du: GidaDok - Euskal Herriko dokumentazio-zerbitzuen direktorioa. Interneteko helbidea honako hau da:  http://www.GidaDok.com.

Komunikabideen informazio dokumentalaren eskaintza: Euskal Herria, Espainian eta Europako egitasmo nagusiak

Bi urteko iraupena duen proiektu hau EHUk onartu eta finantzatzen du (06/49 EHUko Ikerketa Proiektua).

Dokumentazio-zerbitzuak eta zentroak ezinbesteko azpiegiturak dira informazio-jarduera garatzeko edozein erakundetan, baina, bereziki, komunikazio-enpresetan. Izan ere, enpresa horietan informazio-lana dokumentazioan oinarritzen da, bai atzera begirako informazioa eskuratzeko bai kalitatezko informazioa modu bizkorrean jasotzeko. Komunikabideen etengabeko digitalizazioa dela eta -lehendabizi prentsa idatzia, gero irratia eta azken urteotan telebista-, informazio hori zaindu eta une oro eskuratu daiteke. Errealitate berri honen eta Interneteko erabilera hedatzearen ondorioz, kazetarien eta dokumentalisten lan-metodoak eta formak aldatzen ari dira. Erabiltzaileek beren kabuz informazioa lortzen ikasi dute, eta horrela beren oinarrizko beharrak asetzen dituzte eta jatorrizko dokumentuak kontsultatzen dituzte euskarri digitalean. Dokumentalistaren eginkizuna murriztu egin da bitartekaritzari dagokionez eta bere lana beste arlo batzuetara bideratzen da, hala nola iturrien aukeraketa, dokumentuen azterketa, erabiltzaileen prestakuntza, kontsultarako tresnen diseinua, erabiltzaile-profilen kudeaketa eta intraneten garapena eta mantentze-lanak. Teknologia-garapenari esker, enpresek erraztasun handiagoak dituzte profesionalei eta erabiltzaile-adituei dokumentuak eta zerbitzuak eskaintzeko. Ohiko kontsumitzaileek ere; hau da, komunikabideen eguneroko erabiltzaileek erraztasun horiek jasotzen dituzte, informazio-dokumentazioa eguneroko informazioaren osagarri gisa eskuratzen baitute.

Gure ikerketak  komunikabideetan eta enpresetan dokumentazioaren bidez eginiko proposamen informatiboa eta eskainitako zerbitzuak aztertzen ditu. Horretarako, hiru egoera aurreikusten dira: barne-erabiltzaileek kontsultarako dituzten informazioak eta zerbitzuak; dokumentalisten bitartekaritzaren bidez barne-erabiltzaileek eskura dituzten zerbitzuak eta informazioa; eta, amaitzeko, kanpo-erabiltzaileei, eta oro har, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta informazioak, doanekoak nahiz ordainketa bidezkoak. Helburua da; alde batetik, egoera ezagutzea eta ebaluatzea hainbat komunikabide, geografia eta kultura gune aintzat hartuz; eta bestetik, ekarpenak egitea dokumentazioa eta kazetaritza-lana hobetzeko eta gizartearen informazio-aukerak areagotzeko.